2017(e)ko urriaren 11(a) 14:03

Aldundiak eguneko hiru zentro berri ireki ditu Gizarte Inklusiotik pertsonari arreta berritua eskaintzeko eredu batekin

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Laespada: “Eguneko zentroek pertsonek behar dituzten prestazioak eta arreta eskaintzen dute, euren ohiko inguruarekiko hausturarik ez eragiteko ahalegina eginda.” Aldaketak Gizarte Zerbitzuen Zorroaren barruan sartzen dira eta, halaber, eskubideen zabalkuntza eragiten dute

Teresa Laespada.

Aldi berean gazteei arreta eskaintzeko zentro bat jarri da abian.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila eguneko hiru zentro berri irekitzen ari da Gizarte Inklusioaren eredu berri bati egokitzeko prozesuaren barruan. Aldaketa honen filosofiaren oinarria ikuspegi komunitario batetik abiatuta  pertsonei eskaintzen zaien arreta indartzea da, hau da, egoitzazko dispositiboen ahaleginen ardatza zena gaindituz.

Sail horren ardura duen diputatuak, Teresa Laespadak, gaur eman ditu ezagutzera berrikuntza horiek joan den ekainean agindu zuena betez berak eskatuta Batzar Nagusietako Batzordean egin duen agerraldian.

Laespadak gogorarazi du gizarte esklusio altuaren barruko  foru eskumenek zaurgarrienak diren pertsonei arreta eskaintzea eskatzen dutela, hau da, pertsona horien autonomia eta ahalduntzea bideratuz eta, beti ere, kontuan hartuta pertsona horiek euren bizi-proiektua berriz eraikitzeko aukerak daudela.

"Eguneko zentroek pertsonek behar dituzten prestazioak eta arreta eskaintzen dute, euren ohiko inguruarekiko hausturarik ez eragiteko ahalegina eginda eta inklusiorako ibilbidean laguntza indibidualizatua eskainiz", azaldu du diputatuak.

Ikuspegi komunitario berrituak aldaketak eskatzen ditu Gizarte Inklusioko zentroen sarean, zentro horiek euren baldintzak  egokitu behar dituztelako (intentsitatea, iraupena edo eskakizuna); halaber, aldaketak eskatzen ditu kasuen gizarte-laguntzan eta  koordinazioan; zerbitzu guztietan eskaintzen den esku hartze psikosoziala indartzean; pertsonen eta horien eskubideen zentralitatean; eta esku hartze guztien generoaren arloko ikuspegian, gizarte esklusio egoeran dauden emakumeak bitan biktimak izan ez daitezen.

Arretaren eredu komunitarioaren aldeko apustu  honek, termino ekonomikoetan, egoitzazkoak ez diren zentroetan egiten den inbertsioaren gehikuntza eskatzen du, % 18,79koa. Beraz,  2016an baino 749.069 euro gehiago izango dira (munta, guztira, 4.679.000 euro da) eta Gizarte Inklusiorako Programetan igoera  % 62,5ekoa da (munta 1.984.395 euro da).

Hori programa askotan gauzatzen da, adibidez  ‘Habitat Bizkaia’, gazteei arreta eskaintzeko estrategia (Bilbon dagoen ‘Beinke’ egineko arreta zentroa) eta eguneko zentro berrirekin eskaintzen diren zerbitzuetan: ‘Etxepel’ Durangon, ‘Argitu’ Getxon eta ‘Bideberi’ Barakaldon.

Eguneko hiru zentro hauen eskaintzarekin Durangaldea, Getxo-Uribe Kosta eta Enkarterri-Ezkerraldea eskualdeetan dauden beharrizanak asetzen dira; horiei batu behar zaie  ‘Beinke’ eguneko zentroaren bidez gazteei eskaintzen zaien arreta.

Egineko zerbitzuen bidez arreta komunitarioa emateko apustu hau Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko Dekretuak arautzen dituen prestazioei egokituta dago baina, aldi berean, herritarren eskubideen zabalkuntza bikoitza eragiten du: pertsona independentea laguntzeko zerbitzua eta familiekin esku hartze sozio-hezkuntzazkoa eta/edo psikosoziala egitea.

Eguneko hiru zentroek eta gazteentzako ‘Beinke’ eguneko zerbitzuak arreta eskaintzen diete egoerarik zaurgarrienean dauden pertsonei, euren komunitateetan mantenduz  eta une oro euren inklusio-prozesurako behar dituzten intentsitateko eta eskakizun-mailako prestazio teknikoak eskainiz.

