2017(e)ko urriaren 11(a) 12:34

Bizkaiak gizarte berrikuntzaren erreferentziako nodoa izatearen alde egin du apustu

Gizarte Ekintzako Saila

Isabel Sánchez Robles: “gizarte berrikuntzaren nodoa izateko bokazioa ezin da adierazpen hutsa izan, aitzitik, ekintzarako bide izan behar du, eta ahalegin horretan ari gara”. Gizarte Ekintza Sailak Gizarte Berrikuntzaren 3. Jardunaldia egin du Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailarekin batera. Jardunaldian aritu dira Cristóbal Colón, La Fageda enpresaren lehendakari eta sortzailea, eta Fiza Farhan, Emakumeen Ahalduntze Ekonomikorako NBEko Lehendakaritzaren Aholku Batzordeko kidea.

Bizkaiko Foru Aldundia: Gizarte Berrikuntzari buruzko 3. Jardunaldia. Euskalduna Jauregia.

Bizkaiko Foru Aldundiak apustu argia egin du lurraldea gizarte berrikuntzaren arloan erreferentziako nodo bihurtzeko, lurraldearen erronka sozialei aurre egitearren. Lan horretan, gainera, hainbat ikuspuntu batu nahi ditu: ikuspuntu soziala, bere Gizarte Ekintza Sailaren bitartez, eta jarduera ekonomikoaren sorreraren ikuspuntua, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailaren bitartez, Beaz eta Seed Capital enpresa publikoak ere barne direla.

Bileran, Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Isabel Sánchez Roblesek, berretsi egin du Foru Aldundiak konpromisoa hartu duela Bizkaia gizarte berrikuntzaren arloan erreferentziako lurralde bihurtzeko. Berrikuntza teknologikoek etorkizuneko jokalekuaren erabateko aldaketa marrazten ari diren garaiotan, Bizkaia ezin da albo batera geratu: etorkizunean uztartu egin behar ditugu berrikuntza teknologikoa eta gizarte berrikuntza, hazkundea inklusiboa izan dadin, baieztatu du Sánchez Roblesek.  Horrexetan ari gara ahaleginean, eta emaitza zehatzak lortu nahi ditugu. Bizkaiak gizarte berrikuntzaren nodo bat izateko duen bokazioa ez da adierazpen hutsa izan behar, aitzitik, ekintzarako bide izan behar du gizarte inklusibo, adimentsu eta jasangarri baten eraikuntzan, esan du azkenik.

Jardunaldiaren egitaraua

Bilboko Euskalduna Jauregian egin da jardunaldia, eta bi parte-hartzaile ospetsu izan ditu, esparru-hitzaldi bana egin dutenak: Cristóbal Colón etorri da Kataluniatik, La Fageda proiektu sozialaren lehendakari eta sortzailea bera; eta Fiza Farham ere etorri da, Emakumeen Ahalduntze Ekonomikorako NBEko Lehendakaritzaren Aholku Batzordeko kidea. 

Halaber, gizarte berrikuntzan diharduten pertsona eta erakunde garrantzitsu batzuek parte hartu dute jardunaldian. Hala, bada, honako hauek izan dira mahai-inguruetan: Constan Dacosta, Bizkaiko sozial angela; Txema Franco, Lantegi Batuak enpresaren zuzendari eta EHLABEko lehendakaria; Itziar Ceballos, Avifes elkarteko kudeatzailea; Aitor Ojanguren, KOIKIren sortzailea; Jon Mancisidor, Bizkaiko social angela eta EDE fundazioko lehendakaria; Manuel Uriarte, CREASeko kontseilaria; Peru Sasia, banku etikoen Europako federazioko lehendakaria.

Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak gizarte berrikuntzaren arloan garatu dituen laguntza tresnak darabiltzaten Bizkaiko proiektuen eta enpresen hiru esperientzia azaldu dira: Solidarters, Grupo TorreZuri eta 3DLAN deritzen erakundeenak.


Argazkiak