2018(e)ko urtarrilaren 12(a) 13:30

Inspira proiektuak zientzia eta teknologiarako bokazioak piztuko ditu Bizkaiko nesken artean

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Bizkaiko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 26 itundutako eta publiko ikastetxetako 950 neska inguruk hartuko dute parte Deustuko Unibertsitateak, Aldundiak lagunduta, ikasturte honetarako antolatu duen ekimenean.

.

Teresa Laespada diputatuak neskentzat egindako mentoring saioetako batean parte hartu du gaur.

Bizkiko nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak pizteko Inspira proiektuaren bigarren edizioa garatzen ari dira ikasturte honetan. Bigarren urtea da eta Bizkaiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren laguntzarekin egin da.

Deustuko Unibertsitateak sustatutako proiektua (Innobasque eta Elhuyar Fundazioarekin lankidetzan), hain zuzen ere, Bizkaiko Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako 26 itundutako eta publiko zentrotako 950 neskari zuzendu zaie, eta adingabeekin mentoring jarduerak egingo dira taldeka. Horrez gain, aldi berean, jarduerak egingo dira 830 bat mutilekin.

Guztira, gure lurraldean, 54 "mentore" sei saio burutzen ari dira nesken talde bakoitzarekin; besteak beste, honako gai hauek izango dituzte hizpide saio horietan: lanari buruzko ideiak, estereotipoak, historiako emakumeak, emakumeak eta zientzia, emakumeak gaur egun duen irudia eta miretsi beharreko emakumeen itxura.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatua ikastetxe batean egindako saioetako batera joan da goizean, eta esan du asmoa dela milaka urteko eraikuntza sozial matxista baten emaitza aldatzen joatea; izan ere, kideen erdia, emakumeak, ilunpean eta espazio publikoetatik urrun utzi ditu. Halaber, hauxe azpimarratu du: gizarte gisa, ezin dugu talentu guzti hori alferrik galdu, hots, etorkizuneko zientzialari eta teknologoen talentua; horregatik, hain zuzen ere, lagundu eta sustatu behar dira haien bokazioak neskatilak direnetik.

Hori ere gertatzen da unibertsitatean, ikerketan eta ezagutzan. Herri-imajinarioan, aurrerapen zientifiko handiak gizonezkoei lotzen zaizkie. Alabaina, emakume zientzialariak ere badaude, eta beren gizonezko kideen aintzatespen bera merezi dute. Neskek jakin behar dute zientzialari edo teknologo izatea eskura duten aukera ere dela, gehitu du.

SENTSIBILIZAZIOA ETA ORIENTAZIOA

Ekimen honen helburua nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak piztea da, sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzen bitartez; ekintza horiek ikerketa, zientzia eta teknologian adituak diren emakume profesionalek eskainiko dituzte. STEAM adarreko (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritzak, Artea eta Matematikak) ikasketak Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta Bigarren Hezkuntzako 1. mailako ikasleen artean bultzatze aldera taldeko mentoring-a erabiliko den lehenengo aldia izango da.

Proiektuak webgune propioa dauka, URL helbide honetan: http://inspirasteam.net/.

Hizpide dugun helburuak, besteak beste, xede hauexek ditu: hurbileko emakume teknologoen erreferente berriak ematea, umeek STEAM lanbideak ezagutzea, herrialdearen garapena gizon eta emakumeekin burutzeko beharraren inguruan kontzientziatzea, teknologiako karrerari buruz sentsibilizatu nahiz orientatzea, emakume teknologoak bistaratzea eta horien garrantzia azpimarratzea, eta gaur egun dauden estereotipoak jakinaraztea, ez dezaten ikasketen hautapena baldintzatu.

Aurreko ikasturteko INSPIRAren fase pilotua amaitu da dagoeneko, eta Bizkaian 14 "mentorek", 160 neska inguruk eta 8 ikastetxek hartu dute parte.


Argazkiak