2017(e)ko maiatzaren 25(a) 12:34

Bizkaiko hainbat altxor arkeologiko ikusi ahalko dira adituen eskutik Aldundiak antolatutako ibilbideetan

Euskara eta Kulturako Saila

Aurten, Foru Aldundiak beste hiru toki gehitu dizkie ibilbide historikoei. Ekainean, uztailean eta abuztuan, Bizkaiko Foru Aldundiak honako leku hauek bisitatzea antolatu du: Ereñozar gaztelua, Arrolako Oppiduma, Tribisburuko nekropolia, Foruko Multzo Historikoa eta aurten, berrikuntza gisa, Finagako San Martin ermita (Basauri), eta Malmasingo gotorlekua nahiz Abrisketako San Pedro ermita (Arrigorriaga). Aldundiak euskaraz nahiz gaztelaniaz eskainiko ditu bisitaldiak; talde txikiak izango dira eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik erreserbatu beharko dute, telefonoz 688 856 689 edo posta elektronikoaren bitartez ibilbideak@bizkaia.eus

Ibilbide Historikoak aurkezpena

Ibilbide Historikoak aurkezpena

Euskara eta Kulturako diputatuak, Lorea Bilbaok, ibilbide arkeologikoak hartuko dituzten sei udalerrietako ordezkariekin batera, uda honetan Bizkaiko toki historikoetara egingo diren bisitaldiak aurkeztu ditu

Euskara eta Kulturako diputatuak, Lorea Bilbaok, hauxe adierazi du: aurton, Basauri eta Arrigorriaga gehitu dira. Izan be, gure ondarearen balioa neurtuezina da; historiaz blai dagozan lekuak ditugu, ezagutzaren eta ikerketaren sorleku diranak. Bisita-programa honegaz, herritarrak Bizkaiko altxorretara hurbiltzea gura dogu; lurralde honetako ondarearen garrantziaz jabetu daitezan gura dogu.

Ekainean, uztailean eta abuztuan, bisitaldi gidatuak egingo dira adituen eskutik, Bizkaiko sei udalerritan: Arrigorriaga, Arratzu, Basauri, Bermeo, Ereño eta Forua.

Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako bisiten programa hau ekaineko lehen asteburuan hasiko da eta, berrikuntza gisa, Malmasingo ibilbide historikoa deritzonari emango dio hasiera, Basauri eta Arrigorriaga udalerrietan burutuko dena hileko asteburu guztietan. Ibilbide horretan Finagako San Martin, Malmasingo gotorlekua nahiz Abrisketako San Pedro bisitatuko dira.

Bestalde, Urdaibaiko ibilbide historikoa deritzona uztailean eta abuztuan gauzatuko da, eta gai horretan adituak direnek toki guztietako xehetasunak eta burututako ikerlanen emaitzak emango dituzte. Eremu horretan toki hauexek bisitatuko dira: Ereñozar gaztelua, Arrolako Oppiduma, Tribisburuko nekropolia, eta Foruko Multzo Historikoa.

Aldundiak euskaraz zein gaztelaniaz eskainiko ditu bisitak, eta ibilbide horretan parte hartuko duten pertsonen kopurua murriztua izango da. Kalitatezko zerbitzu jasangarria eskaintzeko xedearekin, interesdunek aldez aurretik egin beharko dute erreserba, telefonoz 688 856 689 edo posta elektronikoaren bidez ibilbideak@bizkaia.eus

Malmasingo ibilbide historikoa

Ibilbide hau ekainean egingo da. Ibilbidean San Migel eta Finagako San Martin ermita bisitatuko dira Basaurin, eta Malmasingo gotorlekua nahiz Abrisketako San Pedro ermita Arrigorriagan. Ibilbidea egiteko honako hiru plan hauek daude: Basauriko San Migueletik abiatu, autobusez, eta Finagako San Martin ermita eta horren ingurua bisitatu. Bigarren aukerak hauxe hartzen du barne: Andra Maria Magdalena eliza bisitatzea Arrigorriagan, eta handik Abrisketako San Pedro ermitara joatea autobusez. Ibilbide honen barruan aukeran dagoen hirugarren plana, berriz, honetan datza: autobusez joatea Finagako ermitara arte —bertan, gida batek tokiko historia azalduko du—; ondoren, Malmasingo gotorlekura eta Abrisketako San Pedro ermitara (Arrigorriaga) joango dira oinez.

