2017(e)ko irailaren 14(a) 08:45

Abuztura arteko bilketa % 14,9 hazi da.

Ogasuna eta Finantzetako Saila

2017ko lehen zortzi hilabeteetan Bizkaiko Foru Ogasunak 4.808 milioi euro bildu ditu, 2016 urteko aldi berean baino 623 milioi gehiago. Zerga zuzenen bilketak % 19,7 egin du gora, eta zeharkako zergen bilketa % 0,8 jaitsi da. Foru Ogasunak datu horiek zuhurtziaz baloratzeko eskatu du, urtearen azken hilabeteetan bilketaren hazkundeak indarra hartzea espero baita.

Bizkaiko zerga itunduen bidezko bilketa 4.808 eurokoa izan da abuztura arte eta beraz, aurreko urteko aldi berean baino 623,1 milioi euro gehiago bildu dira, % 14,9 gehiago hain zuzen ere. Hala, ekitaldia bukatzeko lau hilabete falta direnean, Bizkaian 2017rako aurreikusitako kopuru osoaren % 68,8 bildu da. Edonola ere, bilketa martxa onean joateak ez du aldatu Ogasun eta Finantza Sailak finkatutako helburua, eta beraz, zuhurtziaz jokatu behar da, aurreikuspenen arabera orain arte erregistratutako gehikuntza indartu egingo baita urtearen azken hilabeteetan.

Bildutako kopuru osotik 2.477,7 milioi euro zuzeneko zergetatik bildu dira, eta hala, aurreko urtean baino 408,1 milioi euro (% 19,7) gehiago bildu dira.  Atal horretan PFEZren bilketak % 6,6ko igoera izan du, eta nabarmentzekoa da lan-atxikipenek % 3,5eko gehikuntza izan dutela.   Sozietateen gaineko Zergak 639,3 bildu ditu, eta 2016an 393,3 milioi bildu ziren. Garapen horren zergatiak bilketa gordina asko hazi izana eta itzulketak nabarmenki murriztu izana dira.

Zuzeneko bilketarekin gertatzen ez den bezala, zeharkako zergen bilketak behera egin du, % 0,8 2016ko datuekin alderatuta. Hala, urte honetako abuztuaren 31ra arte 1.831,3 milioi euro bildu dira, aurreko ekitaldian baino 15,5 gutxiago. Hilabete honetan BEZaren eta Zerga Berezien barneko doikuntzak kontabilizatu dira; zerga horiek direla-eta Bizkaiak 523,7 milioi euro ordaindu dizkio Araba eta Gipuzkoari (132,6 milioi eta 391,1 milioi hurrenez hurren). Hala, kudeaketa propioko BEZa % 6,3 gutxitu da. Zerga Bereziei dagokienez, aipatu behar da gehikuntza % 4,7koa izan dela, eta horien artean nabarmentzekoa da hidrokarburoen % 9,2ko hazkundea.

Bukatzeko, tasek eta zortzi hilabeteetan zehar metatutako gainerako diru-sartzeek 42,4 milioi euro bildu dituzte, 2016an baino 3,3 milioi gehiago. Hala, abuztuaren 31ra arte Kudeaketa Propioko Itundutako Zergek 4.351,4 milioi euro bildu dituzte guztira, eta beraz, 2016 urteko datuarekin alderatuz kopurua % 10 hazi da.

Estatuarekiko doikuntzei dagokienez, Bizkaiak 546,9 milioi euro jaso ditu BEZagatiko doikuntzetan, eta 90,2 milioi ordaindu ditu Zerga Berezien doikuntzetan.