2017(e)ko urriaren 09(a) 11:31

Bizkaiak osorik bete ditu estatuak eta EAEk hondakinen alorrean ezarritako 13 helburuetako 10

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren azken berrikuspenak agerian jartzen du soilik helburu bat ez dela bete: hondakin gordinen isurketaren desagerpena, zehazki. Halaber, bete egin dira Bizkaiko Uri Hondakinen Aurrezaintzarako Planaren (2010-2016) helburuak. Bizkaiak sortzen dituen hondakinen % 80,9 aprobetxatzen ditu. Etxeko zaborraren per capita sorrera hauxe da: egunean 1,13 kilo, biztanle bakoitzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak proposatu du Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integrala luzatzea; hain zuzen ere, hondakin-kudeaketa antolatzeko, EBko ekonomia zirkularraren sortan egingo dituzten aldaketen arabera. Aldaketok etxerako erronkak ezarriko dituzte 2030. urtera arte.

Bizkaiko Foru Aldundiak gaur eman ditu ezagutzera 2005-2016 urteetan Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren (BUHKPI) azken berrikuspenaren datuak. Horien arabera, gure lurraldeak estatuak eta EAEk alor horretan ezarritako 13 helburuetako 10 bete ditu. Izan ere, soilik helburu bat ez du lortu: hondakin gordinen isurketaren desagerpena -aldez aurretik tratatu gabeko hondakinena-; beste biak zati batean bete ditu, alegia, tresna elektriko eta elektronikoei buruzkoa eta beira, metal, plastiko eta zurezko ontzien ingurukoa.

Zehazkiago, Bizkaian 527 kilo uri-hondakin sortu dira urtean biztanle bakoitzeko; hau da, 2001ean sortutako kopuru bera. Beraz, Garapen Iraunkorraren Ingurumen Estrategia 2002-2020 bete egin da. Estrategia horrek, bestalde, zabortegiko hondakinen portzentajea % 30era murriztea ezarri zuen 2020. urterako, eta gure lurraldean ehuneko hori % 19,1 izan da 2016an.

Modu berean, gure lurraldeak soberan gainditu du estatuak pila-, bateria- eta metagailu-hondakinen alorrean ezarritakoa. Hain zuzen, % 50eko birziklapen-tasa ezarri zuen 2020. urterako; baina Bizkaian, % 80,6koa da dagoeneko 2016tik. Hondakin biodegradagarriei dagokienez, estatuko araua ere bete egin da, zeinak 1995eko zabortegietako baloreak % 25 murrizteko helburua ezarri zuen 2016. urterako. Bizkaian, 130.768 tona gutxiago eraman dira zabortegira, iaz erregistraturiko benetako zenbatekoa baino askoz handiagoa (45.625 tona). Bestalde, lortu dugu estatuak ezarritako balorazio-tasa gainditzea. Hain zuzen, estatuak %60an ezarri zuen, eta Bizkaiak sortzen dituen uri-hondakinen % 80,9 aprobetxatzen ditu.

Dena dela, estatuko arauen beste helburu batzuen kasuan, gure lurraldeak zati batean bete egin ditu: alde batetik, ez da lortu tresna elektriko eta elektronikoen gaikako bilketa 4,6 kiloraino handitzea, nahiz eta oso urrun ibili ez garen (biztanle bakoitzeko, 3,36 kilo gaika batu egin dira); eta, beste alde batetik, ez dugu % 60ko birziklapen-tasa erdietsi beiraren eta paperaren eta kartoiaren frakzioetan (% 59 eta % 54koak lortu dira, hurrenez hurren). Metalezko, plastikozko eta zurezko ontziei dagokienez, berriz, bete dira helburuak.

Esan bezala, helburu bat baino ez da lortu: hondakin gordinen isurketa desagerraraztea. Helburu hori BUHKPIn nahiz Eusko Jaurlaritzaren 2007-2010 urteetarako Ingurumeneko Esparru Programan ezarrita zegoen. Egia da 2004tik zabortegien erabilera progresiboki murrizten joan garela. Izan ere, urte horretan, hondakinen % 53,8k zabortegietan amaitu zuten eta, 2016an, aldiz, % 19,1 baino ez dira horietara bideratu. Dena dela, hobetzen jarraitu beharra dugu oraindik ere. Bestalde, zabortegiak hizpide ditugunez, aipatu beharra dago 2016an nabaritu egin dela tratamendu mekaniko-biologikorako plantak (TMB) egindako greba.

BUHKPIren helburuak

Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integralaren oinarrizko alderdietako bat da dokumentu honetan jasotako helburuak aztertzea. Ildo horretan, azpimarratzekoa da berrerabiltzearen inguruko prebentzioan eta prestaketan hainbat lorpen erdietsi direla: hala, hondakinen per capita sorrera eguneko 1,13 kiloan mantendu da biztanle bakoitzeko (kopuru hori sortu zen, zehazki, 2016an); lortu da merkataritzako hondakinek 220.000 tonako kopurua ez gainditzea (130,018 tona metatu ziren iaz); eta uri-hondakinen sorrera 697.000 tonatik beherakoa izan da (2016an, 605.232 tona sortu dira).

Bestalde, bete da uri-hondakinen birziklapenari lotutako helburua: BUHKPIk % 40ko tasa ezarri zuen eta, iaz, % 43,78koa izan da. Alabaina, ez da % 4ko portzentaje-tasara iritsi konpostajean (% 1,1eko izan da); beraz, neurri eta jarduketa osagarri berriak prestatuko dira, behintzat hasierako helburu hori lortzen saiatzeko.

Gorago adierazi dugun bezala, ez da lortu hondakin gordinen isurketa desagerraraztea; baina, burutu da gure lurraldearen beharrei erantzuteko beharrezko hondakin-kudeaketako azpiegiturak ezartzeko prozesua.

II. BUHKPI luzatzea

Egindako azterketak, agerian jartzen du Bizkaiko hondakin-kudeaketaren alorreko politika bat datorrela Europako gidalerroekin. Beraz, kontuan izanik ekonomia zirkularraren gidalerroetan aldaketak egitea aurreikusi dela hondakin, zabortegi, ontzi, ibilgailu, pila eta metagailuen esparruetan, Aldundiak proposatu du II. BUHKPI 2020.urtera arte indarrean jarraitzea. Hain zuen, luzapenaren xedea plangintza bat egitea da, Europako aldaketek 2030. urterako ezarriko dituzten helburuei jarraikiz.


Bideoak


Audioak