Bizkaiko kultura-multzo enblematiko eta ezezagunetako bat Finaga-Malmasin-Abrisketa inguruan dago. Kilometro koadro gutxitan, Malmasin mendiaren hegaletan, hiru monumentu arkeologiko handi daude. Malmasin herrixka edo gotorleku aurre-erromatarra eta Abrisketako San Pedron (Arrigorriaga) nahiz Finagako San Martinen (Basauri) dauden multzo kulturalak.

Finagako San Martin. Aipatutako monumentu-aztarnategia Finagako San Martin ermita da, duela gutxi induskatu eta nabarmendu baita (2014). Toki horretako ikerlanean jasotako datuekin Nerbioi Beheraren azken 2.000 urteko historia berreraiki ahal izan genuen.

Leku honetan, tokiko indigenen kulturako zenbait hilarri ikusi ahalko dituzte bisitariek. K.o. III. mendetik V. mendera erromatarren garaiko ehorzketa-nekropoli batek okupatu zuen tokia, eta gutxienez zazpi hilobi aurkitu dira bertan.

Bisitariak Finagako San Martin ermitatik Malmasingo gotorlekura igoko dira oinez. Malmasingo gotorlekua hoberen kontserbatu den Bizkaiko erromatarren aurreko gotorlekuetako bat da. Nerbioi Beherako erromatarren aurreko herrigune garrantzitsua izan zen, kultura erromatarra iritsi arte.

Abrisketako San Pedroko ibilbidea Bizkaiko aztarnategi enigmatikoenetako bat da; izan ere, egituran eta eraikuntzan garai desberdinetako kultura-elementuak elkartzen dira —erromatarrak, berantiarrak, prerromanikoak eta erromanikoak— multzo heterogeneo batean, tenpluan egindako berreraikuntzek eta konponketek eratutakoa. Eraikin horren fatxadak harritzen du: tokia bisitatzen dutenek ikusi ahalko duten bezala, bi bikote daude zizelkaturik harrian. Horietako bat agerraldi erotiko bat egiten dabil —dirudienez, plazer fisikoen tentaldien gaineko ohartarazpena da—; bestea, berriz, erdi biluzik dauden bi pertsona dira, elbarriak, eta dantza nahiz handikeria fisikoko jarrera erronkari batean agertzen dira.

Urdaibaiko ibilbide historikoa

Ibilbide hau uztailean eta abuztuan egingo da, Mundakako itsasadarraren arroan. Toki hauek bisitatuko dira: Arrolako Oppidumeko aztarnategi arkeologikoak (Arratzu), Tourseko San Martin eliza (Forua) barne hartzen duen Foruko Multzo Historikoa, Tribisburuko nekropolia (Bermeo-Busturia) eta Ereñozarreko San Migelen ermita-gaztelua (Ereño).

Arrolako Oppiduma Kauntauri itsasoko ekialdean dagoen erromatarren aurreko herrixkarik garrantzitsuenetako bat da. Gastiburu mendikatearen gailurrean eraiki zuten K.a. IV. mendean, eta K.o. I. mendera arte Urdaibaiko bizitza antolatu zuen biztanle-gune nagusia izan zen.

Gaur egun, herrixka hori Arratzu, Nabarniz eta Mendata udalerrien artean banatzen da. 16 hektareako hedadura du. Mota honetako gotorlekuak edo kastroak oso ohikoak izan ziren Burdina Aroan, eta Bizkaia osoan egoerarik onenean dagoena Arrolakoa da.

