2017(e)ko ekainaren 16(a) 12:28

Hamabost artistek beraien artelanak erakutsiko dituzte Aldundiak antolatutako Ertibil Bizkaia 2017 erakusketa ibiltarian

Euskara eta Kulturako Saila

Arte plastikoen erakusketa ibiltaria Bilboko Rekalde Aretoan martxan jarriko da eta Lekeitio, Leioa, Basauri, Bermeo eta Barakaldo udalerrietan egongo da ondoren. XXXV. edizio honetara 83 artistek 120 artelan aurkeztu zituzten, eta azkenean hamabost artista aukeratu dituzte erakusketa hau eratzeko. Lorea Bilbaok, Euskara eta Kultura diputatuak, gazte talentudunak sustatzeko ERTIBIL-BIZKAIA proiektuak duen garrantzia nabarmendu du.

Arte Plastikoen Ertibil Bizkaia Erakusketa Ibiltariaren XXXV. edizioa

Lorea Bilbaok, Euskara eta Kultura diputatuak, artistekin batera aurkeztu du Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen Arte Plastikoen Ertibil Bizkaia Erakusketa Ibiltariaren XXXV. edizioa. Artisten artean saria jaso dutenak hauek izan dira: Sahatsa Jauregi Azkarate, Iñigo Varona Sánchez eta Karlos Martinez Bordoy.

Lorea Bilbaok gazte talentudunak sustatzeko ERTIBIL-BIZKAIA proiektua izatearen garrantzia azpimarratu du, Ertibil Bizkaia sormenaren eta barrikuntzaren aldeko postura sendo eta erabakigarria da, urteen porasuz hitzordu ezinbesteko modura sendotu dana gure herrialdearen panorama artistikoan eta gizarte baten isla argia dana, arteakaz daukan sentsibilidade eta konpromisoaren erakusgarri. Ertibilek bide garrantzitsua egin dau eta talentu barriak topetako tresna ezin egokiagoa da. Zentzu honetan, XXI. mendeari begiratu gura deutso ilusino barriakaz, baina, aldi berean, haren helburua da Bizkaiari balio soziala emoten jarraitzea, talentu artistikotik be.

Ikusmen-arteen Ertibil Bizkaia erakusketa ibiltarian pintura, eskultura, grabatua, argazkigintza, eta DVD-bideo modalitateak jorratzen dira.

Erakusketa Bizkaiko sei udalerritatik igaroko da. Bilbon hasiko du ibilbidea, ekainaren 16an Rekalde Aretoan, eta bertan egongo da irailaren 10era arte. Ondoren, Lekeitioko Barandiaran Aretoan egongo da ikusgai urriaren 2ra arte eta Ertibil Bizkaiaren hirugarren geltokia Leioako Kulturaren Erakusketa Aretoa izango da, bertan egongo delarik azaroaren 6ra arte. Leioatik Basauriko Arizko Dorretxera joango da eta bertan egongo da azaroaren 13tik 27ra bitartean, eta ondoren Nestor Basterretxea Aretora mugituko da erakusketa abenduaren 15era arte. Azken geltokia Barakaldoko Erakusketen Udal Aretoa izango da, eta bertan egongo da urtarrilaren 2ra arte.

Edizio honetan 35 urte baino gutxiagoko 83 artistek parte hartu dute. Espezialitate guztietan aurkeztutako artelan guztien artean epaimahai profesional batek hamabost lan aukeratu ditu, eta horiek osatu dute hain zuzen ere Ertibil Bizkaia 2017 erakusketa. Sahatsa Jauregi Azkarateren Su tu tumba artelanak lehen saria jaso du, Iñigo Varona Sánchezen Particular del Norte artelanak bigarrena eta Carlos Martínez Bordoyren Don’t worry, you can’t get lost down here artelanak hirugarrena. Saria jaso duten hiru artista hauez gain, beste hamabi artista aukeratu dituzte edizio honetan beraien artelan hauek erakusteko: Nagore Amenabarro Irastorza, 08 series tectónicas artelanarekin; Nora Begoña Aurrekoetxea Etxebarria, Gula lanarekin; María Benito Pirizek La palabra hablada erakutsiko du; Marion Josephine Cruza Le Bihan Imagination Morte Imaginez artelanarekin; Teresa María del Romero Montesek El pequeño fantasma se puso Triste II erakutsiko du; Claudia Rebeca Lorenzo Sainzen Respirar lana; Edurne Martinez Arroyo, 1063 paisajes artelanarekin; Juan Pablo Orduñez Martinez, Monumento a los campesinos asesinados lanarekin; Oihane Sánchez Duro, Amnésica lanarekin; Maria del Mar Torre Serrano, Conducir es un arcoíris artelanarekin; Cristian Alberto Villavicencio Ruiz Flowing Cartography lanarekin, eta bukatzeko, Irantzu Yaldebere Arteaga, Arrosa lanarekin.

