2017(e)ko urriaren 11(a) 11:53

Lorea Bilbao izan da Itsas Museoko aroztegian eraikitako Portu gangilaren txalupa lagungarriaren amabitxia

Euskara eta Kulturako Saila

“Eraikuntza hau Bilboko Itsas Museoaren proiektu zabalago baten barruan dago, Bizkaiko erriberako arotzeriaren ezagutza-ardatz bihurtu nahi baitu bere Erain lantegia”, azaldu du Bilbaok.

Portu ontzia Bilboko ibaian

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatua Portu gangila uretaratzeko ekitaldiko burua eta ontziaren amabitxia izan da. Ekitaldira bildu dira Itsasadarra Itsas Museoko zuzendaria, Jon Ruigomez, patronatuko kideak eta ontziaren eraikuntzan modu aktiboan parte hartu duten pertsonak eta erakundeak. Prozesu horretan ohiko eraikuntza metodoak errespetatu dira, bai eta tradizioak ere. 

Portu gangila ikusgai dago Museoko dikean. "Compañía Euskalduna de Construcción y Reparación de Buques" ontziolan 1902an eraikitako lehenengo ontzia izan zen, Labe Garaiek eskatuta. Beraz, 115 urte dituen ontzia da, eta aurkitutako planoen garaikidea; horregatik, berarentzat txalupa lagungarri bat eraikitzea erabaki genuen.

Ikerketa eginda, XX. mendearen hasierako Euskalduna ontziolako ontzi plano bat aurkitu zen, xehetasun eta kalitate handikoa, ontziolako "txalupa lagungarri estandar" baten formak ageri zituena.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak adierazi duenez, eraikuntza hau Bilboko Itsas Museoaren proiektu zabalago baten barruan dago, Bizkaiko erriberako arotzeriaren ezagutza-ardatz bihurtu nahi baitu bere Erain lantegia. Bilbaok adierazi du Portu ontzia gure ondare materialaren kontserbazinoaren sinboloetako bat dela, erriberako arotzeriagaz eta Bizkaiko zurezko ontziakaz lotura daukana. Bilbaok gaineratu du Erriberako arotzeria tradizionala desagertzen joan da azken urteetan jarduera ekonomiko lez. Gaur egun, ez dago profesionalik lanbide honetan, eta gero eta gitxiago dira erriberako arotzerian esperientzia daukien eta lanbidea ezagutzen daben arotzak.  Hori dala-eta, Bizkaiko Foru Aldundian uste dogu beharrezkoa dala Bizkaian XX. mendeko erriberako arotzeria tradizionala berreskuratzea, arriskua dago-eta lanbidea desagertzeko.   Ildo horretan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren proiektu handiago baten barruan ulertu behar dogu Portu gangilaren eraikuntza. Izan be, asmoa da Erain tailerra Bizkaiko erriberako arotzeriari buruzko ezagutza-polo bihurtzea. Hau da, tailerrean belaunaldiz belaunaldi transmitiduko dira zurezko ontziak modu tradizionalean egiteko erabilten ziran teknikak.

Erriberako arotzeriaren ezagutza-ardatzaren proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak bultzaturikoa da eta hainbat arlo ditu, baina denek bat egiten dute helburu orokor batean:

Lehenengo eta behin, Jon Ispizua Museoko erriberako arotza buru dela, boluntarioen talde bat sortu da eta prestakuntza ematen ari zaie. Horretarako eratu da Itsas Museoaren Lagunen Elkartea, "Itsas Lagun", Erriberako Arotzeriaren Atala. Azken urtean eratzen joan da, gaur uretaratu den txalupa lagungarria eraikitzen ari zen bitartean.

Txalupa bat eraikitzetik harantzago, helburua izan da kalitatezko prestakuntza ematea pertsona talde bati, Museoaren kanpoaldeko ontzi bilduma zaintzen eta mantentzen lagundu dezaten.

Bigarrenik, Otxarki Fundazioaren laguntzaz, Lanbide Heziketako arotzeria modulu bat antolatu da eta hori ere Museoko lantegian eman da.

Hirugarrenik, Museoak dohaintzan jaso du oraintsu arte lanean jardun duen ontziola baten (Bermeoko Gontzal Kortazarren ontziola) erreminta, molde eta tresnen multzoa. Alboko areto batean jarriko da ikusgai, eta Bizkaiko erriberako arotzeriak eta ontziek XX. mendean zehar nola eboluzionatu duten azalduko da bertan.

Laugarrenik, talde tekniko bat eratu da. Bertan batu dira hainbat espezialista, kontserbatzaile eta etnografo, EHU/UPV eta Bizkaiko Foru Aldundia, Nuevo Antxustegi arrantza-ontzia zaharberritzeko irizpideak adosteko asmotan. Gainera, Unibertsitateak praktiketako pertsona bat jarriko du prozesuaren dokumentazioan laguntzeko. Isas Lagun elkarteko "Modelismo Atala" ere Antxustegi ontziaren neurketak eta planoak egiten laguntzen ari da.

Gaur uretaratu dugun txalupak 4,65 metroko luzera du eta solaptuko sistemaren bidez eraikita dago. Txalupa lagungarria edo zerbitzukoa da, ontzi nagusiari laguntzeko funtzioak betetzen dituena; esate baterako, ainguratoki batetik lehorreratzeko edo amarratze maniobrak errazteko erabiltzen da. Portu Gangilak bezala maniobretarako ahalmen mugatua duten ontzietan, txalupa horiek garrantzi handia izaten dute.

Solaptuko eraikuntza sisteman oholak elkarren gainka jartzen dira luzetara, eta haien arteko ukipen azalera handiak uraren sarrera eragozten du, estankotasuna eta iraunkortasuna bermatuz. Hori bereziki garrantzitsua da txalupa lagungarri batean.

Txaluparen eraikuntza 2016ko irailaren 22an hasi zen, orain dela urtebete. Hutsetik hasi zen, planoaren irakurketatik abiatuta: trazadura, plantillak, gila jartzea, bularpea, korasta eta abar.


Argazkiak


Bideoak


Audioak