2018(e)ko maiatzaren 14(a) 11:57

Bizkaiko hogeita hamazortzi museotan jarduera ugari eta doako sarrerak eskainiko dira Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko

Euskara eta Kulturako Saila

Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbao andreak Museoen Nazioarteko Eguna, maiatzaren 18a, dela eta antolatutako programazioa aurkeztu du, Bizkaiko museoetako hogei bat arduradunekin batera. “Museo hiperkonektatuak: ikuspegi berriak, bisitari berriak” lelopean ospatuko da eta 50 jarduera inguru egingo dira Bizkaiko 23 udalerritako ekipamenduetan.

Lorea Bilbao Bizkaiko museoetako ordezkariekin

Athletic Club Museoa izan da aurtengo Museoen Nazioarteko Egunaren programazioa (maiatzaren 18a) aurkezteko agertokia. Aurten Bizkaiko hogeita hamazortzi museok egiten dute bat ekimenarekin.

Gaur goizeko ekitaldian, Lorea Bilbao diputatua buru dela, Bizkaiko hogei bat museoren ordezkariak izan dira. Gehienek museoa doan bisitatzeko aukera emango dute egun horretan. Aurten "Museo hiperkonektatuak: ikuspegi berriak, bisitari berriak" lelopean ospatuko da eguna; berrogeita hamar jarduera inguru egingo dira Bizkaiko 23 udalerritako museoetan.

Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbao andreak esan duenez, Museoen Nazioarteko Egunaren ospakizunetan ariko diren museoek argi erakusten dute Bizkaian denetariko museoak daudela. Bakoitzak zerbait berezia du, desberdina, berariazkoa. Eta gaineratu du: Denen artean gure lurraldearen eta gure nortasunaren funtsezko ezagutza eskaintzen dute. Aurten ere, ohi bezala, Bizkaiko museo handiek, txikiek eta denetariko gaiak lantzen dituztenek bat egingo dute Museoen Nazioarteko Eguna, eta horretarako sarrera erraztuko dute. Hain zuzen ere, ia museo guztiek doan sartzen utziko dute, eta horrez gainera jarduera bereziak antolatuko dituzte ospakizuna indartzeko.

Lorea Bilbaoren esanetan: aurrean ditugun erronketako bat da herritarrengana heltzen jarraitzea, hau da, bisitari berriak erakartzea, museoak ez daitezen bakan batzuen bilgune, baizik eta denetariko herritar askoren gozagarri. Hori lortuko badugu, lanean jarraitu behar dugu museoak eta barnean dauden altxorrak plazaratzeko modu berriak asmatzeko, kultura eta herritarren arteko lotura ezartzeko modua da eta.

Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu diren jarduerak maiatzaren 18an eta asteburu horretan, maiatzaren 19an eta 20an, egingo dira. Ekitaldiek ia Bizkai osoa hartuko sute, Bizkaiko hogeita hiru udalerritako ekipamenduetan egingo baitira.

Bizkaiko museoen eskaintza bereziak

Beste ekitaldi askoren artean, Enkarterriko Museoak maiatzaren 19an (zapatua) bisita gidatu batean Lope García de Salazar (Muskiz 1399-Portugalete 1476) ahaide nagusi eta bandokidearen ustezko hezur-hondarrak ikusteko aukera eskainiko du; bisitan, gainera, jauntxoaren bizitzako gertaera nagusiak azalduko dira eta berarekin lotutako pieza batzuk aztertu ahal izango dira. Gorpuzkiak 1948an aurkitu ziren gaur egun desagertuta dagoen Muskizko San Martin baselizan, hots, Salazar-Muñatonestarrak mendez mende ehortzi ohi zituzten lekuan.

Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak proposatzen dute bi museoak argazkien bidez "hiperkonektatzea". Herritarrei eskatzen diete bi museoak bisitatzeko, beren ustez konektatuta dauden bi pieza hautatzeko, bat museo bakoitzean, eta argazkiak egiteko. Konexio-arrazoia norberak erabaki behar du: tankera izan daiteke, edo gaia, edo nork bere iritziz antzematen duen beste zerbait. Argazkiak Instagramen ipini behar dira, #obrashiperkonektadas traolan, eta bien arteko loturaren azalpentxoa erantsi. Parte hartzen duten pertsona guztien artean bi museoen produktuen sorta bat zozkatuko da, eta horrekin batera Bilbao Bizkaia Museoak, S.L.ren adiskide-txartela ere bai; txartel horri esker bi museoak nahi adina aldiz bisitatu ahal izango dira urtebetean.

