2017(e)ko ekainaren 05(a) 11:09

Biscay ESG Global Summit goi-bilerak finantza arduratsuen arloko erreferente bihurtuko du Bizkaia

Ahaldun Nagusiari laguntzeko unitatea

Ekainaren 26 eta 27an, mundu osoko profesionalek ingurumen-irizpideak eta irizpide sozialak oinarri dituen inbertsioari buruz eztabaidatuko dute. Unai Rementeriak nabarmendu du Bizkaia egokia dela finantza-eredu honen alde egiteko, balioak dituen eta finantzen arloko tradizio luzea duen lurraldea baita.

Biscay ESG Global Summit aurkezpena

Ekainaren 26 eta 27an, Biscay ESG Global Summit inbertsio arduratsuari buruzko nazioarteko goi-bilera hartuko du Bizkaiak. Hitzordu honek finantzen munduan garrantzia hartzen ari den arloko bateko nazioarteko adituak elkartuko ditu. Izan ere, inbertsioei buruzko erabakiak hartu behar direnean, gero eta gehiago hartzen dira kontuan, ingurumen-irizpideak, irizpide sozialak, generoa edo aniztasuna.

Hain zuzen ere, inbertsio arduratsuaren funtsen bolumena hazi egin da Europan: 2010ean, 200.000 milioi eurokoa izan zen; 2014an, aldiz, 372.000 milioi eurokoa. Eta, aurreikuspenen arabera, joera horri eutsiko dio hurrengo urteetan. Bestalde, Nazio Batuak gizarte-erantzukizunean oinarritutako inbertsio-irizpideak sustatzen ari dira eta, gaur egun, esan daiteke ESG irizpideak (ingelesezko siglen arabera, ingurumena, soziala eta gobernu korporatiboa) betetzen dituzten enpresak errentagarriagoak direla epe ertainera eta epe luzera.

Testuinguru honetan, Bizkaiak Biscay ESG Global Summit inbertsio arduratsuari buruzko lehen goi-bilera hartuko du, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Enrique Sáez Finecoko presidenteordeak eta Guillermo Dorronsoro Deusto Business Schooleko dekanoak jakinarazi dutenaren arabera. Hala, Biscay ESG Global Summit goi-bileraren lehenengo edizio honek aditu ospetsuak elkartuko ditu Euskalduna Jauregian, besteak beste hauek: Helena Viñes Fiestas, BNP Paribas Asset Managenmenteko azterketa iraunkorraren taldeko arduraduna; Jan Poser, Bank Safra-Sarasin taldeko aktiboen kudeaketaren eta azterketa iraunkorraren arduraduna edo Josu Jon Imaz, Repsoleko CEOa.

Tradizioz, Bizkaia finantza-eremu eta banku garrantzitsuen egoitza izan da eta finantzen arloko profesional handiak izan ditu; orain, inbertsio arduratsuen erreferente izan nahi du Europan eta nazioartean, erakundeak, enpresak, finantza-erakundeak eta unibertsitatea elkartzeko ingurune egoki bat sortuta.

Ildo horretan, Rementeriak nabarmendu du Foru Aldundiak erabaki duela lan egitea Bizkaia erreferente izan dadin oraindik sortu gabe dagoen mundu batean, hurrengo belaunaldiei Bizkai hobe bat uzteko gauzak ezberdin egin nahi dituen gobernu ekintzailea baita.

Aldi berean, ekainaren 26 eta 27an Guggenheim Museoan eta Euskalduna Jauregian nazioarteko goi-bilera egingo dela eta, Deustuko Unibertsitateak inbertsio arduratsuari buruzko udako eskola antolatuko du.


Argazkiak


Bideoak


Audioak