2017(e)ko abenduaren 05(a) 16:36

Errugbiko Europa mailako 2018ko finalak Bilbon ikusteko gonbitea egin die Jon Rahm-ek zaleei

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea - Ahaldun Nagusia

Gaur goizean San Mamesen egon da Jon Rahm, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin eta Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriarekin batera, nazioarteko hitzordu handi horretarako futbol-zelaian egiten ari diren prestakuntza-lanak zuzenean ikusteko. Finalak Bilbon jokatzeak eragin handia izango du Bilbon, Bizkaian eta Euskadi osoan, ekonomiari, irudiari eta nazioarteko proiekzioari dagokienez; izan ere, errugbiko kluben Europa mailako urteko lehiaketarik garrantzitsuenak direla esan ohi da.

Rementeria, Rham eta Aburto

Jon Rahm euskal golf-jokalaria, une honetan kirol horretako mundu mailako rankingaren 4. postuan dagoena, San Mames futbol-zelaian izan da gaur goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin eta European Professional Club Rugby (EPCR) klubeko kideekin batera. Topaketaren helburua European Champions Cup eta Challenge Cup hitzorduetarako futbol-zelaian egiten ari diren prestakuntzak in situ ikustea izan da, errugbi kluben Europa mailako bi final handiak hartzeko, alegia; hitzorduak 2018ko maiatzaren 11n eta 12an izango dira, San Mamesen, eta Bilboko zaleak animatu nahi izan dituzte hitzordu historiko horretan bertaratu daitezen.

Euskadin dagoela baliatuta, Jon Rahm, mundu mailako rankingeko lehen hamar postuetan sartzen historiako bosgarren golf-jokalaririk gazteenak, errugbi-zaleak animatu ditu 2018ko finalak ikustera joan daitezen: Bilbon oso kirol-zaleak gara, munduko hiriburu gastronomiko handietako bat da eta oso hiri abegikorra da; beraz, ezin duzue errugbi asteburu izugarri hori galdu.

Bizkaiko ahaldun nagusiak, Unai Rementeriak, Bizkaiarako urte hunkigarriena San Mames-en maiatzean hasten dela azpimarratu du. Munduko zelairik onenak errugbiko Europako lehiaketa handienaren finalak hartuko ditu. European Professional Club Rugby-k gu aukeratzea ohorea da. Errugbi-tradizio handirik ez duen leku batean egiten den lehen aldia da eta honek gutaz fidatzen direla esan nahi du, Bizkaiaz, handitan pentsatzen duen herri txikiaz, fidatzen direla. Garena munduri erakutsi ahal izateak hunkitzen nau.

Bestalde, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok gaineratu duenez, San Mames futbolaren katedrala da, baina Bilbon dena da posible eta maiatzaren 11 eta 12ko asteburuan errugbiko katedrala izango da. Lanean ari gara Bilbo errugbiaren hiriburua izan dadin asteburu horretan eta zaleek errugbi onenarekin goza dezaten, hiri anfitrioi onenean. Zuen zain egongo gara.

Bilbo, errugbiaren hiriburu Europarra 2018

Finalak Bilbon jokatzeak eragin handia izango du Bilbon, Bizkaian eta Euskadi osoan, ekonomiari, irudiari eta nazioarteko proiekzioari dagokienez; izan ere, errugbiko kluben Europa mailako urteko lehiaketarik garrantzitsuenak direla esan ohi da.  Bilboko hitzordua 2018an Euskadin izango dugun hitzordu garrantzitsuenetako bat izango da, herrialde guztietatik Bizkaira milaka turista eta zale iristea aurreikusi baita.

Besteak beste, nabarmendu behar da 2016ko maiatzean 86.000 zale izan zirela Lyonen bi final hauetan (58.000 Champions finalean), eta Frantziako hiri horretan 20,4 milioi euroko eragina izan zuela; horri gehitu behar zaio finala Europa osoan emititu zela, telebistaz.

Sarrerak salgai

Bilbon jokatuko diren European Champions Cup eta Challenge Cup 2018 partidak zuzenean ikusi ahal izateko sarrerak dagoeneko salgai daude. Guztira, 50.000 sarrera inguru jarri dira salgai partida bakoitzerako, eta European Professional Club Rugby klub taldearen webgunean eros daitezke: http://www.epcrugby.com/


Argazkiak