2018(e)ko Januaryren 10(a) 20:21

Bizkaiko kobazuloen bisitaldi birtuala “K. o. 2018 . Paleolito. Kobazulotik Pixelera” Karrantzara iritsi da Aldundiaren eskutik

Euskara eta Kulturako Saila

Lorea Bilbao, Euskara eta Kulturako foru diputatuta eta Raúl Palacio, Karrantzako alkatea Karrantzako Turismo Bulegoan erakusketa inauguratu dute. Lekeition geldialdia egin ondoren “K. o. 2018 . Paleolito. Kobazulotik Pixelera” erakusketa Karrantzara iristen da eta zabalik egongo da urtarrilaren 11tik otsailaren 18ra arte herriko Turismo Bulegoan.

Euskara eta Kulturako diputatua eta Karrantzako alkatea erakusketaren inaugurazioan

Euskara eta Kulturako foru diputatuak, Lorea Bilbaok, Raúl Palacio Karrantzako alkatearekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiak herriko Turismo Bulegoan antolatu duen "K. o. 2018 . Paleolito. Kobazulotik Pixelera" erakusketa inauguratu du.

Erakusketa honetan bisitariak aukera edukiko du Karrantzan kokatuta dagoen Ventalaperra kobazuloaren bisitaldi birtuala egiteko eta bere barruan gordetzen dituen labar-artearen arloko altxorrak ezagutzeko. Aldi berean, beste bi bisitaldi birtual egin ahal izango dira, Armintxe eta Santimamiñe haitzuloetakoak. Armintxe Lekeition dago eta bertan oraintsu duela 14.000 urte egin ziren berrogeita hamar grabatu inguru aurkitu dira, duten kalitate teknikoagatik eta aparteko ikusgarritasunagatik oso bereziak eta balio handikoak direnak.

Lorea Bilbaok adierazi duenez Europan bakarrak diran altxorrak ditugu; zalantzarik barik, Bizkaia munduko mapan kokatu dabenak. Erakusketa honen ondare-balioa handia da, eta, gainera, hainbat talderen arteko lankidetzari esker egindako ikerketaren adibide argia da: teknikoak, arkeologoak, espeleologoak, geologoak... Lan hori garrantzitsua da, eta horri esker sortzen dan ezagutzak aberastu egiten dau gure lurraldea. Bilbaok gaineratu duenez erakusketa hau Bizkaian garatzen ari dan kobazuloko artearen kudeaketa-ereduaren emaitza da.

Erakusketa Bizkaiko haitzulo askotan ageri den arte paleolitiko izugarri eta aberatsaren adibide txikia baino ez da. Azken urte hauetan erakunde, arkeologo eta espeleologoek garatu duten lankidetzari eta lan erkideari esker historiaurreko artea duten kobazulo hauetako artelan asko lehengoratzeko eta aztertzeko aukera egon da. Ezagunak ziren Ventalaperra (Karrantza), Santimamiñe (Kortezubi) eta Arenaza (Galdames) kobetatik aparte  oraintsuago sartu dira zerrenda horretan, adierazgarrienak aipatzearren, El Rincón (Karrantza), Askondo (Mañaria), Atxurra (Berritua), Lumentxa eta Armintxe (Lekeitio) edo Morgota (Kortezubi) bezalako beste kobazulo batzuk.

Orain Karrantzan bisitatu daitekeen erakusketan kobazuloetan egin diren lanak eta lan horien emaitzak erakusten dira. Teknologia berrien laguntzarekin, erakusketan esperimentatu egiten da sormenarekin eta XXI. mendeko euskarriak erabilita, arte paleolitikoa oinarri tradizionaletan aurkezten diren sorkuntza berriagoekin lotzen da. Iraganetik gaur egunera egindako keinu bat.

Erakusketak era birtualean hiru kobazulo bisitatzeko aukera ematen du: Ventalaperra, Santimamiñe eta Armintxe. Begien bidez, bisitariak Bizkaian agertu diren arte-adierazpenik zaharrenak bisitatu ahal izango ditu, barru-barrutik eta berak bakarrik.

Gainera, erakusketa bisitatzen duten pertsonek eztanda artistiko bat esperimentatuko dute: arte paleolitikoaren eta XXI. mendearen arteko bat egitea. Miquel Barcelóren lanaren eskutik, bisitariak ikusi ahal izango du nola uztartzen diren arte paleolitikoa eta arte garaikidea eta digitala, eta bat-egite horren ondorioz espazio bakarra sortu dela, adierazpen horien arteko ezberdintasunak diluituz eta bisitaria ezohiko giro emozional eta berritzaile batean murgilduz. Kasu honetan, Armintxen aurkitutako grabatuen irudiak eta Barcelóren "Las Calabazas" koadroak bat egiten dute, aparteko bideo-lan bat, bakarra, sortuz.

Urtarrilean Rekalde Aretoan egin zen erakusketak milaka bisitari izan zituen. Digitalizazio-proiektu honen lehen urratsa izan zen, ordutik aurrera erakusketa hori egokitu eta beste udalerri batzuetara mugitzen delako. Bilboko agerraldiaren ostean erakusketa Lekeitiora joan zen azaroan eta oraingo honetan Karrantzako Turismo Bulegoan egongo da erakusgai otsailaren 18ra arte, astearteetatik larunbatetara, 10:00etatik 14:00etara. Erakusketa herriz herrikoa da eta Karrantzatik Mañaria eta Galdamesera joango da.

Ondare arkeologikoaren kontserbazio birtuala

Bizkaiko Foru Aldundiak gure lurraldean dagoen ondare arkeologikoa kontserbatzearen alde duen konpromisoaren barruan, lurraldeko Paleolitiko labar-arteko bederatzi kobazuloetako 3 dimentsioetako digitalizazio-lanak egin ditu: Ventalaperra, Askondo, Lumentxa, Arenaza, Morgota, El Rincón, Atxurra, Santimamiñe eta Armintxe. Guztira, Bizkaian Paleolitiko garaiko arte-aztarnak dituzten 14 kobazulo daude, baina Foru Aldundiak bederatzi horietan zentratu ditu bere ahaleginak, kobazulo horiek duten kontserbazio-egoera ona kontuan hartuta. Atxurra eta Armintxe kobazuloak ikerketa-prozesuan daude oraindik.

Proiektu honen helburua Bizkaiko bederatzi kobazulo horien eredu digital bat sortzea da, pinturak, grabatuak eta bestelako aberastasunak herritarrei gerturatzea posible izan dadin.


Argazkiak


Bideoak


Audioak