2018(e)ko Januaryren 11(a) 10:00

Bizkaiko Foru Aldundiak fototeka digitala izeneko aplikazioa garatu du, zeina kartografia banatzeko ohiko orrian ostatatuta dagoen

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

Kartografiako artxibo fotogrametriko osoa jendearen eskura jartzearren garatu da

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak aplikazio informatiko bat garatu du, zeinak aukera ematen duen Bizkaiko Foru Aldundiaren apps.bizkaia.net/GRIT web-orritik deskargatzeko Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Zuzendaritza Nagusiaren hegaldi fotogrametrikoen artxiboa osatzen duten fotogramak.

Aplikazioa garatu izana funtsezkoa da artxiboaren kontsulta digitala egiteko eta 2007. hasitako lanaren azken urratsa da. Hurrengo urteetan ere jarraipena izan zuen lan horrek, fotograma guztiak eskaneatu baitziren, eta 2014. urtetik hona geoerreferentziatu egin dira fotograma horiek, ezinbesteko baldintza baita haiek zuzen argitaratu ahal izateko.

Orain fototekan argitaratzen den dokumentazioa artxibo fotogrametrikoaren herena da: 12.000 fotograma, gutxi gorabehera. Epe luze batean zehar —1960ko hamarkadatik 1990eko hamarkadaren erdialdera arte— egindako hainbat mota eta eskalatako hegaldiei dagozkie fotograma horiek. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako fotogramak zuri-beltzean daude, baina 1983tik aurrera tartekatuz doaz koloretan eta zuri-beltzean egindakoak.

Gure lurraldeari buruz ematen diguten informazioa askotarikoa da; izan ere, zenbait hiriguneren fotogramak daude —eskala handian—, lurraldearen eremu bati buruzko hegaldi partzialak, eta lurralde historiko osoari buruzko lau hegaldi oso ere bai (1965, 1986, 1990 eta 1995. urteetakoak).

Balio historiko eta dokumental handiko fotogramak dira, gure lurraldearen garai bakoitzeko informazioa zehatza eskaintzen dizkigutelako eta hegaldietako asko gure hiriguneen lehenengo hiri-kartografiak egiteko erabili zirelako, 1:1.000 y 1:2.000 eskaletan. 1965eko hegaldi osoarekin, berriz, Bizkaiko Lurralde Historikoko lehenengo kartografia jarraitua sortu zen, 1:5.000 eskalan.

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatu Vicente Reyesek azaldu duenez, aplikazio hau kartografiako artxibo fotogrametriko osoa jendearen eskura jartzearren garatu da. Eta gaineratu du helburu hori epe ertainean jadetsi nahi dela, erabilgarri dagoen informazioaren bolumena itzela da eta. Gaur egun martxan daude artxiboko gainerako fotogramak georreferentziatzeko lanak.

Aplikazioaren kostua 120.000 € inguru izan da, eta horietatik 55.000 € garapen informatikorako erabili dira. Gainerakoa, berriz, fotogramak georreferentziatzeko (koordenatuetan posizionatzeko) eta doikuntza erradiometrikoa (kolore, distira eta kontrastearen zuzenketa) egiteko erabili da, ondo ikusi ahal daitezen. Inbertsioa urte bitan zehar egin da: 50.000 €, 2016. urtean, eta 70.000 €, 2017. urtean.


Argazkiak