2018(e)ko otsailaren 09(a) 13:00

Bizkaiko Foru Aldundiak kalitatezko arreta soziosanitarioari eustearen alde apustu egin du EAEko gainerako erakundeekin batera

Gizarte Ekintzako Saila

Arreta Soziosanitarioaren 2017-2020 aldirako Lehentasun Estrategikoak aurkezteko jardunaldian izan da Unai Rementeria, Donostian. Ibilbide-orri horren bidez erantzun eraginkorra eman nahi zaie EAEko herritarren beharrizanei arlo horretan, batez ere kolektibo kalteberenen kasuan

Arreta Soziosanitarioaren 2017-2020 aldirako Lehentasun Estrategikoak aurkezteko ekitaldia

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak Arreta Soziosanitarioaren 2017-2020 aldirako Lehentasun Estrategikoak aurkezteko ekitaldian parte hartu du, Donostian. Iñigo Urkullu lehendakaria buru izan da jardunaldian, eta honako hauek ere bertaratu dira: Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua, Jon Darpón; Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Beatriz Artolazabal; Arabako eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, hurrenez hurren Ramiro González eta Markel Olano; EUDEL - Euskadiko Udalen Elkarteko lehendakaria, Imanol Landa; eta beste ehunka pertsona, EAEko administrazio guztietako ordezkari, profesional zein hirugarren sektoreko kide. Izan ere, arlo guztietatik agertu diete babesa pertsonen gizarte eta osasun beharrizanak asetzeko planteamendu berri horri.

Ildo horretan, EAEko erakunde guztiek berretsi dute pertsonak erdigunean jartzen dituen kalitatezko arreta soziosanitarioaren aldeko euren apustu irmo eta zalantzagabea. Jendaurrean aurkeztu den agiri estrategikoak lehentasunezko neurriak ezartzen ditu arreta soziosanitario onari eutsiko zaiola bermatzeko, zahartzeak, gaixotasun kronikoek eta menpekotasunak gero eta eragin nabarmenagoa duten ingurune demografikoan.


Argazkiak