Euskal Museoak eta Berreginen Museoak bezala Durangoko Arte eta Historia Museoak eta Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak ere herritarrak eta museoak sare sozialen bidez konektatzearen alde egiten dute. Hain zuzen ere, Durangoko museoak proposatzen digu museoaren zein bertako obren argazkiak jartzea Instagramen, #arteahistoriamuseoa traolan, eta argazki guztien artean liburu-sorta bat zozkatuko dute. Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoak bi jarduera proposatzen ditu astebururako: larunbatean, 12:00tik 14:00ak arte, museoko piezen argazkiak egin ahal izango dira (bagonetak, pikatxoiak, palak, kaskoak, makinak, kartelak…) eta hautatzen direnak sare sozialetan ezarriko dira #ehmeatzaritzarenmuseoa traolan. Domekan, 13:00etik 14:00ak arte, bisita gidatuetan (lehena 11:30etan eta bigarrena 12:00etan) izan diren pertsonen iritziak grabatuko dira eta gero Facebook-en jarriko dira.

La Encartada Fabrika-Museoak behinolako VALCA enpresari buruzko hitzaldia antolatu du: Javier González de Duranak emango du, gaur egun museoan dagoen erakusketaren komisarioak, maiatzaren 17an (osteguna), arratsaldeko 19:00etan, Balmasedako Kultur Etxean. Erakusketak eta hitzaldiak aukera emango dute iraganaren eta orainaren arteko lotura ezartzeko: bi enpresak goren mailakoak izan ziren behinola, eta talentu asko eta ekimen handia behar izan ziren biak ere biak sortzeko.

Gernikan bi museok antolatuko dituzte jarduerak Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Batetik, Gernikako Bakearen Museoak familientzako jarduera batzuk antolatu ditu astebururako. Bestetik, Euskal Herria Museoak ingurunera jo du eta "Museoko lorategian barna" izeneko bisita gidatua antolatu du. Bistariek museoaren inguruko zuhaitzak ezagutuko dituzte biologo baten eskutik.

Gogoan eduki behar da Euskal Herria Museoak Museoen Gaua ere egingo duela, ohi bezala. Hori antolatzen duen Bizkaiko museo bakarra da. Urtero legez, hitzaldia egongo da hemengo janari bati buruz eta gero dastatu egingo da. Oraingoan hauxe izango da hitzaldiaren izenburua: "Eko, bio eta Km 0 janariak". Hitzaldian egon nahi dutenek izena eman behar dute aurrez, eta 8 € ordaindu beharko dituzte.

Aurreko urteetan bezala Bakioko Txakolinguneak ardo-dastaketa antolatu du; aurten arduraduna Elena Uriguen sommelierra izango da. Dastaketan izan nahi dutenek izena eman behar dute aurrez, eta 6 € ordaindu beharko dituzte.

Leioako Medikuntza Historiaren Euskal Museoak bisita-solasaldia antolatu du bertako zuzendari Anton Erkorekaren eskutik, gai honetaz: "Zientzia museokarekin hiperkonektatuta edo museoa zientziarekin hiperkonektatuta". Prestakin biologikoen aretoa bisitatuko dute eta azalduko zaie nola museoan gordetzen diren organoei esker birusak berregin edo identifikatu ahal izan diren (H1N1 edo VIH, esaterako).

Bilbon, Arkeologi Museoak ostiraletik igandera arteko jarduerak antolatu ditu (maiatzaren 18tik 20ra arte). Astiz ibiltzeko moduan ez daudenek 30 minutuko bisita azkarra egin ahal izango dute; batzuetan erakusketa orokorra ikusiko da eta beste batzuetan biltegiak. Familientzako tailerrak ere egongo dira; hainbat erakustaldi egingo dira Izotz Aroan bizirik irauteko zer egin behar zen ikasteko: harriak zizelkatu mundua aldatzeko, animaliak ehizatu elikatzeko, sua piztu elkarrekin komunikatzeko eta transzenditzeko. Horiei esker bisitariak Historiako aldi horrekin hiperkonektatuko dira. Azkenik, bi bisita gidatu antolatu dira museoko hileko pieza ezagutzeko: Sestaon aurkitutako karlistaldietako jaurtigaia.