Arrolako Oppidumeko bizimoduaren ezagutza osatzeko, Arrolagune (Arratzu) interpretazio-zentroa bisitatuko da.

Arrolagunen, Arrolako Oppidumeko interpretazio-zentroan, aldirik oparoenean (K.a. II. eta I. mendeetan) herrixka indigenak izandako testuinguru historikoa eta kulturala azaltzen da.

Erakusketa honetan, gotorlekuan induskatutako etxola bat berreraiki da, berezko tamainan. Etxolaren barrualdean, herrixkako eguneroko bizitzan erabiltzen ziren ohiko lanabesak daude ikusgai (zeramika, tresnak...).

Bisiten programaren barruko beste toki bat Foruko Multzo Historikoa da, euskal itsasaldeko erromatarren garaiko aztarnategi arkeologikorik ezagunena eta hoberen kontserbatu dena.

Foruko herri erromatarra Elexaldeko muinoan dago (Foruan), Oka ibaiaren ezkerraldean, hau da, Urdaibai haranaren bihotzean. Kristo ondoko I. mendean sortu zen, 6 hektareako azalera batean.

Aztarnategia 2012ra arte induskatu da, eta ezagutzera eman du hamalau eraikin izan zirela, tipologia eta erabilera desberdinetakoak, harearrizko hargin-lanez eginak. Biztanleen etxolez eta etxeez gain, burdina urtzeko labe metalurgiko asko aurkitu dira, eta hainbat burdinola ere bai, lanabesak, armak eta metalezko barrak lantzeko erabiliak.

Tourseko San Martin parrokia-elizako lurpean, tenplu kristauaren barruan, Erdi Aroko nekropoliak eta Berpizkunde garaiko (XVI. mendea) eliza gotikoaren —oraingo tenpluaren aurrekaria zenaren— oinplanoa aurkitu zituzten. Ibilaldian parte hartzen dutenek aurkikuntza horiek ikusi ahalko dituzte.

Tribisburuko nekropolia (Bermeo y Busturia) lurraldeko beste bitxi bat da. Bizkaiko Foru Aldundia duela lau urte hasi zen altxor arkeologiko hau industeko lanetan. Orain arte hamar hilobi-egitura aurkitu dira. Esparru horien barruan hildakoaren errautsak eta objektu pertsonalak (errausturik) sartzen ziren.

Aztarnategi honen lehenengo zantzuak 1994an aurkitu ziren, baina 2013an sartu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuak Tribisburu bere ikerketa-egitasmoen artean.

Aurkitutako hondarrek erakusten digute Tribisburun gure arbasoek K.o. I-III. mendeetan zeuzkaten hileta-ohiturak. Gorpua egurrezko su batean errausten zuten, haren objektu pertsonalekin, eta hurbilekoek egindako eskaintzekin.

Indusketa-lanak Juan José Cepea arkeologoaren zuzendaritzapean egin ziren, eta lan horietan hainbat material aurkitu dira: jantziak, oinetakoak, armak, apaingarriak eta eguneroko bizitzan erabiltzen diren gauzak (zeramikazko plater eta lapikoak). Hondarrak oso zatituta dauden arren, argi dago Erromako kulturaren itzala.

Ereñozar gaztelua ibilbide historiko honen beste enklabe bat da. Ereñozarreko San Migeleko Erdi Aroko gailurra Ereñon dago. Aztarnategi horretako ikerketa arkeologikoak Erdi Arotik gaur egunera arte doan sekuentzia historikoa egiaztatzen du. Hainbat aldi agertzen dituen nekropolia eta jada desagertu den gaztelu baten hondarrak aztarnategia egituratzen duten elementuak dira. Ermita txiki bat daukan gailurrean, bisitariek gure historiako garairik ezagunenetako bat gogoratu ahalko dute. Aldi horrek Erdi Aroko gazteluen garaiez, Erdi Aroan gure haranak zaintzen zituzten gotorlekuez, eta gure arbasoen bizimoduez eta sinesmenez hitz egiten du.


Bideoak


Audioak