2017(e)ko maiatzaren 17(a) 18:10

Lorea Bilbaok Juan Luis Arsuaga Asturiasko Printzea saridunarekin inauguratu du Arkeologi Museoko Atapuerca: 4 Buru-hezurra

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologi Museoak urriaren 15era arte hartuko du erakusketa. Bertan, beste erlikia batzuen artean, ondokoak ezagutzeko aukera izango da: Atapuerca: 4 Buru-hezurra eta 5 Buru-hezurra izenekoa. Erakusketan 400.000 urteko antzinatasuna duten garezur fosilen beste erreplika batzuk ere ikusi ahal zango dira. Bestalde, Euskal Herrian aurkitu den giza hezurrik zaharrena, Lezetxikiko humeroa (Arrasate, Gipuzkoa). 164.000 urteko antzinatasuna duena. Erakusketa Arsuaga doktoreak, paleontologo prestigiotsua eta Atapuercako indusketen zuzendarikidea denak, diseinatu du. Erakusketa Burgosko Giza Eboluzioaren Museoak ekoitzi du.

Juan Luis Arsuaga y Lorea Bilbao

Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak harrera egin dio Juan Luis Arsuaga paleontologo prestigiotsuari Aldundiaren Arkeologi Museoan, bertan inauguratu baita "Atapuerca: 4 buru-hezurra" izeneko erakusketa.

Juan Luis Arsuagak, Asturiasko Printze saridunak eta Atapuercako indusketen zuzendarikideak, bisita gidatu bat egin du diputatuarekin batera eta erakusketaren xehetasunak azaldu ditu.

Erakusketa hau Burgosko Giza Eboluzioaren Museoak diseinatu eta ekoitzi du, Atapuercako arkeologi multzoko Hezurren Leizean aurkitutako garezurretako bat ezagutzera emateko helburuarekin. 4 Buru-hezurra da (Agamenon ere deitua), neandertalen aurrekoa eta 430.000 urteko antzinatasuna daukana. Buru-hezur horren ikerketa Giza Ebokuzioaren Historia ezagutzeko gakoa bihurtu da.

4 Buru-hezurra neurokranio edo garezur-ganga baten erreplika da, hau da, aurpegia falta zaion garezur batena. Antzinatasuna kontuan hartuta, garun tamaina handiko gizaki batena izan zen (1360 zentimetro kubiko). Garezurra zabala da eta ganga baxua dauka. Horrez gain, orbiten gaineko hezur-azpak (toru supraorbitarioa) sudurraren gaineko hezurrekin (eskualde interorbitarioa edo gabela) fusionatuta daude; inguru okzipital zuzen eta mehea dauka eta gainean azalera erdizirkular laua, hobi suprainiakoa izenekoa. Morfologia horrek neandertalen morfologia aurreirudikatzen du, denboran hurrengo espeziea izan zena. Azterlanei esker ondorioztatu da osasun-arazo asko zituela. Segur aski gorra zen eta buruko min biziak izaten zituen burua mugitzerakoan. Leize horretan aurkitu dituzten garezur honek eta baita  5 Buru-hezurrak  traumatismo txikien ondoriozko orbainak ditu, duela 400.000 urte bizirautea zaila zela frogatzen dutenak. 5 Buru-hezurra egoera onean aurkitu zenez orain dela milaka urte Atapuercan hil zen gizakiaren irudia eta aurpegia berreraiki ahal izan da. Buru - hezur honi Miguelón izena jarri zioten Miguel Indurainen omenez.

Atapuercako mendilerroak (Burgos) aztarnategi arkeologiko ugari ditu, milioi bat urte baino gehiagoko erregistroa dokumentatzea ahalbidetzen dutenak. Aztarnategi horietako batean, Hezurren Leizea izenaz ezagutzen dena, bi sexuetako 28 gizabanako identifikatu dira: bat umea zen, hamahiru 10 eta 16 urte bitarteko adina zutenean hil ziren, zazpi 17 eta 18 urte inguru zituztenean, eta hiruk baino ez zituzten 35 urteak gainditu.

Munduko toki desberdinetako aztarnategietan aurkitutako antzeko kronologia duten (erdi-pleistozenoa) garezur fosilak

4 Buru-hezurraren morfologiak erakusten duenaren arabera, Hezurren Leizean bizi ziren biztanleak neandertalei lotuta zeuden; izan ere, neandertalen arbaso gutxi gorabehera zuzenak izan ziren eta Homo heidelbergensis espeziean sartu ahalko lirateke.

Erakusketan antzeko kronologia edo ondorengoa duten garezur fosilen erreplikak ikusi ahal izango dira. Atapuercan aurkitutako garezurren aldean morfologia zertxobait desberdina dute eta ez dute neandertalekiko harreman hain argia azaltzen. Horrek garai hartako dibertsitatea erakusten du. Horiek horrela, Javan (Indonesia) aurkitutako Sambungmacan 3 Buru-hezurra nabarmendu beharra dago, 500.000 urteko antzinatasuna duena eta Homo erectus espezieri dagokiona. Halaber, l´Arago haitzuloan (Tautavel, Frantzia) aurkitutakoaren erreplika era ikusgai egongo da, 450.000 urteko antzinatasuna duena eta Homo erectus tautavelensis azpiespezieari dagokiona, nahiz eta batzuek Homo heidelbergensis espezietzat hartzen duten. Besteak beste, hauek ere ikusi ahal izango dira: Cepranokoa (Italia), 400.000 urte dituena, Homo antecesor edo heidelbergensis izan daitekeena, eta, bukatzeko, Kabwen (Broken Hill, Zambia) aurkitutakoa, Homo rhodesiensis izen zientifikoa jaso zuena eta 300.000 urte inguruko antzinatasuna duena.

Javier Truebaren ikus-entzunezko lana

Erakusketan Javier Truebaren ikus-entzunezko lana proiektatuko da, 4 Buru-hezurraren indusketa-prozesuaren benetako irudiekin. Fosil batetik inoiz berreskuratu den gizakiaren material genetiko zaharrenaren genoma mitokondrialaren sekuentzia bat erakusketa-muntaketa batean erakusten den lehenengo aldia izango da.

Kantauriar mendikateko gisa fosilik zaharrena

Arkeologi Museoa ez den beste erakunde eta museoek sortu eta ekoitzitako erakunde guztiekin egiten den bezala, erakusketa honetan ere Euskal Herriko aztarna arkeologikoetan, materialetan eta diskurtsoan jarri da arreta. Hori dela eta, eremu txiki bat egokitu da Lezetxikiko (Arrasate, Gipuzkoa) humeroaren erreplika (kontserbazio arrazoiak direla eta) ikusgai jartzeko, Euskal Herrian kontserbatzen den giza aztarnarik zaharrena da eta 164.000 urteko antzinatasuna dauka. Horrekin batera, Raneroko Santa Isabel haitzuloan (Karrantza, Bizkaia) aurkitutako deningeri hartzaren garezurra ere ikusi ahal izango da, homo heidelbergensis espeziearekin batera bizi ziren animalien ordezkari gisa. Horiek ere desagertu egin ziren.

Erakusketa zabalik egongo da urriaren 15era arte.


Argazkiak


Bideoak


Audioak