2018(e)ko martxoaren 14(a) 12:30

Foru Aldundiek eta Nafarroako Gobernuak bere konpromisoa berresten dute Eusko Ikaskuntzarekiko bere Mendeurrenean

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Erakunde adierazpena irakurri eta sinatu dute lau instituzio fundatzaileetako ordezkariek: Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiek -Unai Rementeria, Ramiro González eta Markel Olanok-, eta Nafarroako Gobernuko Hiritar eta Erakundeen arteko Harremanetarako Kontseilari Ana Ollok. Rementeriak azpimarratu du “Eusko Ikaskuntzak jakin dau aldaketen parte izaten eta baloreak galdu barik egin dau gainera. Pentsamendurako tokiak aurkituaz, azterketa eta ikerketa bultzatuz eta ezaguerea sortuz. Asmo barritzailea daukien pertsona ezberdinen bateragune izan da ehun urtetan eta eredu hori gaur inoiz baino biziagoa da“.

Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrenaren inaugurazio ekitaldia

Eusko Ikaskuntzaren Mendeurrenaren inaugurazio ekitaldia izan da gaur goizean Bizkaiko Foru Aldundiaren Jauregian, Bilbon.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak harrera egin die agintariei eta Eusko Ikaskuntzaren lana balioan jarri du zera azpimarratuz Eusko Ikaskuntzak jakin dau aldaketen parte izaten eta baloreak galdu barik egin dau gainera. Pentsamendurako tokiak aurkituaz, azterketa eta ikerketa bultzatuz eta ezaguerea sortuz. Asmo barritzailea daukien pertsona ezberdinen bateragune izan da ehun urtetan eta eredu hori gaur inoiz baino biziagoa da. Rementeriak gaineratu du Herri eta gizarte honek Eusko Ikaskuntza orduan bezain beharrezkoa dauala.

Erakunde adierazpena irakurri dute lau instituzio fundatzaileetako ordezkariek: Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusiek -Unai Rementeria, Ramiro González eta Markel Olanok-, eta Nafarroako Gobernuko Hiritar eta Erakundeen arteko Harremanetarako Kontseilari Ana Ollok.

Irakurritako agirian gogoratzen da Eusko Ikaskuntza 1918an jaio zela sentsibilitate, ideologia eta lurralde guztietako euskalari eta euskaltzaleak biltzeko, zientzia eta kultura, berrikuntza eta aurrerapen kolektiboarekiko konpromisoak batuta.

Euskal Herri osoa ofizialki bere baitan biltzen duen erakunde bakarra izatearekin batera, eta Administrazio guztiekin harremana izatearekin (1919an bere baitan jaio zen Euskaltzaindiaz gain), zeharkako izaera horrek Eusko Ikaskuntza errepika ezina den fenomeno bihurtzen dute, egungo egoeran berriro gertatu ezin dena eta egun, duela mende bat bezain beharrezkoa da.

Azkenik, erakunde fundatzaileek konpromisoa berritu dute Eusko Ikaskuntzarekin ezagutza sortu eta gure garaiko desafioak ulertu eta horiei erantzuteko lan egiten duen gizarte zibilaren adierazpide bizi eta bizigarri gisa Euskal Herria posizio aurreratuan kokatzen baitu etorkizunarekiko, irakurri dute ondoren Ahaldun Nagusiek eta Nafarroako Gobernuko ordezkariak sinatu duten adierazpenean.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsorok aurkezpena Bizkaiko Foru Aldundian egiteko arrazoia azaldu du: erakunde honetan proposatu zen 1918an euskal kultura bultzatzeko Eusko Ikaskuntzaren kongresua antolatzea. Bilera haren fruitu izan zen Eusko Ikaskuntza. Gainera, gogoan izan du ekitaldian Eusko Jaurlaritza, garai hartan sortuta ez bazegoen ere, hasieratik Eusko Ikaskuntza babestu duelako.

Dorronsorok horrela definitu du erakundea: herria maite duten pertsonen bategitea, norbere izaeraren ezagutzatik Euskal Herriak kultura unibertsalaren obran parte har dezan. Egun, erakundearen lana desberdinen arteko eztabaida irekitik eta ikerkuntza eta ikasketatik, euskaldunen kezkei erantzunak ematea da, gehitu du.

Ekitaldiaren amaieran, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko Batzorde Antolatzaileko Lehendakari Xabier Alkortak hartu du hitza, efemeridea ospatzeko aurreikusitako ekitaldien berri emanez: 1978an Eusko Ikaskuntzaren berpizkundean protagonista izan zirenei aitortza, Euskal Herriaren azken 100 urteri buruzko liburuaren argitalpena eta antzezlan baten estreinaldia, besteak beste. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren XVIII Kongresua (www.eusko-ikaskuntza.eus/eu/kongresua-mendeurrena/) udazkenean izango dela iragarri du Alkortak, Geroa Elkar-ekin lelopean. Datorren apirilean egingo da kongresuaren aurkezpen ofiziala.

Kongresua, Oñatin egingo dena, Eusko Ikaskuntzaren Mendeurreneko ekitaldien amaiera izango da. Bertan aurkeztuko dira ikerketa proiektuetan parte hartze eta kolaborazio zabaleko testuinguru batetan garatzen ari den bi urteko gogoetaren emaitzak. Prozesuan, ezagutzaren disziplina desberdinetako profesional eta adituak, gizarte zibila, gizarte eragileak, politikoak, eta ekonomikoak, instituzio publikoak, etabarrek lan egin dute.

Ikerketa proiektu horiek, Eusko Ikaskuntzak 2013an definitutako estrategia zientifiko berriak identifikatutako lau lan eremuetatik jaiotzen dira: ‘Gobernantza demokratikoa’; ‘Euskararen Etorkizuneko Eszenatokiak Elkarrekin Eraikitzen’; ‘Aniztasuna, kohesioa eta kultura’; ‘Garapen sozio-ekonomikoa’.

Proiektu bakoitzak kongresu saio bana izango du euskal hiriburu bakoitzean. Erakundearen lan eremuen ondorioak horietako bakoitzean landuko dira eta, azkenik, horiek guztiak Eusko Ikaskuntzaren XVIII Kongresuan jorratuko dira.

Eusko Ikaskuntzari buruz

Eusko Ikaskuntza 1918an sortutako erakunde zientifiko-kulturala da. Gizartearen, kulturaren, hizkuntzaren, lurraldearen eta beste eremu batzuen inguruan Euskal Herriak dituen kezka eta etorkizunerako erronka nagusiak aztertu eta ezagutza sustatzea du helburu, betiere ikuspuntu zientifikoa, elkarlanekoa, diziplina anitzekoa, askotarikoa eta independentea baliatuta.

Gizartean hausnarketa partekatua sustatuz, ezagutza eta adimen kolektiboa aktibatzen ditu. Gizartea ahalduntzen du, aipatutako erronkei erantzun globalak eta integratzaileak eskaintze aldera, kontuan hartuta lurraldeen berezitasuna eta aniztasuna, genero-ikuspuntua eta independentzia ideologikoa. Horrela, Eusko Ikaskuntzak gizarte-ehunaren artikulazioa sustatzen du eta zubiak eta sinergiak sortzen ditu erakundeen, lurraldeen, pertsonen eta ikuspegien artean.

1918. urtean sortu zenetik guztira 17 kongresu egin ditu Eusko Ikaskuntzak, bi helburu nagusirekin: batetik, ikerkuntza eta kultura sustatzea, eta, bestetik, Euskal Herriaren erronken eta beharren inguruko prospekzioa egitea, aurrerabidea xede.


Argazkiak


Bideoak


Audioak