2017(e)ko martxoaren 04(a) 10:00

Zenbait jarduera Aldundiaren museo eta aretoetan emakumearen nazioarteko eguna ospatzeko

Euskara eta Kulturako Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak, hainbat foru museo eta aretotan, jende ororentzako zenbait jarduera antolatu ditu Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatze aldera. Ondoko hauek dira museo eta aretook: Arkeologi Museoa, La Encartada fabrika-museoa, Santimamiñe, Txakolingunea, Arrantzaleen Museoa, Euskal Herria museoa eta Ondare aretoa, besteak beste.

Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait jarduera antolatu ditu Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Gernikako Euskal Herria Museoan, emakumearen egunaren bezperan, emakume batek dohaintzan eman duen XIX. gizaldiko goru ederra ikusi ahal izango dugu; goru hori emakumeek erabiltzen zuten, eta hari fina ehuntzeko baliatzen zen. Bisitariek gorua beharrean ikusi ahal izango dute Urdaibaien bizi den Meritxell Pinoren eskutik. Gorulari honek goruak nola dabiltzan azaldu eta erakutsiko digu. Erakustaldi hori martxoaren 7an egingo da, arratsaldeko seietan (18:00); aurretiaz erreserbatu behar da, eta doakoa da sarrera.

Museoko arkeologoa den Diego Garate Maidagan doktoreak hitzaldia emango du Arkeologi Museoan, martxoaren 8an, arratsaldeko zazpietan. "Jatorrizko erretratuak: Paleolitoko emakumea irudietan" da hitzaldiaren izenburua.  Horrezaz gainera, martxoaren 7tik 12ra, Arkeologia eta generoa: museoa betaurreko moreekin izeneko jardunaldia egingo da museoan. Jardunaldi horretan, museoko areto guztiak bisitatuko ditugu, berdintasunaren aldeko "betaurreko moreak" erabiliz. Bisitaldiak arratsaldeko bostetan (17:00) egingo dira, adierazi diren egunetan. Bisitaldi horietarako izena emateko, museora deitu behar da ( 94 404 09 90 telefono-zenbakira), edo e-mail bat bidali arkeologimuseoa@bizkaia.net posta helbidera.

Martxoaren 8an bertan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan, solasaldi bat antolatu da: "Emakumezko gidariak. Emakumeak bolantean". Arratsaldeko zazpietan (19:OO), historiaren alorreko aurkezpena egingo da emakumeak zenbait garaitan izan duen rolari buruz. Ondorik, solasaldia izango da, zeinetan entzun ahal izango baititugu hiru emakumezko gidariren testigantzak eta bizi-esperientziak. Begoña Echevarria, rally-pilotua; Rosa Mª Ibañez de Elejalde, lineaz kanpoko autobus-gidaria, eta hiriko autobus-gidari bat. Solasaldi hori automobilaren historialaria eta erakusketaren komisarioa den Miguel Martin Zurimendik dinamizatuko du; erakusketa hori apirilaren 27ra arte bisitatu ahal izango da Ondare Aretoan: "Diligentziatik Bizkaibusera".

Balmasedako La Encartada fabrika-museoan zenbait jarduera antolatu dituzte "emakumearen hilabetea"ri doakionez. Martxoaren 8an bertan, bisitaldi gidatu tematikoa izango da, La Encartada fabrikan lan egiten duen emakumea eta beronen lan- eta gizarte-baldintzak protagonistatzat dituena. Bisitaldiak goizeko hamarretatik (10:00) eguerdiko ordu bietara (14:00) egin ahal izango dira, eta aurretiazko hitzordua beharko da, 94 680 07 78 telefono-zenbakira deituz.

Martxoaren 12an, "La Encartada 1918an" izeneko bisitaldi antzeztuak izango dira eguerdiko hamabietan (12:00) eta ordu bata eta erdietan (13.30). 30 antzezle baino gehiagorekin, La Encartadak lan- eta gizarte-alorreko XX. gizaldiko zenbait egoera irudikatuko ditu. Museoak egiten duen hamargarren emanaldia da eta Balmasedako hiritarren laguntza eskerga izango du. Eta martxoaren 16n, arratsaldeko zazpietan (19:00), Josu Ruiz de Gordejuelak ondoko gai honi buruzko hitzaldia emango du: "Emakumearen rola Ameriketarako emigrazioan".

Horrezaz gainera, hil osoan zehar eta museoaren ohiko orduetan, "Berdintasuna landuz hezi" deritzon eskola-egitaraua landuko da. Fabrika-museoko gune batean, 1900eko eta 2000ko bi emakume langileren birsorkuntza gauzatuko da; emakumeok lan-ingurunean izan dituzten bizi-esperientziak eta esperientzia soziologikoak azalduko dituzte. Ondoren, taldeka, mahai-ingurua planteatuko da; eztabaidarako ordu horretan, partaideek lanak egunera arte izan duen bilakaera baloratuko dute. DBHko ikasleentzat xedaturik egongo da. Aurretiazko hitzordua beharko da, 94 680 07 78 telefono-zenbakira deituz edo laencartada@bizkaia.eus helbide elektronikora e-maila bidaliz.

Kortezubiko Santimamiñek ere Emakumearen Nazioarteko Eguneko ospakizunetan parte hartuko du. Martxoaren 12an, bisitaldi gidatuak izango dira, genero-ikuspegia erabiliz eta Historiaurreaz ditugun ezaguerak ikuspegi kritiko eta zientifikotik aztertuz.

Bakion, Txakolinguneak doarik irekiko ditu ateak martxoaren 8an, jardunaldi hau nabarmenarazte aldera. Era berean, Bermeoko Arrantzaleen Museoan eta Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan ere sarrerak doakoak izango dira egun horretan zehar museootako instalazioak bisitatu nahi dituzten emakume guztientzat.

Argibide gehiago, bizkaikoako web orrian.