2017(e)ko abuztuaren 14(a) 10:00

Turismo-aplikazio berri bat sortu da, Aldundiaren laguntzarekin

Euskara eta Kulturako Saila

Bilbo VR errealitate birtualeko aplikazio mugikor bat da —Binary Soulek garatua—, Bizkaiko hiriburuko leku enblematikoetan zehar ibiltzeko aukera ematen duena Aplikazioak euskarazko softwarea sustatzeko programaren laguntza jaso du. Foru Aldundiaren ekimen horren helburua da nabarmentzea teknologia berriek euskararen erabilera sustatzeko erreminta gisa dute balioa.

Binary Soulek Bilbo VR aplikazio mugikorra plazaratu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, euskarazko softwarea sustatzeko programaren esparruaren barruan. Aplikazioa Bizkaiko turismoa eta kultura-aberastasuna sustatzeko sortu da; izan ere, bide ematen du modu birtualean dozena bat leku bisitatzeko, hala nola Bilbao Guggenheim museoa, San Mames Barria, udaletxea eta Aldundiaren Jauregia. Espazio horietako bakoitzean, interakziorako aukera ematen du barruko zein kanpoko 360 graduko irudien bidez, gaueko moduan zein egunekoan. Halaber, informazio zehaztua eskaintzen da leku horietako bakoitzaren historia, arte eta erabilerari buruz, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Ukimen-nabigazioaren moduaz gainera, app honek beste birtual bat du, cardboard motako betaurrekoekin erabiltzen dena.

Bilbo VR aplikazioa doan deskargatu daiteke gailu mugikorretan, Android nahiz iOS sistemetakoetan, Apple eta Googleren on-line dendetan, eta, momentuz Bilboko espazio ezagunenak besterik eskaintzen ez badu ere, hazteko asmoarekin sortu da, hots, Bizkaiko beste udalerri batzuetako espazioak ere izango ditu.

Bilboko Binary Soul kooperatiba teknologikoak garatu du aplikazioa, eta, aurreko proiektuetan bezala, Bizkaiko Foru Aldundiak lagundu dio zeregin horretan, euskarazko softwarea sustatzeko dituen programen bidez. Izan ere, teknologia berriak euskararen erabilera sustatzeko —batez ere, gazteenen artean—  funtsezko baliabide direlakoan dago Foru Erakundea. Bizkaiko Foru Aldundiarekiko lankidetza-esparru horretan, Binary Soul kooperatibak beste proiektu batzuk garatu ditu, hala nola Sorginen Kondaira bideojokoa.


Argazkiak