2018(e)ko martxoaren 12(a) 11:12

Ibone Bengoetxea diputatuak ongietorria eman die gaur bertan lanean hasi diren 66 suhiltzaile gidariri

Herri Administrazioa eta Erakunde Harremanetarako Saila

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuak, Ibone Bengoetxeak, 66 suhiltzaile-gidari berriri ongietorria eman die gaur goizean Uriosteko suhiltzaile-parkean. Suhiltzaile-gidari berriak, horien artean lau emakume, gaur bertan jabetu dira euren plazaz. Hain zuzen ere, enplegu publikoko azken deialdia gainditu ostean sartu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan.

Egin duen esku-hartzean, diputatuak zera azpimarratu du: Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzua Bizkaiko biztanleen artean hobekien baloratuta dagoen Aldundiko Zerbitzua da.

Horrez gain, Ibone Bengoetxeak epe laburrean zerbitzu horretan argia ikusiko duten proiektu berriak ere aipatu ditu. Bi suhiltzaile-etxe berriez ari naiz, Arratzukoa Busturialdean eta Zallakoa Enkarterrin. Eskualde horietan daude zerbitzuaren bi suhiltzaile-etxe zaharrenak, Gernikan eta Balmasedan hain zuzen ere, eta berritu egin behar dira. Horrez gain, Larrialdiak Kudeatzeko Zentro Integratua sortzeko proiektua ere martxan dago. Horren bitartez, larrialdi egoera bat gertatzen denean Bizkaiko Foru Aldundiko sail eta zerbitzu ezberdinak modu koordinatu eta eraginkorrean lan egitea lortuko da. Eta hementxe bertan kokatuta egongo da, Uriosteko suhiltzaile-etxe nagusian.

Bizkaiko Foru Aldundiak oposaketa bat egin zuen 2016ko irailean Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuan 66 suhiltzaile-gidari berri sartzeko. Oposaketa horretan 1.056 pertsonek eman zuten izena, hautaketa-prozesu luze bat gainditu behar izan dutenak (azterketa teoriko orokorra, proba fisikoak, proba psikoteknikoak, ezagutza espezifikoen azterketa eta hizkuntza-eskakizuna egiaztatzea); horrez gain, 420 orduko iraupena izan duen derrigorrezko prestakuntza-ikastaro bat egin behar izan dute lanean hasi baino lehen.


Bideoak