2018(e)ko otsailaren 08(a) 11:55

ELGEk Bizkaiko gobernu irekiaren programa bultzatuko du

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak (ELGE) bat egin dute lurraldean honako proiektu hau garatzeko: "Gobernu irekiko berrikuntzak, Bizkaia gertuago, modernoago eta arduratsuagoa izan dadin”. Nagusi Unai Rementeriak azpimarratu duenez, “ohore handi bat da eta foru gobernurako babes handia, Bizkaia ELGErekin akordio bat izenpetzen duen estatuz kanpoko lehenengo administrazioa izatea gobernu irekiaren bere politikaka aztertzeko”. Aurten garatuko den proiektuaren barnean sartzen dira, alde batetik, foru erakundeko politika publikoen azterketa zehatzaren lehenengo fasea, eta bestetik, tailer praktikoek osatutako bigarren fase bat; tailer horrek ELGEk proposatutako gomendioak ezartzen lagunduko dute.

Mari Kiviniemi eta Unai Rementeria

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak eta Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (ELGE) idazkariorde Mari Kivienimik bi erakundeen artean izenpetutako akordioa aurkeztu dute gaur goizean. Akordio horren barnean garatuko da "Gobernu irekiko berrikuntzak, Bizkaia gertuago, modernoago eta arduratsuagoa izan dadin" izeneko proiektua; haren helburua foru erakundearen modernizazio eta gobernu irekiaren prozesua sustatzea da. Rementeriak aipatu duenez, "ohore handia da Bizkaia ELGErekin akordio bat izenpetzen duen estatuz kanpoko lehenengo administrazioa izatea gobernu irekiaren gure politikak aztertzeko. Horrez gain, babes oso garrantzitsua da gure politiketarako eta gobernurako".

Akordio hau urtebete baino gehiagoko lanaren emaitza da, ahaldun nagusiak 2016ko abenduan Parisen antolatutako Gobernu Irekiko Gailurrean parte hartzeko gonbidapena jaso ondoren. "Duela urte eta bi hilabete Parisen geunden. Foru Aldundian sustatu genituen berrikuntzak partekatzeko joan ginen hara. Hau da, kontu-emateen topaketak, Goazen 2030 estrategia monitorizatzeko proiektua eta BiscayTIK proiektua. Bizkairako, eta niretzat bereziki, balio handiko zerbait izan zen", azpimarratu du ahaldun nagusiak.

Rementeriak nabarmendu du, gainera, Bizkaia beste lurralde batzuetan ezar daitekeen eredu bat finkatzeko eredu bihur daitekeela. "Tamainagatik eta ekosistema oso bat edukitzeagatik, politika publikoen benetako laborategi bat izan gaitezke. Eta elkarrekin abian jarritako proiektu honen emaitzak ELGEren sarean dauden munduko beste herrialde batzuetarako baliagarriak izan daitezen nahi dugu".

"Gobernu irekiko berrikuntzak, Bizkaia gertuago, modernoago eta arduratsuagoa izan dadin" proiektuan, ELGEk politika publikoen ebaluazioan eta gobernu irekian duen esperientzia zabala baliatuko du Bizkaiko testuingurura nahiz errealitatera behar bezala egokitutako gomendioak eginez; haien bidez, gertuko administrazioa eta herritarren beharrei irekitakoa izaten lagunduko da.

Proiektuaren lehenengo zatian ELGEk Bizkaiko Foru Aldundiaren politika publikoak zehatz-mehatz aztertuko ditu; politika horiek modernizazio-irizpideekin administrazioaren funtzionamendua hobetzea dute xede maila anitzeko gobernantzaren, gobernu irekiaren eta digitalaren bitartez. Azterketa horretan, erdietsitako lorpenak jasotzeaz gain, hobekuntzarako aukerak eta etorkizunean abian jarri beharreko beste zenbait jarduera ere identifikatuko dira.

