2017(e)ko ekainaren 08(a) 12:30

Aldundiaren 3i programak 15 proiektu berri lagundu ditu eta proiektu horien balioa 25,4 milioi euro da

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Inbertsioa, berrikuntza eta nazioarteratzea era integralean laguntzeko programak 4,8 milioi euro erabiliko ditu aurten, 2017an, eragin handiko proiektuekin Bizkaiko enpresen lehiakortasuna sustatzeko. 15 proiektu horietan 75 enplegu berri sortuko direla kalkulatu da eta enpresa horien fakturazioan 31,2 milioi euroko gehikuntza eragingo dute.

Navacel enpresa bisita

Bizkaiko Foru Aldundiak  inbertsioa, berrikuntza eta nazioarteratzea era integralean laguntzeko 3i programan parte hartzeko Lurraldeko enpresek aurkeztu zituzten 45 proiektuetatik 15 hautatu ditu. Imanol Pradalesek iragarri duen bezala, hautatu diren 15 proiektu horiek 25,4 milioi euroko inbertsioa eskatzen dute eta, enpresek eurek egin dituzten aurreikuspenen arabera, 75 lanpostu berri sortuko dituzte.

Programak parte hartzen duten enpresengan izango dituen eraginei dagokienez esan behar da horien 2019ra arteko fakturazio agregatuan 31,2 milioi euroko gehikuntza gertatuko dela, eta 20,5 milioikoa esportazioaren kapituluan. Zenbaki horiek enpresek euren proiektuei ekiteko aukera izanez gero aurreikusi dituztenak dira.

Kasu horietatik 13tan sektore industrialeko enpresak dira: automozioa, ekipo-ondasunen fabrikazioa, transformazio metalikoa, sare elektrikoetako elementuen ekoizpena… eta farmakoen eta analisi-ekipoen ekoizpenean jarduten duten enpresen bioteknologiako bi proiektu daude. Helburuak planta berriekin, teknologiaren arloko inbertsioekin, produktu berriekin eta balio erantsi, sentsorizazio edo diseinu prozesuekin eta negozio-unitate berrien sorkuntzarekin haztea da.

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak 2016an jarri zuen abian 3i programa. Hazkuntza eta enplegu terminoetan eragin handia izan behar zuten proiektuetarako 500.000 eurora arteko diru-laguntzen lehen linea bezala sortu zen. Agian ezagunenen artean ez dauden baina handi izatera deituta dauden konpainientzako programa da; guretzat ezkutuko txapeldunak diren enpresentzat. Hori da 3i. Lehen deialdiak oso argi frogatu zigun. Eta aurten areagotu egin dugu programaren aldeko apustu hori eta zabaldu egin da aurrekontua 4,8 miloi eurora arte, azaldu du foru diputatuak.

Imanol Pradalesek 2016an 3i proiektua aurkeztu zuen Navacel enpresaren bisita-ekitaldian eman ditu ezagutzera datu hauek; proiektu horren bidez negozio-linea berria sortu nahi zuen eguzki-energiaren sektorean. Azken urte honetan Navacel-ek kontratazio berriak egin ditu ezagutza espezializatua inkorporatzeko, inbertsio berriak egin ditu makineria-parkean eta merkatu berriak irekitzea lortu du.


Argazkiak


Bideoak


Audioak