2018(e)ko apirilaren 16(a) 11:15

Atxurra kobazuloa Euskadin grabatu gehien dituen aztarnategia da, eta 113 irudikapen ditu

Euskara eta Kulturako Saila

Berriatuan dagoen historiaurreko santutegi hau bereziki esanguratsua da, haitzuloan ugari daudelako irudikatuta eta giza jarduera egon zela egiaztatzen duten beste froga batzuk daudelako han, hala nola silexeko zulakaitz bat, silexeko xafla batzuk eta hareharrizko lanpara bat. Pieza horiek Arkeologi Museoan izango dira ikusgai hilabete honetan zehar, apirilaren 17tik 29ra bitartean, “Museoa piezaz pieza” programaren baitan. J.M. Barandiaranek XX. mendearen lehenengo erdialdean aztertu zituen kobazulo eta bestelako aztarnategi arkeologikoen berrazterketaren inguruko programaren barruan Diego Garate arkeologoak zuzendu duen proiektu zientifikoa finantzatu du Bizkaiko Foru Aldundiak.

Jon Arriola, Lorea Bilbao eta Diego Garate

Euskara eta Kulturako diputatu Lorea Bilbaok eta Diego Garate arkeologoak Bilboko Arkeologi Museoan aurkeztu dute Berriatuako Atxurra kobazuloaren baitan burutzen ari diren ikerketa lanen emaitza.

Atxurra historiaurreko santutegia 2015eko irailaren 25ean aurkitu zuten Diego Garate arkeologoak eta Iñaki Intxaurbe espeleologoak, Garatek 2014tik zuzendutako indusketa arkeologikoko proiektuaren baitan.

Bizkaiko haitzulo eta bestelako aztarnategi arkeologikoen berrazterketaren inguruko programaren barruan, Bizkaiko Foru Aldundiak Diego Garate arkeologoa gonbidatu zuen 2014an Atxurrako kobazuloaren ikerketa integralarekin jarraitu zezan. Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatu eta finantzatu dituen zenbait indusketa eta azterketa kanpainen ostean, Atxurrako ondare arkeologiko eta artistikoaren ikerketarako diziplinarteko proiektuaren emaitzen zati bat aurreratu da.

Santutegia bereziki esanguratsua da, haitzuloan motibo ugari daudelako irudikatuta eta apaindutako espazioetan giza jarduera egon zela egiaztatzen duten beste froga batzuk daudelako.

Hona hemen Atxurra kobazuloko (Berriatua) horma arte paleolitikoa aztertzeko Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundutako lehenengo bi ikerketa kanpainen emaitzak:

Teknologia berrien aplikazioa (irudien tratamendua, fotogrametria, topografia 3D, etab.) oinarri hartuta horma arte paleolitikoa aztertzeko eta dokumentatzeko lanei esker, orain arte, 113 animalia irudikapen aurkitu dira kobazuloan. Funtsean, bisonteak eta zaldiak ageri dira eta, hein askoz txikiagoan, ahuntzak, uroak, oreinak eta abar. Hortaz, Euskal Herrian irudikapen gehien dituen santutegi paleolitikoa da.

Lorea Bilbaok zera azpimarratu du Atxurran apaindutako panelei lotutako froga arkeologikoak aztertu, erregistratu eta industearen ondorioz, gizarte paleolitikoen prozesu artistikoari buruzko informazio paregabea lortu da. Alde batetik, berreskuratutako bi dozena silexeko pieza mikroskopioz aztertzearen ondorioz, artistek beren artelanak sortzeko zer lanabes erabili zituzten jakin dugu: nondik atera zituzten lehengaiak, nola sortu zituzten lanabesak eta nola aplikatu zituzten horik hormen kontra.

Bestalde, kobazuloan bostehun ikatz hondakin aurkitu dira eta laborategian aztertu dira. Horri esker jakin da zer argiztapen baliatu zuten artistek kobazuloan sartzeko, artelanak egiteko eta, nola ez, horiei behatzeko. Horri dagokionez, "zaldien plataforman" 4 argiztapen-gune aurkitu dira, ipuruzko eta haritzezko errekuntza sutegiz osatutakoak. "Bisonteen aretoan", berriz, lanpara mugikor bat aurkitu da, hareharrizko ertza duena eta aldeetako bat hustua duena erregaia han jartzeko. Halaber, apaindutako aretoetan ikatz hondakin ugari aurkitu dira sakabanatuta, eta horiek adierazten dute zurezko zuziak ere erabili zituztela argiztatzeko baliabide mugikor gisa. Hau da, artea sortu eta artelanei behatzeari lotutako hiru argiztapen sistema identifikatu dira gutxienez, eta horiei kobazuloan sakabanatutako ikatza gehitu behar zaie.

Aurkitutakoari erreparatuta, aurkikuntza aparta da Atxurra, arte galeria eta artista lantegia baita aldi berean; izan ere, azken obrak daude han, bai eta pertsonek kobazuloetara sartu eta horiek dekoratzeko erabili behar izan zituzten lanabesak ere.

In situ lan egingo den beste bi urteetan, azaldutako puntuetan aurrera egin eta sakondu ahalko da. Horrez gain, datazio erradiokarbonikoei esker, Atxurra santutegi paleolitikoaren dekorazioari lotutako kronologia zehatza ezarri ahalko da.

Atxurra proiektua

Diego Garatek zuzendutako talde zientifikoa lur azpia ezagutzeko hainbat alorretan (arkeologia, geologia, topografia, argazkilaritza, espeleologia eta abar) espezialistak diren hogei bat lagunek osatzen dute, eta kobazulo barneko ebidentzia arkeologiko guztiak topatu, dokumentatu eta aztertzea du xede.

Proiektuak guztira bost urte iraungo du (2016-2020), eta bertatik bertara egindako lau kanpaina sartzen ditu barnean dokumentazio lana in situ egiteko, bai eta kabineteko beste azken kanpaina bat ere memoria eta azken monografia idazteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Kobie aldizkariko BAI sailean argitaratuko dena.

Arkeologi Museoan erakusgai jarritako materialak

Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologi Museoan hilero antolatzen duen "Museoa piezaz pieza" programaren barnean, kobazuloan duela 14.000 urte sartutako pertsonek Atxurrako hormetan grabatuak egiteko eta barrutia argitzeko behar izan zituzten tresnak ikusi ahalko dira.

Arkeologi Museora hurbilduko diren pertsonek silexeko zulakaitz bat, bost xafla eta hareharrizko lanpara bat bertatik bertara ikusi ahalko dituzte apirilean, hilaren 17tik 29ra, museoaren ohiko ordutegian (asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta igandetan, 10:30etik 14:00etara).


Argazkiak


Bideoak


Audioak