2018(e)ko martxoaren 13(a) 23:25

Euskara eta Kulturako foru diputatuak harrera egin die Loiun Gaztediko tiratzaileei, munduko txapelketa irabazi eta gero

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko taldea Txinan sokatirako munduko txapelketan lehiatu ondoren iritsi da Loiura. Urrezko bi domina lortu dituzte emakumeen 500 kiloko eta 540 kiloko kategorietan, eta zilarrezko bat, gizonen 560 kiloko kategorian.

Gaztedi kluba Loiura iritsi berri

Txinan egin den sokatirako munduko txapelketan parte hartu duten euskal taldeek harrera beroa izan dute Loiun lurra hartu bezain laster; bereziki, Bizkaiko Gaztedi taldeko emakumeek jaso dute harrera hori, munduko txapeldun izan baitira bi kategoriatan: 500 kg eta 540 kg.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru diputatua izan da harrera horretan, Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren barruan dagoen Gaztediko txapeldunei zorionak emateko munduko txapelketan urrezko bi domina lortzeagatik. Gaztedi taldeko mutilak ere zoriondu ditu, bigarren postua lortu baitute 560 kilogramoko kategorian.

Diputatuak balioan jarri du gainera Sokarrik mundu mailan lortutako laugarren postua ere, horrekin Bizkaia Bizkaialde Fundazioaren laguntza jasotzeko aukera izango dutela azpimarratuz.

Lorea Bilbaok eskerrak eman dizkie euskal taldeei guztira 16 domina lortzeagatik, horietako bederatzi taldekako lehiaketan lortu dituzte. Eta diputatuak Basque Country taldeak egindako lanaren balioa nabarmendu du, zazpi domina lortu baititu nazioen arteko lehian.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak Laukizeko alkatearekin, Bizkaiko eta Euskadiko Joko eta Kirol Federakundeko ordezkariekin eta zaletuekin batera egin die harrera taldeei.