2017(e)ko irailaren 13(a) 12:17

Aldundiak zaurgarritasun sozial bereziko egoeran dauden gazte etorkinei laguntzeko programa bat finantzatuko du

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

HEMEN programa CEAR-Euskadi batzordearekin sinatutako hitzarmenaren bidez garatuko da. Inbertituko den diruarekin —68.000 euro— programak 6 hilabete iraungo du

Bizkaiko Foru Aldundiak CEAR-Euskadi Errefuxiatuak Laguntzeko Espainiako Batzordearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatzea erabaki du, gizarte-bazterketako egoeran dauden gazte etorkinei HEMEN programaren bidez laguntzeko.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak kudeatzen duen hitzarmen honetan, sei hilabeterako 68.463 euroko ekarpen bat ezarri da.

HEMEN programaren helburua da gazteen emantzipazioa lortzea eta gizarte-bazterketako egoera prebenitzea, gizartearen eta hezkuntzaren arloko esku-hartze baten bidez.

Zehazki, arreta emango zaie bereziki babesgabe dagoen gazte-kolektibo bati, Bizkaiko Aldundiaren mendeko adingabekoen babes-zentroetatik irten berri direnei. Izan ere, gazteok ez dute aukerarik beste emantzipazio-programa batzuetan sartzeko, eta horrek zaurgarritasuna eta babesgabetasuna eragiten du.

Programaren bidez, koedukazioa landuko da, balioen hezkuntzatik eta harremanen garapena sustatuz begirunetik, autonomiatik, erantzunkidetasunetik eta elkarren onarpenetik.

CEAR-Euskadik, hitzarmenaren bidez, konpromisoa hartzen du gazte horiei akonpainamendu soziala, informazioa, orientazioa eta laguntza emateko, bai eta beste sistema edo gizarteratze-espazio batzuetako baliabide eta zerbitzuekiko harremanetan bitartekari-lana egiteko ere.

Programa honetako plaza bat eskuratzeko, beharrezkoa da zenbait baldintza betetzea, hain zuzen: etorkinak bakarrik egotea, 18-23 urte bitarteko adina izatea, Bizkaian erroldatuta egotea, prekarietate- edo zaurgarritasun-egoeran edo baztertuta geratzeko arrisku-egoeran egotea, programan parte hartzeko jarrera positiboa izatea eta zainketa sanitario espezializaturik behar ez izatea.

Programa honen bidez, laguntza eman zitzaien 170 gazteri, iaz, erroldatzeko, garraiorako, prestazio ekonomikorako, egoitzarako, laguntza juridikorako eta arreta sozio-sanitario edo psikologikorako.