2017(e)ko apirilaren 16(a) 11:30

Foru museo eta ondareguneek Monumentu eta Leku Historikoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute ibilbide bereziak antolatuz

Euskara eta Kulturako Saila

Beste urte batez Bizkaiak bat egingo du ekimenarekin, guztientzako jarduera askotarikoak eta doakoak antolatuz Arkeologi Museoan, Santimamiñen, La Encartada Fabrika-Museoan eta El Pobaleko Burdinolan. Apirilaren 18an Monumentu eta Leku Historikoen Eguna ospatuko da, mundu osoko herrialdeek antolatutako ekintza kultural bat, kultura ondarearen askotarikotasunaz jabe gaitezen sustatzea helburu duena.

Monumentuen Eguneko ekimena

Foru museo eta ondareguneek Monumentu eta Leku Historikoen Nazioarteko Eguna ospatuko dute plan berezien bitartez. Arkeologi Museoan ibilbide arkeologikoa programatu dute apirilaren 22rako (larunbata), Arkeologi Museoa eta Santimamiñeko koba lotuko dituena. Ibilbidea goizeko hamarretan hasiko da museoan: bisita gidatua egingo da "Museoaren hondoan" aldi baterako erakusketara, bertan baitago ikusgai Lezikako koban, Santimamiñeko baselizaren azpian, aurkitutako errinozeronte iletsuaren pelbis hezurra, eta biltegietara, indusketetako materialak ikustera. Santimamiñen jada, eguerdiko hamabietan Santimamiñeko kobako ataria eta kobaren kopia birtuala bisitatuko dira. Aurreikusita dago 13:30ean itzultzea Bilbora. Argibide gehiago eskatu eta erreserbak egin daitezke 94 404 09 90 telefonoan eta Arkeologi Museoko helbidean.

La Encartada Fabrika-Museoak antolatuta, apirilaren 18an, 12:00etatik aurrera, doako bisita gidatua egingo da muinora, hirigune historikora eta fabrikara. Gainera, bi igandetan, apirilaren 23an eta 30ean, Balmasedak ospakizunarekin bat egingo du "Balmaseda Monumentala" ibilbidea eskainiz: autobusa eta gidaria egongo dira Bilbotik, eta fabrika-museoa, Balmasedako hirigune historiko eta monumentala eta hiribilduko gaztelua bisitatuko dira. Autobusa 09:30ean irtengo da Bilbotik, San Nikolaseko bus geralekutik. Itzulera 15:00 inguruan izango da, San Nikolaseko geralekura bertara. Erreserbetarako helbidea La Encartada Museoko emaila. Ibilbide horiek pertsonako 8 euro kostako dira eta ezinbestekoa da aldez aurretik erreserba egitea.

Muskizen, El Pobaleko Burdinolak gabiaren erakustaldi berezia eskainiko du, bisita gidatuarekin batera, hilaren 18an eta 20an, 12:00etan. Bestalde, hilaren 22an (larunbata) argazkigintzako masterclass familia-lantegia egingo da, Xabier Armendariz argazkilariak gidatuta, 11:00etatik aurrera, 8-12 urte bitarteko umeentzat.

Gainera, burdinolak "Erdi Arorako bidaia" antolatu du apirilaren 23rako eta 30erako: bisita gidatuak egingo dira Muskizen bertan dagoen Muñatoizko gaztelura, 11:00etan eta 12:30ean. Jarduera guztiak doakoak izango dira baina erreserba egin behar da 629 271 516 telefonora deituta edo mezu elektronikoa bidalita El Pobal Museoko helbidera.


Argazkiak