2017(e)ko ekainaren 16(a) 13:35

Aldundiak abian jarriko du ingurumeneko basozainen zerbitzu berri bat, naturagune babestuak zaintzeko

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Agintaritzaren agente horiek naturagune babestuetako natura-ondarea, habitatak eta flora eta fauna mehatxatuak zaintzeko ardura izango dute, eta espaziootan egiten diren era guztietako arau-hausteekin lotutako salaketak jarri ahal izango dituzte. Zerbitzu berria, orobat, espezie babestuak eta berreskuratutako fauna basatia jaso, hartu, garraiatu eta askatzeaz arduratuko da; fauna basatiaren populazioa kontrolatzeko jarduerak egingo ditu; espazio horietan egiten diren obrak eta lanak kontrolatuko ditu ingurumenaren ikuspuntutik, eta larrialdietan jardungo du (haizea, elurra, uholdeak...). Eginkizun horiek izango dituzte, besteak beste. Ingurumeneko basozainek Base Gorria zerbitzua ordeztuko dute apurka-apurka, zeinaren eginkizunak laster aldatuko diren zerbitzu batetik besterako prozesua errazteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak abian jarriko du ingurumeneko basozainen zerbitzu berri bat, ingurumenaren arloko jarraipena egingo duen basozaintza-zerbitzu espezializatu bat, zeinaren eginkizun nagusia izango den natura-ondarea, habitatak eta flora eta fauna mehatxatuak zaintzea. Agintaritzaren agente gisa, basozainok naturagune babestuetan egindako era guztietako arau-hausteekin lotutako salaketak jarri ahal izango dituzte

Ingurumeneko basozain berriak urteko 365 egunetan prest egongo dira jarduteko, eta, bereziki, eginkizun hauek beteko dituzte: espezie babestuak eta berreskuratutako fauna basatia jaso, hartu, garraiatu eta askatzeaz arduratuko da; fauna basatiaren populazioa kontrolatzeko jarduerak egingo ditu; babes zibilaren arloan eskumena duen administrazioarekin lankidetzan arituko da naturagune babestuetan pertsonak bilatu eta erreskatatzeko lanetan; espazio horietan egiten diren obrak eta lanak kontrolatuko ditu ingurumenaren ikuspuntutik; larrialdietan jardungo du (haizea, elurra, uholdeak...), eta, azkenik, lankidetzan jardungo du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko gainerako basozainekin.

Organikoki, zerbitzu berria Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren menpe egongo da, eta Natura Ondarea Zaintzeko Zerbitzuari atxikita. Zerbitzu horretan, ingurumeneko basozaintza berriak egingo duen zaintza-lana eta gainerako eginkizunak koordinatu eta zuzenduko ditu, eta jarduerari buruzko zenbait txosten egingo dira.

Ingurumeneko basozainek Base Gorria zerbitzua ordeztuko dute, apurka-apurka, zerbitzu batetik besterako prozesua errazteko. Beraz, Base Gorriaren eginkizunak laster aldatuko dira, basozaintza-zerbitzu berriak bere gain hartzeko.

Eginkizunen aldaketa horren ondorioz, Base Gorriak orain arte eman duen telefono bidezko laguntza emateari utziko dio; telefono-zenbakia, ordea, bere horretan gertatuko, erabiltzaileen erosotasun-arrazoiak direla-eta. Aurrerantzean, telefono bidezko laguntza-zerbitzua Zugaztel foru-erakunde publikoak kudeatuko du, zenbait zerbitzuei dagokionez (hildako azienda eramatea, adibidez). Su-itzaltzeko zaintaldeak koordinatu eta antolatzen dituen Basalan enpresa foralak, berriz, suteekin lotutako larrialdiei erantzungo die, eta zaintaldeak aktibatuko ditu, SOS Deiak-112ren abisua jaso ondoren; hau da, halako larrialdietan ezarri ohi den prozedurari jarraituko zaio.