2017(e)ko otsailaren 24(a) 12:17

Ondareari buruzko Europako Jardunaldietarako Bizkaiko Foru Aldundiak gai berria aurkeztu du

Euskara, Kultura eta Kirol Saila

“Paisaia bizia. Bizkaiko paisaien eraikuntza” izango da 2017ko kanpainako gaiaren ardatza, Bizkaiko eskaintza kulturalean erreferentzia izango den kultura-zabalkundeko programarena, alegia

Bizkaiko Foru Aldundiak talde handi bati aurkeztu dio Ondareari buruzko Europako Jardunaldietarako gaia; izan ere, bertan izan dira Bizkaiko udalerrietako, erakundeetako, kultura-entitateetako eta enpresetako ordezkariak, baita partikularrak ere.

Aurkezpenean "paisaia" ikuspegi zabal batetik definitu da; hau da, iraganeko gertakarien lekukotza materiala duen gure historiaren agertokia ez ezik, etengabeko eraldaketa bizi duen subjektu aktibo eta dinamikoa ere badela adierazi da. Gai hori programan aurreikusitako gainerako jarduera guztien ardatz nagusia izango da.

Gainera, honako hauek jorratuko dira jardunaldietan: nekazaritzako, abeltzaintzako, kostako, ibaietako, hirietako nahiz industria giroetako paisaiak, bai eta paisaia sinbolikoak ere. Guzti-guztietan ikus daiteke etengabe aldatzen doan paisaia, non herritarren pertzepzioa eta behatzailearen interpretazioa beharrezkoak diren. Ikuslearen begirada eta ikuspuntu bezainbeste paisaia daude horregatik.

Paisaiaren ikuspegi kaleidoskopiko hori inoiz baino gehiago hauteman ahal izango da edizio honetako programan. Hori dela eta, deialdi berezia egingo da, herritarrek ere parte har dezaten. Gonbidapena bereziki luzatuko zaie kolektibo kulturalei, ondare naturala eta kulturala zabaldu eta defendatzen duten kolektiboei, mendi-elkarteei, ekologistei... eta beren jarduketa-eremutik paisaiaren ikuspuntu bat eman dezaketen eta lurraldeari buruzko ikuspegi eta begirada berriak eskaintzen dituzten kolektiboei.

Programan parte hartu nahi izanez gero emaila bidali edota  94 406 63 40 telefono-zenbakira deitu.

Bizkaiko Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak, Europako foroetan dagoen antolamendu-eredua

Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak kultura-ondarea ezagutarazi eta zabaltzeko programa bat da, eta 90ko hamarkadaren hasieran sortu zen Europako Kontseiluak bultzatuta eta Europar Batasunaren laguntzarekin. Guztira, Kontseiluko kide diren 50 herrialdetan egiten da, eta 20 milioi pertsona inguruk parte hartzen dute. Bizkaian, hilabetez eta salbuespen gisa, ikusleek aukera izango dute beren ondare eta historiarekin zerikusia duten baliabide ugari ezagutzeko eta ikusteko.

Aurten, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien 17. edizioa egingo da Bizkaian, kultura-ondarea zabaltzeko programa, alegia. Gaur egun arte, programak ibilbide finkatua izan du lurraldean, eta gero eta tokiko eta eskualdeko eragile gehiagok hartzen dute parte urrian publikoari eskainiko zaizkion jarduerak antolatzen.

Aurreko urtean Bizkaiko 65 udalerrik bat egin zuten ondarearen ospakizunarekin. Hala, kanpaina horretako antolakuntzan 61 udalerri, 21 museo eta interpretazio-zentro eta 67 organismo, erakunde, kolektibo sozial eta kultural egon ziren. Guztira, doako 300 jarduera egin ziren, eta horien artean egon ziren bisita gidatuak, hitzaldiak, erakusketak, kontzertuak, erakustaldiak, dastatzeak, ibilbideak, birsorkuntza historikoak, antzezpenak...jende guztiari zuzendutako eskaintza kultural zabala eta anitza hain zuzen ere.

Aldundiak aurreko urteko emaitzei buruzko balantzea egin zuen, eta azpimarratu zuen antolatzaileen parte-hartze handiagoa egoteaz gain, publikoak ere gehiago parte hartu zuela eta, hortaz, eskaintza kultural zabala gehiago disfrutatu zen. Hala, 15.000 pertsona inguruko kopurura iritsi ziren.

Horrez gain, Europako Kontseiluak programa honetan duen interesa nabarmendu zen; horren adibide garbia da Aldundiak Bizkaian koordinatzen duen baina antolamenduan tokiko eragile eta kolektiboen parte-hartze handia duen programaren antolakuntza-eredua azaltzeko lan-mahaietan parte hartzeko gonbidapena.