Zehazki, 5 esparru aztertuko dira: politika publikoen testuingurua eta sustatzaileak, Bizkaiko Foru Aldundiaren burutza eta koordinazioa, berrikuntza eta gobernu digitala; gardentasuna, kontu-ematea eta herritarrek parte hartzeko mekanismoak, eta Bizkaiko herritarrei nahiz sektore pribatuari emandako zerbitzu publikoak hobetzea gobernu irekiaren ekimenak baliatuz. Azterketa honen ondorioak txosten batean adieraziko dira, eta bertan, aztertutako esparru bakoitzerako gomendio praktikoak jasoko dira. Txosten hori urte honen amaieran aurkeztea espero da.

Txostena eskatu ondoren, proiektuaren bigarren zatiaren barnean zenbait tailer sartzen dira, eta haiek gomendioak ezartzeko prozesuari lagunduko diote. Tailer horiek enplegatu publikoentzat izango dira, eta baita tartean dauden administrazioetako interes-talde nagusietarako ere. Bizkaian emango dira, baina jardueraren bat ELGEren Parisko egoitzan egiteko aukera dago.

Proiektua kudeatzeko taldea honako hauek osatzen dute: ELGEren idazkaritzako adituek nahiz  ELGEko kide diren herrialdeetako politika publikoaren esparruko profesionalek. Talde hori Bizkaiko Foru Aldundiko langileekin elkarlanean ariko da azterketaren fase guztietan.

"Urrats asko egin ditugu gobernu irekiaren bidean. Azkenekoa, lurralde osoan aurrera eta atzera dabilen autobus ibiltaria; herritarrentzako informazio erabilgarria eramaten du Bizkaiko txoko guztietara. Gurpilak jarri dizkiogu foru aldundiari gehiago eta hobeto mugi dadin. Eta akordio horrek aurrera gehiago eta hobeto egiten ere lagunduko digu, munduko erreferentzia handienarekin batera egingo dugu aurrera, hain zuzen. ELGEk gobernu irekiaren gure politikak eta programak aztertuko ditu, eta datorren urte hasierarako hobekuntza proposamenak jasoko dituen dokumentu bat izango dugu esku artean", iragarri du Unai Rementeriak. "Azterketa horrekin eta bere esperientziarekin ziur nago gauzak egiteko tresna eta modu berriak topatuko ditugula foru aldundia are gertukoagoa, eraginkorragoa gerta dadin, eta Bizkaiko herritar guztiei zerbitzu hobea eman diezaien".

ELGEri buruz

1961ean sortutako ELGEri dagokionez, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen barnean 35 herrialde daude, eta haren helburua pertsonen ongizate ekonomiko eta soziala hobetzeko politikak sustatzea da. Foro bat eskaintzen du, eta bertan, gobernuak elkarlanean aritu daitezke esperientziak partekatzeko eta ekonomia, gizarte eta ingurumen arloko arazo komunei irtenbideak emateko. Honako hauek dira bere jarduera nagusiak: merkataritzako eta inbertsioko produktibitatea eta fluxu globalak neurtzea; datuen azterketa konparatua dauden joeren iragarpenak egiteko; politika publikoen gaiei buruzko nazioarteko estandarrak finkatzea.

ELGEk gobernu irekia "berrikuntzan eta politika publikoen iraunkortasunean oinarritutako gobernu-kultura baten" gisa definitzen du, "demokrazia nahiz hazkunde inklusiboa sustatzen dituzten gardentasun, kontu-emate eta parte-hartzearen printzipioetan oinarrituz". Planteamendu horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren helburu estrategikoarekin bat egiten du, hau da, herritarrei lankidetza, irekiera eta gertutasuneko guneak sortzea gobernu-ekintzaren ardatz nagusi gisa.

Hain zuzen ere, foru erakundea modernizazio eta eraldaketa prozesu batean sartuta dago bere plangintza estrategikoa hobetzeko, baliabideak optimizatzeko, zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzeko eta erakunde publikoetan herritarren konfiantza-giro bat sortzeko. Eta esparru honetan sortzen da, hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta ELGEren arteko lankidetza.


Argazkiak


Bideoak


Audioak