2018(e)ko otsailaren 07(a) 12:57

Bizkaiak bideetako neguko baliabideak indartuko ditu

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Sare nagusia irekita egon da, eta goizean ez da gorabeherarik egon elurra edo izotzagatik. Bizkaiko Foru Aldundiak 41era handituko du elurra kentzeko makinen kopurua, eta hurrengo orduetan lanean ibiliko dira lurraldeko errepideak garbi eta seguru egon daitezen

Basalan

Elurra kentzeko makinek etenik gabe lan egingo dute lurraldeko errepide nagusiak garbi egon eta seguruak izan daitezen. Bart elurra kentzeko 33 makina jarri dira martxan elurrari aurre egin ahal izateko, eta egunean zehar beste 41 ibilgailu iritsiko dira zerbitzua hobetzeko. Gainera, beharrezkoa izanez gero, eskura daude neguko bideragarritasun planean aurreikusitako baliabide guztiak.

Goizaldean, Bizkaiko sare nagusia irekita egon da, eta ez dira gorabeherarik erregistratu izotz edo elurragatik, baina, hala ere, kontu handia izan behar dugu. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak elurragatik alerta laranjari eutsiko dio gaur, asteazkena, eta biharko (osteguna) lehenengo orduetan. Hori dela eta, ibilgailua erabili behar dutenek ohiko gomendioak eduki beharko dituzte kontuan, eta une oro eduki beharko dute errepideen egoerari buruzko informazioa. Gainera, saihestu beharko da elurragatik kaltetuta dauden lekuetara beharrezkoak ez diren joan-etorriak egitea. Horrez gain, neguko pneumatikoak erabiliko dira eta kateak eraman beharko dira, eta jartzen jakin.

Errepideetarako neguko plana

Bizkaiko Foru Aldundiaren errepideetarako neguko planean 381 profesional daude lanean guztira, besteak beste gidariak, laguntzaileak, zaintzaileak eta langileak, eta horien guztien lanari esker Bizkaiko errepideetatik segurtasun-baldintzak betez zirkulatu daiteke. Horretarako, elurra kentzeko 76 makina daude guztira, 9.725 gatz tona eta 140 m³ 19 zulotan, 9 pilaketetan, 4 biltegietan eta erreserbarako biltegi handi batean banatuta.

Errepideen plana apirilaren 30era arte mantenduko da, eta bertan, sailen arteko koordinazioa (BFAko suhiltzaileak, Interbiak, Malmasingo Kontrol Zentroa, Basalan eta ELGS Saila) eta erakundeen arteko koordinazioa egongo da, Bizkaiko udalen eta Eusko Jaurlaritzaren artean hain zuzen ere (Trafikoa, Larrialdiak, Euskalmet, etab).


Argazkiak


Bideoak