2018(e)ko otsailaren 14(a) 16:24

Aldundiak eskualde-turismoaren monitore bat jarri du abian, lurraldeko leku guztietan turismo jarduera sustatzeko

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak Bizkaira datozen bisitarien esperientziak aztertzearen aldeko apustua sendotu egin du, eskualde guztietan turismo eskaintza hobetzeko. 2017ko turismoaren Behatokiak Bizkaia bisitatu duten turisten balorazio bikainak erakutsi ditu berriro ere: 10 puntutik 9 puntu.

Turismo

Bisitariek dioskute Bizkaia helmuga paregabea dela paisaiagatik, gastronomiagatik, kulturagatik eta bertoko jendearengatik

Bizkaiko Foru Aldundiak analisi kualitatiborako tresna berri bat ezarri du gorantz datorren jarduera baterako, turismorako, hain zuzen. Hala, duela hamarkada batetik urtero egiten den Behatokiaren datuez gainera, monitore berri bat egongo da, eskualdeetako turismo-informazioko bulegoetara jotzen duten bidaiariei egindako inkesta eta elkarrizketen bitartez egina.

Imanol Pradales Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak eta Asier Alea Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendariak gaur goizean bi tresna horien emaitzak aurkeztu dituzte. Bizkaiko helmugaren hainbat alderdiri buruz bidaiariek zer iritzi duten jakiteko bi azterlan dira. Horien bidez, gainera, informazio ugari biltzen da turistek lurraldeaz lehendik dakitenari buruz, bidaiaren arrazoiaz, hautatzen duten ostatu motaz, helmugan egiten duten gastuaz, hobetuko lituzketen gauzez eta egin dituzten txangoez.

Beste urte batez, bisitariek egin duten balorazio ona nabarmendu da. "Bilbao-Bizkaia helmugaren balorazioa bikaina da. 2017an, 10etik 9 puntukoa da bisita egin digutenen balorazioa. Balorazio handi hori bi giltzarritan laburbiltzen da: Bizkaia harritu egiten duen helmuga da. Eta helmuga paregabea da. Paisaiagatik, gastronomiagatik, arkitekturagatik, kulturagatik eta, batez ere, bertoko jendearengatik da paregabea", azaldu du Imanol Pradalesek.

Diputatuak gogorarazi du 2017a Bizkaiarentzat urte handia izan dela turismoaren aldetik: "Kopuruei dagokienez, bisitari kopuruaren errekor berri bat hautsi da. Eta bidaiariari eskaintzen diogun esperientziari erreparatuta ere aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara. Hain zuzen ere, bisita egin digutenen gogobetetze maila bikaina da. 10 lagunetik 9k Bizkaira etortzea gomendatuko liekete beste pertsona batzuei. Estatuan, andaluziarrak eta madrildarrak nabarmentzen dira horretan. Eta atzerrian, alemanak, estatubatuarrak eta britainiarrak. Itzultze-indize handia ere badugu: 10etik 8,76. Horretan Madrildarrak eta kataluniarrak dira lehenengoak, baita alemanak eta britainiarrak ere.

Behatokiak erakutsi du bidaiarien batez besteko gastua % 5,3 hazi dela 2016koaren aldean.  Inkestak zehaztu du, gainera, helmugan egunean batez beste egindako gastua (joan-etorrien gasturik gabe) 108 euro ingurukoa izan dela Estatuko turisten artean eta 117 eurokoa atzerritarren artean. Helmugan eragin ekonomikorik handiena duten Estatuko bidaiariak andaluziarrak eta madrildarrak dira. Hurrenez hurren 112 eta 111 euro gastatzen dituzte egunean. Bidaiari atzerritarren kasuan, frantziarrek (179 euro) eta britainiarrek (147 euro) gastatzen dute gehien.

Ostatu motari dagokionez, sendotu egin da joera, eta 2017an % 39,2k ostatu alternatiboetara jo dute (apartamentuak, aterpetxeak, hostelak). Ohiko ostatua hautatu dutenak % 60,8 dira.

Bidaiaren arrazoiari dagokionez, Guggenheim Museoa, paisaia eta gastronomia dira hiru protagonista nagusiak.

Eskualde-turismoaren monitorea

Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendariak azaldu duenez, eskualde-turismoaren lehenengo monitoreak dagoeneko zenbait desberdintasun jarri ditu agerian lurraldeko eskualdeetara hurbiltzen diren bisitari moten artean. Azterlana egiteko inkestatu diren pertsonen % 81,3 Bizkaiko turistak izan dira, lurraldean gaua eman duten pertsonak. Eta gainerako % 18,7 txangozaleak izan dira, gaua Bizkaian eman ez dutenak edo gaua lurraldetik kanpo eman dutenak.

Asier Aleak azpimarratu egin du salbuespen gisa Gorbeialdeak eta Urduñak txangozaleen maila oso handiak izan dituztela, hurrenez hurren % 53,7 eta % 45,8. Bestalde, txangozaleen erdiak baino gehiago Gipuzkoatik eta Arabatik datozela azpimarratu du Turismoko zuzendariak.

"Eskualdeetan ere interesatzen zaigu ostatu eskaria ezagutzea. Eta turismo jardueraren mota desberdinak adierazten dizkiguten aldeak sumatzen dira: Gorbeialdean eta Durangaldean landetxeen garrantzia eskualde horietako turisten % 37,5era eta % 35era iristen da, baina Urdaibai, Enkarterri eta Urduña bisitatzen dituztenek gehienbat hoteletan eta landa-hoteletan hartzen dute ostatu.   Getxon, Portugaleten eta Santurtzin, hotelak, apopilo-etxeak eta hostelak dira nagusi. Eta Lea-Artibain zein Uriben, kanpinetara jotzen duten bisitarien portzentaje esanguratsuak aurkituko ditugu, baita autokarabanentzako aparkalekuetara joaten direnak ere", zehaztu du Aleak.

Eskualdeek jaso duten balorazioari dagokionez, nabarmentzen da ingurunearen kontserbazioari eman zaion puntuazio handia, bereziki Gorbeialdean (8,70) eta Durangaldean (8,78), dituzten parke naturalengatik, eta Getxon (9,54) eta Santurtzin (8,88), hirien apaintasunagatik.


Argazkiak


Bideoak