2018(e)ko martxoaren 13(a) 11:23

Aldundiak Kukularrako lotunea egokitzeko proiektuaren lehen fasea adjudikatu du

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Obra uda baino lehen hasiko da, eta 5.122.513 eurotan adjudikatu da. Lanak egiteko epea 12 hilabetekoa da, hasten direnetik zenbatuta. Kukularrako lotunea erabat berritzeko lanak bi fasetan egingo dira, eta, obra horri esker, Arrontegi eta Txorierriko korridorearen arteko zirkulazio-pilaketak gutxituko dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak Kukularrako lotunea eraberritzeko proiektuaren lehen faseko obrak adjudikatu ditu. Adjudikazioaren zenbatekoa 5.122.513 euro da, eta obrak egiteko epea, 12 hilabetekoa, hasten direnetik zenbatuta. Aurreikuspenen arabera, obrak uda baino lehen hasiko dira.

Enpresa adjudikazioduna Construcciones y promociones Balzola da. Eta onartutako lizitazio-aurrekontua 5.246.501 euro izan zen.

Kukularrako lotunea egokitzeko proiektua obra handia da eta bi fasetan banatu da. Bizkaiko errepideen foru sarea hobetu eta modernizatzeko Bidesarea Planaren bigarren biurtekoan daude sartuta bi fase horiek. Jarduketa honi esker, gutxitu egingo dira zirkulazio-pilaketak BI-637 eta N-637 errepideen artean, Arrontegi-Enekuri-Erlexetarako noranzkoan.

Lehenengo fasea

Lehenengo faseak N-637 errepideari baino ez dio eragiten; oraingo trazadura mantenduko da, baina nabarmen hobetuko da Arrontegirako eta Asua/Enekurirako zirkulazioa. Zehazki, hau dago jasota proiektuan: Enekuriko jaitsieraren azpian dagoen pasagunean hiru errei egitea; Kukularran, Deriorako noranzkoan, taula zabaltzea (4 errei), eta Arrontegi-Kukularra adarrean bi errei egitea. Azken zabaltze horren ondorioz, 4 errei egongo dira Arrontegin, Asuerarako irteeratik Kukularrarako irteeraraino

Lehenengo fase honi esker asko hobetuko da oraingo egoera, batez ere Arrontegitik datorren zirkulazioari dagokionez. Guztira, errepideko 1,2 kilometro hartuko dituzte obrek.

Bigarren fasea

Bigarren faseari 2019an ekingo zaio, eta, jarduketa osatzeko, lan hauek egingo dira: bi errei egingo dira Avanzada-Kukularra adarraren azken zatian; Arrontegi-Kukularra adar berria eraikiko da, Avanzada-Arrontegi adarraren azpian, eta, azkenik, Avanzada-Kukularra adarra erabat zabalduko da.