2017(e)ko urriaren 11(a) 16:33

2017an gehieneko historikoa izan da Bizkaiko diru-bilketan, 7.448,1 milioi eurokoa, 2007an baino 250 milioi gehiago hain zuzen ere

Ahaldun Nagusiaren Kabinetea

Foru Aldundiak Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan aurkeztu du ekitaldia ixterako aurreikuspena, eta 2017rako egin zen aurrekontua % 6,5 hobetu da, eta 2016ko bilketa % 10,9 hobetu da. 2018ko diru-bilketa aurten izandako maila antzekoan mantenduko da. Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, berretsi duenaren arabera, errekuperazio ekonomikoari eusteko beharrezkoa da soldatak ere berreskuratzea, krisian zehar galdutako enplegu egonkortasuna berreskuratzea alegia.

Unai Rementeria, Ramiro González y Markel Olano

Bizkaiko Foru Aldundiak 7.448,1 milioi euroko diru-bilketa izango du aurten, eta hala, 2007an lortutakoa gaindituko du, orain arte gehieneko historikoa izan dena hain zuzen ere. Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, aurreikuspen hori aurkeztu du Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan, eta azpimarratu du bosgarren ekitaldiz jarraian, diru-bilketaren kopuruak aurreko ekitaldiko kopurua hobetu duela.
Diru-bilketaren martxa ona eta 2018an antzeko zifrak egongo direnaren aurreikuspena lagun, Rementeriak berriz ere azpimarratu du krisia dela-eta galdutako erosteko ahalmena eta enpleguaren egonkortasuna berreskuratzeko unea dela, horri esker ekonomiaren errekuperazioari eutsiko baitzaio.
Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan hartutako erabaki nagusiak hauek dira:

  • 2017ko ekitaldia ixtean izango den diru-bilketaren aurreikuspena

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 2017ko ekitaldi hau 7.448,1 milioi eurorekin itxiko da. Zenbateko horrek orain dela urtebete ekitaldi osorako aurreikusitakoa (6.990,8 milioi euro) % 6,5ean gainditzen du. 2017 urtea diru-bilketa zifra horrekin ixten baldin bada, 2016an lortutakoarekin alderatuz % 10,9 haziko litzateke.
Kontzeptu nagusien artean, hazkundeak honakoak izango dira: % 4,0 PFEZren bilketan (2016an baino 101,5 milioi gehiago); % 12,4 (75 milioi) Sozietateen gaineko Zergan, eta % 2,7 zuzeneko zergapetzean (BEZ eta Bereziak, 76 milioi gehiago).
EAE osoan diru-bilketaren aurreikuspena 14.391,3 milioi euroko dela kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Ogasunak % 51,6 bilduko du, Arabak % 15,9 eta Gipuzkoak % 32,4.
Azpimarratu behar da Estatuarekin BEZ doikuntza kontzeptuan egiten diren ezohiko diru-sarreretan pisu garrantzitsua duela itxiera aurreikuspen honek; horiek guztiak aurreko maiatzaren 17ko Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren erabakitik eratorri ziren. Diru-sarrera horiek kontabilizatu ezean, Bizkaiko diru-bilketa 7.144,2 milioi eurokoa litzateke.

  • 2018rako diru-bilketaren aurreikuspena

Hurrengo urtean Bizkaiko Foru Aldundiak 7.430,3 milioi biltzea aurreikusi du, 2017ko itxialdirako aurreikusitakoa baino % 0,2 gutxiago. Hala, Bizkaiak EAE osorako aurreikusitakoren (14.391,3 milioi euro) % 51,6 bilduko du. Arabak diru-bilketa osoaren % 15,9 bilduko du, eta Gipuzkoak % 32,4.
Bizkaiko Tributu Kontzertatuen 2018ko bilketaren aurreikuspenak % 2,9n finkatu du PFEZgatiko diru-bilketaren hazkundea. Sozietateen gaineko Zergan % 1eko hazkundea aurreikusi da, eta zuzeneko zergapetzean % 5,1ekoa. 2018ko diru-bilketaren aurreikuspena egiteko kontuan hartu da Bizkaiak 1.100 milioi euro inguru ordainduko dizkiela Arabako eta Gipuzkoako Foru Aldundiei BEZaren barneko doikuntzetan eta Zerga Berezietan.

  • Eusko Jaurlaritzari egingo zaizkien ekarpenen kalkulua

Finantza Publikoen Euskal Kontseiluak koefiziente horizontalak eguneratu ditu, eta horiek zehazten dute Foru Aldundiek erakunde komunei egiten dizkieten ekarpenak. Kalkulu berriaren arabera, Bizkaiak ekarpen horien % 50,37 egingo ditu. 2017an % 50,66ko ekarpena egin da, eta beraz, txikiagoa da kalkulu berriaren zenbatekoa. Arabak % 16,44ko ekarpenak egingo ditu (aurreko urtean % 16,45ekoak egin zituen) eta Gipuzkoak % 33,19koak (% 32,89).
Finantzen Euskal Kontseiluko kideek Ekarpenen Lege berri baten proposamena onesteko konpromisoa hartu dute. Hala, Lege berri horren proposamenaren oinarriak eskumenen analisia eta hiru erakunde-mailen finantzazioa izango dira. Proposamen hori 2018an zehar aurkeztu beharko da.
Bileran hartu diren beste erabaki batzuen arabera, 2018rako Doikuntza Funts Orokorraren behin-behineko ezarpena 125 milioi eurokoa izango da (Bizkaiak 18,9 milioi emango ditu), eta horrez gain, Gizarte Zerbitzuen Erakundeen Arteko Funtsari beste 20 milioi euro bideratuko zaizkio.

 


Argazkiak