2017(e)ko ekainaren 16(a) 12:55

Aldundiak zerbitzu telematiko gehiago jarriko ditu Bizkaiko lehen sektorearen esku, online egiteko 8 izapide berri martxan jarrita

Iraunkortasuna eta Ingurune Naturalako Saila

Joan den otsailaren amaieratik, sektoreko profesionalek aukera dute foru-erakundearen egoitza elektronikoaren bitartez egiteko, online, Abeltzaintza eta Landa Garapenerako zerbitzuekin zerikusia duten 6 izapide. Laster, beste zortzi jarriko dira martxan: zaldiak eta untxiak hiltegira eramateko gidak, urteko derrigorrezko aitorpena (UDA), abereak albaitari-kontrolik gabe lekualdatzeko gidak, erretze-baimenak, baso partikularrak mozteko baimenak, basoberritze-baimenak, nekazaritzako makinen alta eta produktu eta operadore fitosanitarioena eta mahastizaintzako hondakinak deuseztatzearena (upategiak). Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak garaturiko egitasmo batean sartzen dira ekimenok, hau da, lehen sektorearen eta Foru Administrazioaren arteko harremanetarako sistema teknologikoak hobetzeko planean.

Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzu telematiko gehiago eskainiko dizkio lehen sektoreari. Hain zuzen ere, online jarduteko zortzi izapide berri inplementatuko ditu, eta, aurtengo otsailetik era berean izapidetu daitezkeen seiak bezala, Foru Aldundiaren egoitza elektronikotik bideratu daitezke. Denek dute zerikusia Abeltzaintza eta Landa Garapenerako zerbitzuekin. 2016tik hasita, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak modernizazio-plan bati ekin dio, eta egitasmo horren barruan kokatzen dira ekimenok. Bi arlori dagozkio: profesionalek egunerako lanean darabiltzaten sistema informatikoak eta lanabesak modernizatzea, batetik, eta, bestetik, lehen sektoreko profesionalek Foru Administrazioarekin harremanetan jartzeko erabil ditzaketen sistema teknologikoak berritzea; kasu honetan, Abeltzaintza Zuzendaritzarekin harremanetan jartzeko erabil ditzaketenak.

Laster martxan jarrik diren onlineko izapideak hiri zerbitzuri dagozkio: Nekazaritza, Abeltzaintza eta Basoak. Lehen zerbitzuaren kasuan, egoitza elektronikoaren bitartez izapidetu ahal izango da nekazaritzako makinen alta, produktu eta operadore fitosanitarioena eta mahastizaintzako hondakinak deuseztatzeari dagokiona (upategietarako). Abeltzaintza Zerbitzuan, online eman ahalko dira gida bi, zaldiak eta untxiak hiltegira eramateari buruzkoak eta abereak albaitari-kontrolik gabe lekualdatzeari buruzkoak. Horiez gainera, urteko derrigorrezko aitorpena ere (UDA) era berean egin ahalko da. Baso Zerbitzuari dagokionez, online eskatu ahal izango dira erretze-baimenak, baso partikularrak moztekoak eta basoberritzekoak.

Izapide horiez gainera, badira beste sei aurtengo otsailetik egin daitezkeenak egoitza elektronikoan: azaleraren aitorpenaren eta eskabide bakarraren proposamena, behien jaiotza-deklarazioa eta behia identifikatzeko agiria (BIA), hiltegira eramateko gida-eskaerak, krotalen bikoizketa eskaerak eta ukuiluko liburuen eskaerak.

Urrats handia egin dugu aurrerantz teknologiak lehen sektoreko profesionalei gerturatuz, betiere haien bizi-kalitatea hobetzeko asmoarekin. Garai hasiberri batean gaude, eta denbora bat behar da lanabes berri horietara apurka gerturatzeko eta haietara egokitzeko, esan du Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru-diputatuak, ekimenok azaldu ondoren.

Lehen sektoreko profesionalentzat, abantaila handiak ekarriko dizkiete modernizazio-plana martxan jartzeak eta izapideak online egiteko aukera izateak. Alde batetik, modua izango dute informazioa kontsultatzeko eta beren negozioekin zerikusia duten zenbait izapide interneten egiteko, modu bizkor, eroso eta seguru batean. Beste alde batetik, aukera izango dute beren izapideak eguneko 24 orduetan egiteko, astean 7 egunetan, urteko 365 egunetan, ordenagailutik, mugikorretik nahiz tabletetik. Gainera, aukera ematen zaie etxetik konektatzeko, edo ustiategitik, edo beste edozein tokitatik, eta, horrela, ez dute zertan joan lurraldeko nekazaritza-bulegoetara edo Bizkaiko Foru Aldundiaren beste egoitza batzuetara. Eta, batez ere, sistema horri esker, bermaturik daude isilpekotasuna eta datu-segurtasuna, pribatutasuna ziurtatzen duten bitartezko elektronikoen bidez.