2018(e)ko otsailaren 13(a) 19:32

Zerga-bilketaren datu onen aurrean zuhur jokatzeko eskatu du Unai Rementeriak

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Bizkaiko ahaldun nagusiak Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartu du; bertan 2017ko zerga-bilketa itxi da, eta Bizkaian 7.500,5 milioi eurokoa izan da. Iragarritakoa baino % 7,3 gehiago bildu den arren, Rementeriak gogorarazi du gaindikin hori zorra amortizatzeko erabili behar dela. Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Eusko Jaurlaritzarentzako 2017ko ekarpenak likidatu ditu eta Bizkaiari 4.981,4 milioi dagozkio, guztizkoaren % 50,66.

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak aurten egin duen lehenengo bileran parte hartu du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. Bertan 2017ko ekitaldiko zerga-bilketaren zifrak itxi dira; Bizkaian, zerga itunduen bidezko diru-bilketa kontsolidatua 7.500,5 milioi eurokoa izan da, aurreko ekitaldian baino % 11,7 handiagoa. Hala ere, Rementeriak gogorarazi du nabarmentzekoa dela BEZaren Estatuarekiko doikuntzen bidezko diru-sarrerek zerga-bilketaren gorakadan izan duten pisua. Efektu hori deskontatuta, zerga-bilketaren gehikuntza, termino homogeneoetan, % 5,6koa da, hots, 2016an baino 381 milioi euro gehiagokoa.
Rementeriak hau azpimarratu du, halaber: "zerga-bilketa hazi izanak ez du itxaropen faltsurik sortu behar, izan ere, gastuaren erregelak eta aurrekontu-egonkortasunaren legeak behartuta, zerga-bilketaren gaindikina zorra amortizatzeko erabili behar baita; beraz, hankak lurrean eta lanean segitu behar dugu".
Zerga-bilketa itxita, foru aldundiek Eusko Jaurlaritzari egin beharreko 2017ko ekitaldiko ekarpenak likidatu ditu Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak. Hiru foru aldundiek batera 9.833,0 euroko ekarpena egin behar dute, eta horietatik Bizkaiak % 50,66 jarri behar du, hau da, 4.981,4 milioi euro. Gipuzkoak 3.234,1 milioi euro jarri behar ditu (% 32,89), eta Arabak 1.617,5 milioi euro (% 16,45).
Zenbaki horiek eskuan, Bizkaiaren solidaritatea nabarmendu du Rementeriak, zerga-bilketaren banaketa dela eta. Euskal Autonomia Erkidegoaren % 50,66 izan arren, lurraldeak EAEko zerga guztietatik ia % 59 biltzen duela ekarri du gogora. Bestalde, adierazi du Bizkaiak 961 milioi banatu dizkiela beste lurraldeei zeharkako zergen doikuntzetan: 224 milioi Arabarentzat izan dira eta 736 milioi Gipuzkoarentzat.
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bilera horretan 2017ko Doikuntza Funts Orokorra likidatu da. Funts hori 113,3 milioi eurorekin hornituta dago, eta horietatik Bizkaiak 17,2 milioi jarri behar ditu. Funts horren onuradunak Araba eta Gipuzkoa dira: hurrenez hurren 59,4 milioi eta 53,9 milioi jasoko dituzte.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta, hiru lurraldeetako udalerriak ordezkatuz, Eudelek osatzen dute Herri Dirubideen Euskal Kontseilua. Bizkaiaren aldetik, Unai Rementeria ahaldun nagusiaz gainera, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzen diputatuak ere organo horretan parte hartzen du.