2018(e)ko maiatzaren 16(a) 08:30

Bizkaian apirilera arteko zerga-bilketa 2.788,7 milioi eurokoa izan da

Ogasuna eta Finantzetako Saila

2017ko datuekin alderatuta, % 7,1 igo da. Apirilean foru aldundien arteko lehenengo doikuntza gauzatu da. Bertan, Bizkaiak 291,8 milioi euro ordaindu dizkie Araba eta Gipuzkoari.

Apirilera arte, tributu itunduen bidez 2.788,7 milioi euro bildu dira. Hala, aurtengo lehenengo lau hilabeteetan, 2017ko aldi berean baino 183,8 milioi euro gehiago bildu ditu Bizkaiko Foru Ogasunak, hots, % 7,1 gehiago.

Hilabete honetako zerga-bilketan kontabilizatuta dago jadanik beste foru aldundiekin gauzatutako lehenengo doikuntza, non Bizkaiak 209,9 milioi eta 81,8 milioi euro ordaindu dizkien Gipuzkoa eta Arabari, hurrenez hurren. Bizkaiak 2017ko apirilean baino 23,0 milioi euro gehiago ordaindu dizkie gainontzeko lurraldeei, hau da, % 8,6 gehiago.

Bildutako guztizkotik, 1.363,1 milioi euro zuzeneko zergapetzeari dagozkio, % 10ean hazi dena, hots, 2017an baino 124,1 milioi euro gehiago. Zuzeneko zergapetzearen kontzeptu nagusien artean, PFEZa (1.211,5 milioi euro) % 5,7 hazi da eta Sozietateen gaineko Zerga (136,3 milioi euro) % 34 hazi da.

Zeharkako zergen bidez 1.276,8 milioi euro bildu dira. Horrela, % 6,6 hazi da (+ 78,5 milioi) 2017ko apirileko datuaren aldean. Zeharkako zergapetzearen kontzeptu nagusien artean, norberak kudeatutako BEZaren bidez 1.073,8 milioi euro bildu dira (% 8,3 gehiago) eta zerga berezien bidez 439,4 milioi euro bildu dira.  Zenbateko horietatik gainontzeko foru aldundiekin egindako doikuntzen emaitzak deskontatu behar dira. Horietan, Bizkaiak 158,3 milioi euro ordaindu ditu BEZagatik eta 133,5 milioi euro zerga bereziengatik.

Tasen eta bestelako diru-sarreren bidez 21,6 milioi euro bildu dira, 2017an aldi berean jasotakoa baino 4,8 milioi gutxiago. Hala, kudeaketa propioko itundutako zergen bidez egindako zerga-bilketaren guztizkoa 2.661,5 eurokoa izan da.

Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, Bizkaiak 215,7 milioi euro jaso ditu BEZaren doikuntzaren bidez eta 88,5 milioi euro ordaindu ditu zerga berezien doikuntzaren ondorioz.

Modu horretan, apirilean 2.788,7 milioi euro bildu dira. Kopuru horrekin, lehenengo lauhilekoan, 2018ko ekitaldirako zergen bidez egingo diren sarreren aurrekontuaren % 37,6 gauzatu da.