2018(e)ko ekainaren 11(a) 09:59

Euskal gastronomia izango da kaleko protagonista sukaldaritzari buruzko The World´s 50 Best Restaurants ekitaldian

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Abandoibarran jarriko den fan zone gastronomikoan, umeentzako jarduerak eta sukaldaritzako zuzeneko erakustaldiak eskainiko dira, ekainaren 14tik 17ra bitartean. Jarduera-eremu horretan, bertoko produktuen sustapena egingo da; dastatze-saioak egingo dira, bai eta pintxo tradizionalak zein abangoardiako tekniken bidezko errezeta konplexuagoak ere.

Asier Aleaga, Ikerne Zulua eta Xabier Otxandiano

Tradizioa, abangoardiako sukaldaritza, klasiko berrasmatuak eta bertoko produkturik onenak elkartuko dira ekainaren 14tik 17ra bitartean, Guggenheim Museoko zabaldegian. Jarduera-eremu bat jarriko da han, herritar guztientzat, The World´s 50 Best Restaurants ekitaldia dela-eta.

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak gaur aurkeztu dute fan zone gastronomiko horretako jarduera-programa; sukalde-tailerrak, dastatze-saioak, showcookingak eta umeentzako ikuskizunak eskainiko ditu programa horrek. Animazio-espazio horretan, gastronomia eta euskal produktuak elkartuko dira, eta hiria sukaldaritzaz dinamizatuko dute, munduko sukaldaririk onenak teknikez, gastronomiako joerez eta arteaz mintzatzen diren bitartean, The World´s 50 Best Restaurants nazioarteko ekitaldiaren programa ofizialaren barruan.

Ekainaren 14an (osteguna) eta 15ean (ostirala), arratsaldez, eta ekainaren 16an (larunbata) eta 17an (igandea), egun osoan, Abandoibarrako Guggenheim Museoaren zabalgunera hurbiltzen direnek errezeta erakargarriak ikusteko aukera izango dute, besteak beste, arrautza-lorea arto-oinarriarekin, gazta kurruskaria eta bizkaitar saltsa ukitua; gainera, Bizkaiko txakolinaren, Euskal Sagardoaren eta Arabar Errioxako ardoaren sekretuak ezagutu ahal izango dituzte, adituekin batera dastatze-saioak eginez; edo, bestela, cocktail-showaz gozatu, DJ batek musika jartzen duen bitartean, itsasadarraren ondoan.

Gerard magoak eta haren elikagai-ikuskizunak harrituta utziko ditu umeak. Lurraldeko ostalaritza-eskolek jateko gogoa piztuko digute, eta sukaldaritzarako zaletasuna kutsatuko digute bertoko produkturik onenekin egindako plater-aukerarekin.

Fan zonean hainbat espazio egongo dira. Jardueretan parte hartzeko leku kopuru mugatua egongo da, eta beharrezkoa izango da izena ematea (jarduera-eremuan bertan).

Fan zone eremuan garatzen diren jarduerek balioa eman nahi diote tokiko produktuei eta Euskadiko ekoizleei, NIREA programan aldarrikatzen den gisa. Euskal gizarteak Euskadiko landa- eta itsasertz-ingurunearen garapen iraunkorrarekin duen konpromisoa sustatzea da azken horren helburua. Ekintza txikien garrantzian oinarritzen den programa bat da; izan ere, gure erabaki eta ekintza txikiek eragina dute gure ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-ereduan.

The World´s 50 Best Restaurants

Gastronomiako Oscarrak Euskalduna Jauregian banatuko dira, ekainaren 19an. Ekitaldi horrek sukaldaritzaren arloko nazioarteko chef, sukaldari, kritiko, kazetari eta influencer onenak erakarriko ditu.

Gala horrekin, amaiera emango zaio ekainaren 16an abiaraziko den jardueren agenda ofizialari, egun horretan hasiko baitira lurraldera heltzen lehenengo parte-hartzaileak. Ekainaren 17an, Basque Culinary Center-en joera eta berrikuntza gastronomikoei buruzko #50BestTalks hitzaldiak egingo dira.

Ekainaren 18an, programa ofiziala Guggenheim Bilbao Museoan hasiko da. Artea eta gastronomia izango dira museoko protagonistak, The World´s 50 Best Restaurants ekitaldia dela-eta ad hoc sortu den ekitaldi batean. Bilboren modernotasun eta eraldaketaren ikonoa da museoa, eta han egingo da Food meets Art ekitaldia. Massimo Bottura eta Alain Passard chefak sukaldaritzaren eta artearen arteko harremanaz mintzatuko dira, Joana Vasconcelos artista portugaldarrarekin eta Giulio Cappellini arkitekto italiarrarekin batera.

Gauean, Chef´s Feast edo chefen oturuntza egingo da, Atxondoko haranean. Antolatzaileek Bizkaiko landa-paisaia aukeratu dute chefei euskal gastronomiarekin eta Bizkaiko eta Euskadiko produkturik onenekin atsegin emateko.


Argazkiak


Bideoak