2018(e)ko martxoaren 12(a) 12:03

Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko muga berrogeita hamar argazkitan, Bizkaiko Foru Liburutegian

Euskara eta Kulturako Saila

Jesús Mari Arruabarrenaren «Muga» erakusketa ikusgai, martxoaren 15etik apirilaren 30era.

Jesús Mari Arruabarrenaren argazkietariko bat.

Bizkaiko Foru Liburutegiak sustatu ditu «Muga» tituluaren pean bildu diren argazkien erakusketa eta liburua. Erakusketa Foru Liburutegiaren Areto Nagusian egingo da, 2018ko martxoaren 15etik apirilaren 30era.

Bertan,Iparraldeko eta Hegoaldeko mugan egindako argazkiak egongo dira ikusgai; zehazki, erakusketaren komisario eta argazkilari Jesus Mari Arruabarrenak zuri-beltzean egindako berrogeita hamar argazki.

Autoreak kartografia fisiko eta emozionala egin du lan horren bitartez, eta, paisaiaz gainera, bere barnea ere begiesten du ibilbide horretan.

Liburuak ardatz bi ditu oinarri: Orson Welles-en «Pays Basque» dokumentala, eta argazkilariak mugaren trazatuari eta Wellesen beraren pausoei jarraituta egin duen bidaia.

Lan honen helburuak honako hauek dira:  izaera propioa duen komunitate bat, mugak banatua, erakustea; irudien bitartez, batez ere Gerra Zibilaren ondorengo hamarkadetako banalerroak sortzen zuen bizimodua nolakoa zen erakustea; eta hurreko historiari buruzko lekukotza ematea.

Jesús Mari Arruabarrena

Jesús Mari Arruabarrenak hainbat tailer eta mintegitan parte hartu du (Antoine D´Agata, Giorgia Fiorio, Ricky Dávila, José Manuel Navia, Juan Valbuena, Matias Costa, etab.).

«Muga» bere zazpigarren argazki-liburua da. Aurrekoak hauek dira: Viejos oficios en decadencia (1995), Última generación (2002), Baserria. Oroimenari loturik (2005), Gertukoak / Ausencias (2010), MOO (2013) eta Friederike (2016).

Argazki-ikastaroak ematen ditu Bizkaia eta Gipuzkoako zenbait kultura-etxetan, bai eta UEUn ere (Udako Euskal Unibertsitatea).

Egin dituen erakusketen artean, nabarmentzekoa da Noctis Labyrinthus proiektuaren barruan egin duen Moo erakusketa. Lan horren erakusketak egin ditu Elorrioko Casajara jauregian, Durangoko tren-geltoki zaharrean (2013), Markinako antzinako kartzelan eta Madrilgo Centro Internacional de Fotografía y Cine EFTI zentroan (2015).


Argazkiak