2018(e)ko maiatzaren 29(a) 13:13

Rementeriak Bizkaia Sariak eman ditu, lurralde hobeagoren alde lan egin dutenak aitortzeko

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Lehenengo andereñoek, Ekonomia Ituna defendatu zuten abokatuek eta Mr Pentland Peñak egindako lana eskertu dute Bizkaia sariek. Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, sarituetako bakoitzak, bere esparru berezitik eta hobetzen jarraitzeko ilusioz beterik, Bizkaia gaur egun den lurralde bilakarazten lagundu du.

Sarituen argazkia

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaia Sariak eman ditu, zenbait arlotan nabarmendu diren pertsonen eta erakundeen lana aintzatesten duten sariak, alegia. Aurtengo edizioari dagokionez, ondoko hauek izan dira sarituak: lehenik, euskal erakundeen alde Ekonomia Ituna defendatu zuten eta Ituna Europako legerian sartu eta hari itzal juridikoa eskaintze aldera lan egin zuten abokatuen taldea; bigarrenik, lehenengo andereñoak, euskararen  irakaskuntza sustatzen eta normalizatzen egin zuten lanagatik; eta hirugarrenik, Mr Pentland Peña, Londresen duen egoitzatik Athletic Club taldearen eta Bizkaiaren baloreak hedarazte aldera egiten duten lanagatik.

Sariak emateko ekitaldia Foru Jauregian egin zen. Ekitaldi horretan, Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak saria jaso duten hiru kolektiboon lana eskertu du Aldundiaren eta Bizkaiko gizarte osoaren izenean, denok Bizkaikoak izatearen harrotasuna goraipatuz. Saritu bakoitzari dagokionez, adierazi du Foru Aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoek Ekonomia Ituna historian izan duen mehatxurik handienaren aurrean defendatu zutela, eta hainbestez, Bizkaia Sari honek Bizkaiko Lurralde Historikoaren foraltasunaren, ezberdintasunaren eta berezitasunaren alde egindako defentsa hori aintzatetsi nahi duela. Lehenengo andereñoei dagokienez, Rementeriak adierazi du andereño horiek gabe ez litzatekeela ulertuko egungo hezkuntza-sistemaren bilakaera. Mr Pentland Peñari doakionez, Bizkaiak Londresen duen enbaxada txiki bat dela esan du Ahaldun Nagusiak, eta eskerrak eman dizkio Peña horri, Ingalaterraren bihotzean Bizkaiaz hitz egiten duten harrotasunagatik.


Argazkiak


Bideoak


Audioak