2018(e)ko ekainaren 11(a) 17:32

Rementeria: “Bizkaiak gizartearen, balioen eta ingurumenaren alde apustu egiten duena lehenetsiko du”

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Ahaldun nagusiak Biscay ESG Global Summit bilera inauguratzeaz batera eman du aditzera Aldundiak dagoeneko lanean diharduela inbertsio jasangarriei buruzko Europako etorkizuneko arauak foru araudian jasotzeko. Biscay ESG Global Summiten lehenengo jardunaldian Ford, Volkswagen, Pirelli eta Valeo enpresen ordezkariak izan dira, eta horien aurrean Rementeriak azpimarratu egin ditu Bizkaiak automobilgintzan duen posizioa eta sektoreari eskaintzen dizkion aukerak.

Biscay ESG global summitr

Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, Biscay ESG Global Summit bileraren bigarren edizioa inauguratu du gaur, eta berriro adierazi du Aldundiak apustu egin duela Bizkaia nazioarteko erreferente izan dadin inbertsio jasangarrietan. Ildo horretan aditzera eman du Foru Ogasunak hilabeteak daramatzala lanean, Europako Batzordeak ESGei buruz 2019an onestekoak dituen arauak foru araudian txertatzeko asmotan. Europako estrategia hori gauzatzen denerako, esan du Rementeriak, gu abiada betean izan behar gara. Horrela, Bizkaia aliatua izango da ESG inbertsio eta enpresentzat. Erantzukizunean sinesten dugu. Horregatik Bizkaiak gizartearen, balioen eta ingurumenaren alde apustu egiten duenari emango dio lehentasuna.

Biscay ESG Global Summiten lehenengo jardunaldia automobilgintzaren sektoreari eskaini zaio. Aldundiak gogorarazi duenez, sektore hori funtsezkoa da Bizkaiarentzat, tira egiten dielako bertako ekonomiari, enpleguari eta oparotasun kolektiboari. Halaber, automobilgintzako multinazional handietako arduradunen aurrean, gogora ekarri du Bizkaia automobilgintzarako aukerak dituen lurraldea dela, munduko osagai-fabrika onenetarikoa, berrikuntzan, kalitatean eta hitzean oinarritutako ekosistema. Eta oinarri nagusitzat egonkortasun politikoa eta bizi kalitatea dituena.


Argazkiak


Bideoak