2017(e)ko abenduaren 05(a) 13:33

Geroz eta establezimendu gehiagok betetzen dute kontsumitzaileari tiketa ematearen betebeharra

Ogasuna eta Finantzetako Saila

Tiketak kontrolatzeko kanpainan zehar ikustatutako establezimenduen ia erdiak zehatz-mehatz betetzen du faktura zuzena emateko betebeharra. Orain dela bi urteko kopurua baino lau aldiz handiagoa da. Foru Ogasuneko ikuskatzaileek ostalaritza, merkataritza edo kontsumitzaileei zerbitzuak eskaintzen dizkieten gainerako lokalak bisitatu dituzte Bizkaiko 17 udalerrietan, eta 29ri zehapenak jarri dizkiete tiketa ez emateagatik edo tiketek datu garrantzitsuak ez izateagatik. Foru Ogasunak salmenta puntuen terminalen kontrol telematikoa gauzatzeko sistema bat jarriko du martxan 2019an, txikizkako merkataritzan iruzur fiskala saihesteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina berri bat garatu du faktura sinplifikatuak edo tiketak ematen direla egiaztatzeko, merkataritza, ostalaritza edo kontsumitzaileei zerbitzu ezberdinak eskaintzen dizkieten establezimenduek horretarako betebeharra baitute. Horretarako, ikuskatzaileek mota guztietako 90 establezimendu bisitatu dituzte eta egiaztatu dutenaren arabera, geroz eta gehiago betetzen da betebehar hori, establezimendu gehiagok entregatzen baitituzte tiketak modu boluntarioan. Era berean, kanpainatik kanpainara egiaztatu dute salmenta erregistratzen ez dutenen edo tiketa akatsekin sortzen dutenen kopuruak behera egin duela. Izan ere, 2015eko martxoan egindako lehenengo kanpainatik faktura unean eta behar bezala eginda ematen duten saltokien portzentajea lau aldiz handitu da.

Hala ere, azken kanpaina honen emaitza bezala, Foru Ogasunak 29 establezimenduri jarri diete isuna, eta horietariko hamahiruk salmentak makina erregistratzaileetan idatzi ere ez dituzte egiten. Isuna jarri diete baita ere tiketik ematen ez dutenei edo tiketak akats larriekin ematen dituztenei, besteak beste IFZ, data edo faktura zenbakia jartzen ez dutenei. Isunak 600 eurokoak dira, eta % 30eko murrizketa egiten da adostasunagatik. Beste 18 establezimenduri ohartarazpena egin zitzaien tiketak irregulartasun arinekin emateagatik.

Kontroleko kanpaina hauen helburua, zerga betebeharra betetzean irregulartasun larriak detektatzeaz gain, herritarrak tiketaren garrantziaz kontzientziatzea da. Egindako salmentak zuzen ez erregistratzea iruzur fiskala gauzatzeko lehenengo pausoa da, horren helburua ogasun publikoari diru-sarrerak ezkutatzea baita. Jarduketa ildo horri jarraiki, Bizkaiko Foru Ogasuna beste administrazio batzuekin batera, salmenta puntuen terminalak telematikoki kontrolatzeko sistema bat garatzen ari da. Sistema hori 2019an ezartzea aurreikusi da eta hala, Foru Ogasunak automatikoki jasoko du kontsumitzaileei zerbitzuak eskaintzen dizkieten saltokietako, ostalaritzako eta establezimenduetako kutxa erregistratzaileetan sartutako informazioa.

90 establezimendu 17 udalerritan

Kontroleko kanpaina hau gauzatu duten ikuskatzaileek merkataritza alor ezberdin askotako establezimenduak bisitatu dituzte, besteak beste honakoetakoak: elektronika, burdindegiak, informatika, farmaziak, parafarmaziak,  margoak, okindegiak, harategiak, aldizkari-dendak, frutategiak, ehun-konponketak, dietetika, produktu ekologikoak, belar-dendak, ostalaritza, gozotegiak, bazarrak, loradendak eta fauna,  material elektrikoa, liburu-dendak, papergintza eta kopistegiak, sarraila-dendak, ile-apaindegirako hornikuntza, maskota-dendak, bitxi-dendak, mertzeriak, erloju-dendak,  estetika saltokiak, estetika-zentroak, zapata konpontzaileak, albaitaritza-klinikak,  ibilgailuen auto-garbiketak,  lokutorioak eta diru bidalketa.

90 establezimenduak Bizkaiko 17 udalerri hauetan kokatuta daude: Zornotza, Balmaseda, Barakaldo,  Basauri, Berriz, Bilbo,  Durango, Erandio, Ermua, Galdakao, Gernika, Getxo, Leioa, Portugalete,  Santurtzi, Sestao eta Zalla.