2018(e)ko ekainaren 11(a) 13:00

Bizkaiko Foru Aldundiak Kaixo-Agur eskuliburua aurkeztu du merkataritza eta ostalaritza sektorearen aurrean

Euskara eta Kulturako Saila

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatuak sektorean euskararen presentziaren inguruko hausnarketan izan da Euskal Museoko klaustroan.

Kaixo Agur eskuliburuaren aurkezpena

Bizkaiko Foru Aldundiak merkataritza, ostalaritza eta Lanbide Heziketa arloko ordezkariekin topaketa ospatu du Euskal Museoan, bertan, sektorean euskarak duen presentzia eta hizkuntzaren erabilera areagotzeko hausnarketa egin da. Aldi berean, sektore horietako esparru ezberdinetan euskararen presentzia handitzeko gakoak jasotzen dituen Kaixo-Agur eskuliburua aditzera eman da topaketan.

Aldundiak antolatutako topaketaren helburuetako bat izan da esparru estrategiko horietako zenbait eragileen praktika onak elkarbanatzea mahai inguru batean, orotara merkataritza, komertzio, ostalaritza eta Lanbide Heziketa arloko ia ehun ordezkarirekin partekatuz alegia. Euskararen presentzia arlo horietan areagotzeko pausoak emate aldera hausnarketa eta informazio trukaketa izan da goizean. Gainera, topaketan Kaixo-Agur eskuliburua azaldu zaie ordezkari ezberdinei, izan ere, zerbitzua ongi emateko eta euskararen erabileran pausoak emateko gida da. Besteak beste, langileari eta bezeroari nola egin harrera gordetzen du eskuliburuak, nola kudeatu hizkuntza irizpideak alegia. Jardunaldira datozen pertsonak ordezkatzen duten erakunde edo entitateetan proposamenak aztertu eta erabiltzeko moduan jarri dira eskuliburuan eta bakoitzak bere eremuan erabiltzeko proposamena luzatu dute.

Gida euskaraz, erdaraz, frantsesez eta ingelesez dago, kanpotik datozenak ere euskarara hurbildu daitezen.

Bostehun bat ale banatuko dira orotara, Merkataritza, Komertzio, Ostalaritza elkarteen artean eta alor horiek erdaraz jorratzen dituzten Lanbide Heziketako Ikastetxeetan banatuko dira. Horrez gain, eskuliburuak on-line ereduetarako loturak ere baditu eta PDF formatuan eskuratu ahal izango da BFAko publikazio ataletan eta jakinbai.eus web gunean.

Eskuliburua Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako ekimena da. Euskara Bizia batzordetik eratorritako Bizkeus ekimenetik irtendako proposamenen bilduma da eta hiru atal ditu; Langile eta Bezeroari harrera, baliabideak eta Bizkeus estrategia.

Euskararen erabilera sustatze aldera, eskuliburuaz gain mostradore gainean jartzeko euskarri batzuk ere egin dira, langilearen euskara gaitasuna bistaratzeko. Honen guztiaren helburua zera da: alde batetik, arlo ezberdinetako pertsonak eta euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi dutenak euskarara hurbiltzea eta erraztasunak ematea euskaraz aritzeko. Bestetik, euskara bistaratzea eskaparateetan, dendatan, eta arreta zuzeneko zerbitzua ematen den guneetan. Azken finean, euskararen erabilera handitzea.

Zergatik orain fokoa Ostalaritza eta merkataritzan?

Arlo estrategiko hauek ohikoak izanik herritarrentzat, bezero gehien mugitzen duten esparruak direlako eta arreta euskaraz emateak euskararen erabilera asko handitzen duelako.

Langile eta bezeroaren arteko harreman horietan garrantzia du hasierako agurrak nola egiten diren, bezeroaren hizkuntza ezagutzara ahalik eta ondoen egokituz lortzen da alegia. Honek eman dio Eskulibururi izenburua Kaixo-Agur.

Zer da Bizkeus?

Bizkeus batzordea Bizkaiko Foru Aldundiak 2016ean jarri zuen martxan, Euskara Bizia batzordeak alor Sozioekonomikoan bide berriak jorratu behar zirela pentsatuta.

Bizkeus ekimena Euskararen presentzia Lan Munduan eta Lanbide Heziketan handitzeko helburuarekin eratu zen, ekarpenak jaso eta neurri eraginkorrak proposatzeko lan taldea da. Zenbait lan topaketa egin ondoren, identifikatu ziren euskaraz lan egiteko eta zerbitzua emateko zeintzuk izango ziren lehentasunezko arlo estrategikoak eta eraginkorrenak euskaraen erabilera handitzeko: Ostalaritza, merkataritza, komertzioa osasungintza, gizarte-arreta eta kultur zerbitzua.