Udako ekintzak Rekalde Aretoan

Rekalde Aretoak 2017ko udarako jarduerak antolatu ditu erakusketak modu ludiko eta didaktikoan ezagutzeko. Jarduerak doakoak izango dira eta hurrengo hilabeteetan adin guztietako jendeak gauzatu ahal izango ditu.

Bisita komentatuak

Ekainak 22 (gaztelaniaz), 18:00etan eta ekainak 29 (euskaraz), 18:00etan, Garazi Ansa erakusketa-koordinatzailearen eskutik. Doako jarduera, aldez aurretik ez da izena eman beharko.

Artea eta memoria

Ekainak 23 eta 30, 12:00etatik 13:30era. Ertibil Bizkaia 2017 erakusketa bisitatu ahal izango da eguneroko memoria hobetzen lagunduko duten hainbat dinamika eginez. Doako jarduera, eta aldez aurretik izena eman beharko da.

ECOS#13

Ekainaren 23an, 19:00etan, Iván Gómezek gidatuko duen ikus-entzunezko irakurketa saio berri bat egingo da, eta irakurketaren oinarria Ertibil Bizkaia 2017 ekimeneko ikus-entzunezko piezak izango dira. Sarrera doakoa.

Familientzako tailerra

Tailer hau ekainaren 17an izango da, 11:00etatik 13:00etara, eta 4 eta 11 urte bitarteko umeak dituzten familiei zuzenduta egongo da. Jardueran zehar Ertibil Bizkaia 2017 erakusketa bisitatuko da eta nagusiki gure erakusketa kolektiboa osatzen duten obretako arropa eta ehunak landuko dira. Nahi duzu paisaia kolektibo bat sortu eta margotu arropa erabiliz? Doako jarduera, aldez aurretik izena eman beharko da.

Summer @rekalde (In English)

Jarduera hau 2017ko ekainaren 29an eta 30ean egingo da, 11:00etatik 13:00etara, eta 6 eta 12 urte arteko umeek parte hartu ahal izango dute. Bi saioetan zehar ingelesa praktikatuko dute inguratzen gaituzten eguneroko objektuen "soinu" ahalmena eta ahalmen artistikoa deskubrituz eta esperimentatuz. Doako jarduera, aldez aurretik izena eman beharko da.

Transformazioen tailerra

2017ko uztailaren 4an, 5ean eta 6an 3 eta 6 urte arteko umeek (10:30tik 11:45era); eta 7 eta 11 urte arteko umeek (12:00etatik 13:30era) "Transformazioak" jardueran parte hartu ahal izango dute Rekalde Aretoan. Oporrak iritsi dira eta eskolara joan ordez hondartzara, mendira edo parkera joaten gara. Arropa aldatzen dugu: Praka motzak, txankletak, eguzkitako betaurrekoak...Baina, zertxobait gehiago aldatzen baldin badugu? Zergatik ez jarri eskuak hanketan, zaldi baten begiak eta olatuak ilearen ordez? Hiru saioetan zehar pieza artistikoak aztertu, komentatu eta sortuko ditugu. Doako jarduera, aldez aurretik izena eman beharko da.

Artez blai!

Artez blai! Egungo praktika artistikoetara modu ludiko batean hurbiltzea bilatzen duten jarduerak dira. Gutxienez 8 laguneko taldeak eta gehienez 20 lagunekoak. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egingo den jarduera. Doako jarduera, aldez aurretik izena eman beharko da.

Informazio gehiago jasotzeko eta erreserbak egiteko: 94 406 85 32 edo salarekalde@bizkaia.eus


Argazkiak


Bideoak


Audioak