Ondorioz,  zerbitzuak ez dira pertsonek eguna igarotzeko duten espazio fisiko huts moduan jotzen, euren autonomia pertsonalerako esku hartzeko prozesuak lantzeko  eta euren bizitzak duintasun-baldintzetan berriz  eraikitzeko toki moduan baizik.

Zentroek eskaintzen dituzten prestazio teknikoak hauek dira:

•          Gizarte laguntza, pertsona erabiltzaileei beste era batzuetako laguntza ere eskainiz , adibidez  bitartekoak, emozionala, hezkuntzakoa eta harremanetakoa.

•          Esku hartze sozio-hezkuntzazkoa  eta psikosoziala, bizitza independentearen laguntza barne.

•          Artekaritza-bitartekotza; horren arabera pertsonak euren gizarte-ahalmenak garatzeko orientatuko dira, pertsonaren eta inguruan duen familia, talde edo erkidegoaren arteko elkar-eragiketak erraztuz.

•          Jarraipenaren eta arreta pertsonalaren balorazioa.

Prestazio horien garapenerako zentroek diziplina askotako taldeak dituzte; talde horien barruan  gizarte lana, psikologia eta gizarte hezkuntzaren arloetako profesionalak  daude.

ZENTROAK

‘Etxepel’ eguneko zentroa Durangon dago eta Durangaldea eskualdean gizarte inklusioaren arloan dauden beharrizanak asetzen ditu. Inklusio edo inklusio-arrisku egoeran dauden eta gizarte inklusioko ibilbidea osotzeko intentsitate ertaineko edo altuko laguntza behar duten pertsonentzat da. 

Zentroak hamalau plaza ditu eta zerbitzua eskainiko du astelehenetik igandera; astegunetan izango duen ordutegia  9:00 - 17:00 izango da eta larunbat, igande eta jaiegunetan  9:00 - 15:00.  Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu hau 2017ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra arte garatzeko egin duen inbertsioa 181.858 euro da.

 ‘Argitu’ eguneko zentroa  oraindik inplementazio-fasean dago. Zentro hori  Getxon dago.

‘Bideberri’ eguneko zentroa Barakaldon dago kokatuta eta Enkarterri-Ezkerraldea eskualdeko gizarte inklusioko beharrizanak asetzeko garatu da. Kasu gonetan plazak 30 dira eta zerbitzua astelehenetik igandera eskainiko du; astegunetan izango duen ordutegia  8:30 - 18:30 izango da eta larunbat, igande eta jaiegunetan  9:00 - 17:00.  Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu hau 2017ko maiatzaren 1etik abenduaren 31ra arte garatzeko egin duen inbertsioa 511.000 euro da.

Gizarte esklusio egoeran edo horren arriskuan dauden gazteentzat den ‘Beinke’ eguneko arreta eskaintzeko programari dagokionez esan behar da balio askotako aplikazioa duela eta era askotako zerbitzuak eskaintzen dituela gizarte esklusio egoeran dauden 18  eta 24  urteko pertsona gazteentzat: autoizaintza pertsonaleko,  garapen fisikoko eta emozionaleko trebeziak garatzea, mantentzea, areagotzea edo optimizatzea; sozializazioa; komunikazioa eta jarrera aurre-profesionalak edo zereginetakoak.  Derrigorrezkoa da adinaren ondorioz zailtasunak dituzten gazteei benetan funtsezkoak diren uneetan laguntzea, ostean euren bizitza-proiektua garatzeko gauza izan daitezen. Zentroak  urteko egun guztietan irekiko ditu ateak, gutxienez egunean 8 ordutan. Bizkaiko Foru Aldundiak 2017ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egin duen inbertsioa 700.000 euro da.

KOMUNITARIOA

Oso argi dago gizarte esklusioaren arrazoiak asko izaten direla eta, ezagutza horretatik abiatuta, esku hartze publikoak pertsonaren bizitzaren arlo guztietan izan behar du eragina, beti ere estrategiaren ardatza komunitarioa dela, hau da, pertsona horien gizarte-ingurua eta euren gizarte-eskubideen garapena.    

Nahitaezkoa da enpleguaren arloa landuko duten inklusioko programak eta bitartekoak ezartzea baina, aldi berean, derrigorrezkoa da aisialdia, jarduera kulturalak, boluntariotza edo erkidego mailako beste jarduera eta jarduketa batzuk lantzea, horiei esker pertsonak aukera izango duelako  bere  familia-loturak lehengoratzeko. Horrelako jardueretan autoestimua, erantzukizuna eta motibazioa eta autozaintza bezalako gaitasunak landuko dira, eta baita  ahalmen kognitiboak ere,  besteak beste  erabakiak hartzea eta elkar-eragiketako ahalmenak, eta baita afektiboak eta harremanetakoak ere", azaldu du.


Argazkiak