2018(e)ko ekainaren 21(a) 13:07

Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik aire zabaleko “Ice Age Europe Now” erakusketa ibiltaria Bilbora iritsi da

Euskara eta Kulturako Saila

Europako Izotz-Aroari buruzko erakusketa Bilbora iristen da Europako zenbait hiritan izan ondoren. Ekintza hau EHU/UPVko arkeologoa den María José Iriarte doktorearen aholkularitzapean Arkeologi Museoan egingo den beste erakusketa batekin osotuko da. Museoan, halaber, beste jarduera batzuk antolatuko dira.

Ice Age Europe Now erakusketaren inaugurazioa

"Ice Age Europe Now" Bilbora iristen da eta aire zabalean instalatuko da, Bizkaiko hiriburuko Bailen kalean, uztailaren 15era arte (FEVEren geltokiaren aurrean).

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak erakusketa inauguratu du Iñaki García Caminio Arkeologi Museoko zuzendariarekin eta EHU/UPVko arkeologoa den María José Iriarte doktorearekin batera.

Diputatuak adierazi du erakusketa honek historiaurrearen ganeko ikuspegi erakargarria eta ezbardina eskaintzen deutse gure uritarrei; hain zuzen be, historiaurreko kulturen eta gizarteen eta gaur egungoen arteko parekotasunak ezarten dauz. Lorea Bilbaok hauxe gaineratu du kalera atara doguz artea, zientzia, historia eta ezaguerea. Holan, osagai horreek guztiak uritarron eskura jarriko doguz, jentearen kuriosidadea erakarteko eta Historiaurreaganako eta giza eboluzinoaganako jakinmina eragiteko. Horrezaz ganera, Arkeologi Museora hurreratzeko grinea be eragin gura dogu honegaz guztiagaz, Museo horretan gu baino lehenago izan ziran emakumeek eta gizonek lurrean itzi dabezan aztarnak oinarri daukien gure historia hau erakusten dalako.

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaira ekarriko du "Ice Age Europe" museoen eta aztarnategi arkeologikoen sareak antolatzen duen erakusketa hau; aparteko gauzen aurkikuntzen (harkaitzetako pinturak, apaingarriak, erremintak eta baita musika-tresnak ere) formatu handiko argazkiz osatuta dauden hamabost panel dira. Erakutsiko diren irudiek aukera ematen dute iraganaren eta orainaren arteko konexio harrigarriak detektatzeko, inolako dudarik gabe etorkizunari buruzko hausnarketa eragingo diguna. Izan ere erakusketa ixteko bisitatzen duten pertsonei gogorarazi egiten zaie ez garela planeta okupatu duen gizakien lehen espeziea eta, horri lotuta, ea azkena ez ote garen izango pentsatu beharko genukeela.

Erakusketa lehen aldiz mundu mailan oso ezaguna den Neanderthal Museoan inauguratu zen (Mettmann/Alemania) 2017ko apirilean. Ordutik egunera arte Krapinan egon da, Kroaziako Neanderthal Museumean eta, ostean Trenton, Zientziaren Museoan, La Bastide-Clairencen eta San Telmo Museoan, eta bertatik etorri da Bilbora.

Ice Age Europe

Ice Age Europe museoen sarearen barruan Europako Izotz-Aroaren ezagutza lantzen duten 20 zentro daude. Aro hori humanitatearen harrigarrienetakoa da eta aztarnak utzi ditu gure ondare kulturalean. Kideak diren zentro horien artean Museo batzuk daude, besteak beste Mettmanneko Neanderthal Museoa (Alemania), Flémalleko Historiaurrearena (Belgika), Solutrekoa (Frantzia) edo Burgoseko Gizakiaren Eboluzioarena (Espainia). Aldi berean, sarean toki arkeologiko oso garrantzitsu eta adierazgarriak daude, adibidez Altamira (Espainia), Fumame (Italia) edo Kents-eko (Erresuma Batua) kobak. Beste alde batetik, sareko kideak dira Isturitz eta Oxocelhaya, Ekainberri eta Santimamiñeko kobazuloak, eta baita Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoa ere.

