2017(e)ko abenduaren 05(a) 12:15

boluntak Bizkaiko herritarren parte-hartzea eta elkartasuna sustatzen 15 urte egin dituela ospatu du aldundiak

Gizarte Ekintzako Saila

2002an, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK eta EDE Fundazioa lagun zituela, bolunta, boluntariotza eta parte-hartzerako agentzia, abiarazi zuen. Hauxe zuen helburu: Bizkaiko herritarren parte-hartzea eta elkartasuna bultzatzea, eta, zehazki, boluntariotza eta elkartegintza solidarioa sustatzea. Hamabost urte hauetan, ia 600.000 pertsonak eta irabazi asmorik gabeko 750 gizarte-erakundek zuzeneko onura atera dute boluntak eskainitako aholkularitza-, bitartekotza-, prestakuntza- eta sustapen-lanetik, bai eta agentzia horrek lagatako espazioetatik ere. Isabel Sánchez Roblesek Bizkaiko boluntarioei: Ezinbestekoak zarete.

Isabel Sánchez Robles, ekitaldian

Bizkaiko Foru Aldundiak bolunta boluntariotza eta parte-hartzerako agentziaren 15. urteurrenean hartu du parte. Agentzia horren bitartez, gizarte zibila antola dadin sustatzen du foru erakundeak, BBK eta EDE Fundazioa lagun dituela. Hiru erakunde sustatzaileak, boluntariotzan diharduten erakunde eta boluntario ugari eta herritarren parte-hartzea eta elkartasuna sustatzen duten gizarte-eragile asko izan dira Boluntariotzaren Nazioarteko Egunean antolatutako ospakizun-ekintzetan. Bilboko Santos Juanes plazan, agentziaren egoitzaren sarreraren parean, egin da ospakizuna, eta, besteak beste, "La Glo Circo" konpainiak aireko akrobazia saioa egin du eraikinaren fatxada nagusian; eraikin historiko hori BBKrena da, eta orain gutxi eraberritu da. 

Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuak Bizkaian dauden 100.000tik gora boluntarioei eskerrak eman dizkie beren lankidetzagatik: Denok gara garrantzitsuak Bizkaia garatze aldera, gizarte-garapena lortze aldera. Baina zuok, gizarte-erakundeok, boluntariook, ezinbestekoak zarete. Sánchez Roblesek aitortu du gizarte lorpen asko ez ziratekeela eskuratuko herritarren parte-hartze aktibo, libre eta desinteresatuagatik izan ez balitz. Hauxe esan du: Egunak joan eta egunak etorri, elkartasuna, doakotasuna, parte-hartzea, konpromisoa eta elkarlanaren balioak egia bihurtzen dituzten pertsona anonimoak dira horiek; izan ere, gure gizartean nahitaezkoak eta ordezkaezinak dira elementu horiek.

Uste horiek oinarri hartuta, 2002an, Bizkaiko Foru Aldundiak, BBK eta EDE Fundazioa lagun zituela, bolunta, boluntariotza eta parte-hartzerako agentzia, abiarazi zuen. Hauxe zuen helburu: Bizkaiko herritarren parte-hartzea eta elkartasuna bultzatzea, eta, zehazki, boluntariotza eta elkartegintza solidarioa sustatzea.

boluntaren jarduna batez ere boluntarioen eta beren erakundeen elkartasun lanean lagundu, eta hura babestu eta indartzera bideratuta dago. Helburu nagusia gure gizartean berdintasuna, elkartasuna eta parte-hartzea errotzea da. Hori guztia lortzeko:

  • Herritarrak sentsibilizatzen ditu, gizartean parte-hartzea zein garrantzitsua den uler dezaten.
  • Boluntariotzaren balioak aldarrikatu eta hedatzen ditu.
  • Pertsona gehiagok ekimen solidario berriekin bat egin dezaten errazten du eta elkarteei elkartasun proiektu berriak sortzen laguntzen die.
  • Elkarteek egindako lana eta boluntariotza-programen kudeaketa hobetzen laguntzen du.

Horretarako, zenbait zerbitzu integral eskaintzen dizkie Bizkaiko irabazi asmorik gabeko erakundeei, boluntarioei eta, oro har, boluntariotzan eta elkarte-mugimenduan jarduten hasi nahi duen pertsona orori. Hona hemen agentziaren jardun-eremu nagusiak: informazioa, prestakuntza, lan egiteko eta biltzeko espazioak lagatzea, aholkularitza eta gizarte-erakundeei laguntzea, baita gizarte parte-hartzearen arloko sustapen-, sentsibilizazio- eta bitartekotza-ekintza generikoak burutzea ere, honako hauek helburu izanda: elkartasun, doakotasun eta herritarren parte-hartze eta auto-antolakuntza kultura eta balioak zabaltzea.

15 urte, zenbakitan

bolunta errotutako proiektua da eta gero eta gehiago erabiltzen da; hainbat zerbitzuren erabilpen-maila egonkorra da. Osorik hartuta, proiektuan abian izandako lehenengo hamabost urteotatik honako datu hauek ondoriozta daitezke:

  • 599.874 pertsonak eta irabazi asmorik gabeko 750 gizarte-erakundek zuzeneko onura atera dute boluntak eskainitako zerbitzuetatik.
  • Aholku emateko- eta elkarte-mugimenduari laguntzeko 16.127 kontsulta.
  • 10.744 kontsulta boluntario izan nahi duten pertsonekin.
  • 3.689 boluntario berri boluntaren zuzeneko bitartekotzari esker.
  •  ‘Boluntariotzarekin bat’ izeneko 299 sentsibilizazio-topaketa.
  • 62 gaztek Europako Boluntariotza Zerbitzuan hartu dute parte: 39 Europara joan dira eta 23 Bizkaira etorri dira.
  • 1.078 prestakuntza-ikastaro eta mintegi antolatu dira, eta 18.553 pertsona matrikulatu dira horietan.
  • 370 sentsibilizazio-ekintza burutu dira hainbat ikastetxetan, eta 16 eta 18 urte bitarteko 8.648 ikaslek hartu dute parte horietan.
  • 148 sentsibilizazio-ekintza burutu dira hainbat unibertsitatetan, eta, horietan, 9.380 pertsonak hartu dute parte zuzenean.
  • 27.653 aldiz laga zaizkie espazioak elkarteei. Horietan antolatutako jardueretan, osotara, 446.000 lagun bildu dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak ospakizuna aprobetxatu du borondatezko gizarte-ekintza babestu eta sustatzea zein garrantzitsua den berresteko. Gaur, hamabost urte igaro ondoren, uste osoa dugun bolunta sortzera bultzatu gintuzten balioengan azpimarratu du Isabel Sánchez Roblesek. Bizkaiko gizartearen berezko gaitasunetan sinesten dugu, eta haren balio nagusietako bat elkartasuna dela uste dugu. Hori dela eta, boluntariotzan jarduten jarraitzeko tresnak behar ditugu oraindik, eragileok elkarren artean koordinatuz elkartasun komunitarioan oinarritutako parte-hartze kultura sustatze aldera. Eta, hain zuzen ere, horrexegatik gaude gaur hemen, amaitu du Sánchez Roblesek.


Argazkiak