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak Antonio Ranieri italiar eskultorearen eta Francisco Javier Martín EHUko katedradunaren arteko solasaldia antolatu du museoan dagoen "Itsaslamia" izeneko obraren inguruan eta eskultura-teknikei buruz. Ekitaldia amaitzeko poesia-emanaldia egongo da Iñaki Urrutiaren eskutik. Gainera, edukiontzietako ariketa artistikoen lehiaketako garailea izan den proiektua aurkeztuko dute; aurtengoa laugarren edizioa izan da. Azkenik, bisita gidatuak egin ahal izango dira ERAIN erriberako arotzeria-lantegira.

Athletic Club Museoak, Guggenheim Bilbao Museoak eta Bilboko Arte Ederren Museoak doan sartzen utziko dute. Gainera, Athletic Club Museoak doako bisita gidatuak antolatu ditu zelaia ezagutzeko, Guggenheim Bilbao Museoak doako bisita azkarrak eskainiko ditu, eta Bilboko Arte Ederren Museoak doako audiogidak emango ditu (baliagarri dauden artean).

Ostiralean, hilaren 18an, Bilboko museo hauetan ere doan izango da sarrera: Eleiz Museoa, Aste Santuko Pasoen Museoa, Bilboko Zezen Museoa eta Euskararen Etxea.

Honako hauetan doako bisita gidatuak egongo dira: Simón Bolívar Museoa, Agurtza Arrantza Interpretazio Zentroa, Rialia, Dolomitas Antzinako Lantegi Museoa eta Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa.

Laburbilduz, bisitariek berrogeita hamar bat jarduera edukiko dituzte Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Programazio osoa eskura daiteke web orri honetan: www.bizkaikoa.bizkaia.eus

Museoen Nazioarteko Eguna - 2018

"Museo hiperkonektatuak: ikuspegi berriak, bisitari berriak" da Museoen Nazioarteko Egunaren 2018ko edizioaren leloa; 2018ko maiatzaren 18an ospatuko da.

"Museo hiperkonektatuak: ikuspegi berriak, bisitari berriak" leloaren abiaburua da gaur egun mundua geroz eta konektatuago dagoela eta ezin uler daitekeela museoen egitekoa beren arteko konexio guztiak kontuan eduki gabe. Museoak ezarrita dauden komunitateko berezko osagaiak dira, bertako paisaia eta ingurune kulturaleko atalak. Teknologiari esker, nahikoa da traola xume bat museoen ohiko bisitarien eremua erabat hedatu ahal izateko. Eta museo batzuek teknologia beharrik ere ez dute konexio berriak sortzeko: aski dute bildumak beste modu batean, eraberrituta, aurkeztea bisitari berriak erakartzeko.

Museoen Nazioarteko Eguna - 2018 ekitaldia aukera ezin hobea da munduko museoek ikuspegi eta bisitari berriak aurkitzeko analisiaren, ahaleginen eta konexio-sorkuntzaren bidez.

Nazioarteko ICOMek gonbidapena luzatzen die denetariko museo guztiei ospakizun honetan parte hartzera.

Parte hartuko duten museoak

Aurtengo edizioan Bizkaiko hogeita hiru udalerritako hogeita hamazortzi museok egin dute bat ospakizunarekin: Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa, Eleiz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Nazionalismoaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Aste Santuko Pausoen Museoa, Bilboko Zezenketa Museoa eta Euskararen Etxea; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena), Txakolingunea (Bakio), La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda), Balmasedako Pasio Bizidunaren Interpretazio Zentroa, Hiribilduko Historiaren Museoa (Balmaseda), Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa (Berango), Margarita María Berriztik Mundura Museoa (Berriz), Arrantzaleen Museoa (Bermeo), Arte eta Historia Museoa (Durango), San Balentinen Museoa (Elorrio), Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo), Gernikako Bakearen Museoaren Fundazioa, Bizkaia Zubia (Getxo), Dolomitas Antzinako Lantegiaren Museoa (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi), Medikuntza Historiaren Euskal Museoa (Leioa), "Andrés de Urdaneta" Historia Naturalaren Museoa (Loiu), Hontza Museoa (Mañaria), El Pobaleko Burdinola (Muskiz), Orozkoko Museoa, Plasentia de Butrón Museoa (Plentzia), Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete), Santurtzi Itsasoa Museoa, Agurtza Arrantza Interpretatzeko Zentroa (Santurtzi), Enkarterriko Museoa (Sopuerta) eta Simón Bolivar Museoa.


Argazkiak


Bideoak


Audioak