2017(e)ko ekainaren 19(a) 11:01

Aldundia eta ACT akordio batera iritsi dira lehiaketan zehar euskararen presentzia bermatzeko eta sendotzeko

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeriak, Euskara eta Kultura diputatuak, Lorea Bilbaok, eta Traineru Kluben Elkarteko (ACT) presidenteak, Borja Rodrigok, foru erakundearen eta ACTren arteko lankidetza-hitzarmenaren aurkezpenean parte hartu dute; hitzarmen horren helburua lehiaketako jarduera guztietan euskararen presentzia bermatzea da.

Aldundia eta ACT akordio euskararen alde

ACTko lau traineru bizkaitarrek (Kaiku Producha, Zierbena Bahías de Bizkaia, Ondarroa Cikautxo eta Urdaibai Avia) Kale Nagusia hartu dute eta Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean egon dira Bizkaiko Ahaldun Nagusia buru izan den ekimen batean; bertan eszenaratu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta ACTk sinatutako hitzarmena, euskarak lehiaketa honetan presentzia handiagoa izan dezan eratutakoa hain zuzen ere. Helburua euskararen erabilera sustatzea da arraunean baita ere.

Ekimenean parte hartu dute Euskara eta Kultura diputatuak, Lorea Bilbaok, Traineru Kluben Elkarteko presidenteak, eta ligan parte hartuko duten Bizkaiko lau klubetako zenbait arraunlarik, eta ontzi bakoitzean Euskararen Txantxangorriaren irudia jarri dute, erakunde publiko eta pribatuek eta arlo guztietako eragile sozialek partekatzen duten euskararen ikur berria, hain zuzen ere. Bilbaok nabarmendu du ACTk berea egin duela euskara erabiltzeko gonbidapena. Guztiok batera arraun egin nahi dugu euskara geroz eta gehiago eta geroz eta alor gehiagotan erabiltzeko, eta hori gainerako kirolekin partekatzeaz gain, euskara erabiltzeko gonbidapen hau Bizkaiko gizarte guztira zabaldu nahi dugu. Rodrigok adierazi duenez, ACTk beti sustatu izan ditu euskara eta galiziera, eta hitzarmen honekin lortu nahi duguna gure konpromisoa are gehiago sendotzea da. Bestalde, Euskararen Txantxangorria bezalako proiektuek duten garrantzia azpimarratu nahi izan du, hain zuzen ere hizkuntzaren hedakuntza eta normalizazio-prozesua aurrera eraman ahal izateko.

2016an Bizkaiko traineru guztiek Euskararen Txantxangorria kanpainarekin bat egin zuten, eta hala, euskara erabiltzeko gonbidapena luzatzen duen ikur berria zabaldu eta ezagutarazteaz gain, herritarrak sentsibilizatu eta erabilera aukera berriak sustatu zituzten. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bizkaiko arraunak lankidetza sendotu dute pausu bat gehiago emanaz, eta ACTk, Eusko Label liga lehiaketa guztian zehar euskararen presentzia bermatu eta sendotzeko konpromisoa hartu du.

Hitzarmen honi esker kirolariek, klubek, Bizkaiko Federazioak eta Eusko Label ligak, euskara, galiziera eta gaztelania erabiltzeko konpromisoa hartu dute, ligan parte hartuko duten traineruetako hizkuntza ofizialak diren heinean. Hala, euskara sekula baino agerikoagoa izango da: besteak beste, Eusko Label ligako espazio guztietan euskara presente egongo dela bermatuko da, eta  komunikabide edo bisitariekin euskara erabili ahal duten pertsonak identifikatuta egongo dira.


Argazkiak


Bideoak


Audioak