Erakusketa, bisita gidatuak, mintegiak eta tailerrak Arkeologi Museoan

Aire zabaleko ekitaldi hori EHU/UPVko arkeologoa den María José Iriarte doktorearen aholkularitzapean Arkeologi Museoan egingo den beste erakusketa batekin osotuko da. Azken erakusketa horretan aldaketa klimatikoak eta paisaian eragin zituzten transformazioak deskubrituko dira; kontuan hartu behar dugu duela 15.000 urte kostaldearen linea haur egungoarengandik 5 km-ra zegoela; halaber, Euskal Herrian bizi zirenek horrelakoetan bilatu zituzten konponbideak ezagutuko ditugu.

Gaur egun esekita dauden hondartzen argazkiak ikus ditzakegu, Jaizkibelekoa bezalakoa, gaurko itsasertzetik 20 metrora dagoena eta argi erakusten digutenak itsasoa gaur egun imajinatu ere ezin ditugun kotara iristen zela.

Argazkiak ez ezik, erakusketatako benetako protagonistak aldaketa klimatikoen ebidentzia materialak dira. Ebidentzia horiek Museoko biltegian gordeta daude eta orain erakutsiko dira, adibidez Izotz-Aroan gure inguruan bizi ziren animalien hezurrak (elur-oreinak, errinozero beltzak, pinguinoak…); historiaren une desberdinetan natura ustiatzeko erabili ziren harrizko edo burdinazko erremintak (aizkorak, igitaiak, aitzurrak), era Historia osoan zehar lehenengoz gizakiek eraginda gertatzen ari diren planetaren jarreren aldaketen lekuko diren industria-hondakinak, geologo batzuen iritziz Lurraren Historian aro berri bat hasten ari denaren sintoma direnak: Antropozenoa.

Halaber, erakusleihoetan ikatzen, polenen, hazien edo ugaztun txikien hezurrak dituzten jalkinak erakutsiko dira, arkeologoek aldaketa klimatikoei buruzko informazioa bilatzeko indusketa arkeologikoetan aurkitu dituztenak.

Erakusketa hau irailaren 30era arte ikusi ahal izango da.

Erakusketa honen inguruko jarduerak ekainaren 21ean hasiko dira María José Iriartek (EHU/UPVko arkeologoa eta aldaketa klimatikoei lotuta dauden gaietan erakusketako aholkularia denak) zuzenduko duen bisita gidatuarekin. Ekitaldiaren barruan familientzako tailerrak egingo dira Arkeologi Museoan, uztailaren 1ean eta 8an, eta horietan txikienek euren gurasoekin aukera izango dute Izotz-Aroko aztarnategi baten indusketak egiteko. Tailerrak 11:30etatik aurrera izango dira.

Bisita gidatuak

Ekainak 27, uztailak 4 eta 11 (asteazkenak): bisita gidatuak bi erakusketetara.

Halaber, asteazkenetan, uztailaren 18tik irailaren 3era arte, Arkeologi Museoan bisita gidatuak egongo dira aldaketa klimatikoei buruzko erakusketan.

Arkeologiako X. Topaketak

Bi erakusketa horien osagarri moduan Arkeologi Museoak antolatzen dituen Arkeologiako X. Topaketak egingo dira. Jardunaldi horietan Izotz-Aroari lotuta dauden honako gai hauek aztertuko dira:

  • Irailak 19, 19:00etan. Joseba Ríos. CNIEHko ikertzailea (Burgos): "Antes de nuestra especie. Primeros pobladores de los territorios vascos".
  • Irailak 20, 19:00etan. Asier Gomez Oliviencia. Paleontologoa. EHU/UPVko Paleontologia irakaslea: "Neandertales y Cromañones, dos humanidades, dos destinos".
  • Irailak 26, 19:00etan. Mikel Agirre Ruiz de Gopegui. Arkeologoa. UNED-Bergarako Historiaurreko irakaslea: "Tattoo you: vida cotidiana y actividad simbólica en el Gravetiense de Antoliñako koba, c. 31.000 BP".
  • Irailak 27, 19etan. Alejandro Cearreta. Geologoa. EHU/UPVko Paleontologia irakaslea: "¿Bienvenido Antropoceno, una nueva era geológica en la Historia de la Tierra?".

Informazio gehiago lortzeko eta bisita gidatuetarako eta tailerretarako plaza erreserbatzeko: arkeologimuseoa@bizkaia.eus. Tfnoa.: 94 404 09 90.


Argazkiak