2017(e)ko otsailaren 15(a) 15:28

Carmen Bernabé, Clara Campoamor erakundea, Pikara Magazinek, Servicios Sociales Integrados eta Ingeteam, 2017ko Zirgari sariak

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Sariak Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK erakundeak ematen dituzte eta pertsonen, erakundeen eta enpresen lana goresten dute. Sariak emateko ekitaldia martxoaren 7an egingo da Bilboko BBK aretoan

Epaimahaiak Carmen Bernabé teologoa, Clara Campoamor erakundea, Pikara Magazine aldizkaria eta Grupo Servicios Sociales Integrados eta Ingeteam enpresak hautatu ditu berdintasunaren alde Zirgari sarien irabazle bezala 2017. urtean.

Sariak Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK erakundeak ematen dituzte eta gure lurraldean emakumeen nahiz gizonen berdintasunaren alde pertsonen, erakundeen eta enpresen lana goresten dute. Emateko ekitaldia Bilboko BBK aretoan egingo da hurrengo martxoaren 7an, hain zuzen ere, martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, baino lehen.

Banku erakundeak eta Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailak antolatzen dituzten Zirgari sarien helburua berdintasunaren alde pertsonek, erakundeek eta enpresek duten inplikazioa edo gauzatzen duten ahalegina, lana eta arduraldia gorestea da. Zirgari sariak zirgariek egiten zuten lanean oinarrituta daude. Itsasadarrean zehar itsasontziak garraiatzen zituzten bakarrik soka baten (zirga) laguntzarekin eta beren ahalegin fisikoaz baliaturik.

Sariek lau kategoria dituzte:

  • Ibilbideari ohorezko saria: Carmen Bernabé
  • Emakumeekiko indarkeriaren aurkako lana: Clara Campoamor erakundea
  • Jabekuntza eta baloreak aldatzea: Pikara Magazine
  • Erantzukizun partekatua eta bateratzea: ex aequo; Grupo Servicios Sociales Integrados eta Ingeteam enpresetarako

Kategoria guztietan zenbateko ekonomikoa 6.000 eurokoa da, ohorezko sariaren kasuan izan ezik. Horrek ez du zuzkidura ekonomikorik. Edizio honetan sariak ematea erabaki duen epaimahaiaren buru Enplegua, Gizarteratzea eta Berdintasuna Sustatzeko diputatua, Teresa Laespada, izan da; buruordea, berriz, BBK erakundearen zuzendaria, Gorka Martínez Salcedo. Horiei unibertsitatearen munduko, gizarte zibileko, erakundeetako, enpresetako edo komunikabideetako zortzi kide, berdintasunaren arloan adituak, erantsi zaizkie.

Zirgari sarien filosofian, besteak beste, honako printzipioak kontua hartzen dira: emakumeen aurkako indarkeria errotik ateratzea, mikromatxismoaren kontrako lana egitea, maskulinotasun berrien aldeko apustua, hezkuntza partekatuan aurrerapenak, baloreen aldaketaren eta jabekuntzaren aldeko ekimenak edo denboraren erabilera berriak eta bateratze arduratsua.

CARMEN BERNABÉ: IBILBIDEARI OHOREZKOA

Bilbo, 1957. Genero ikuspegiarekin teologia azterlanetan aitzindaria. Deustuko Unibertsitatean Teologian doktorea eta Gizarte Lanean diplomaduna. Deustuko Unibertsitateko irakaslea.

Bíblica Española erakundearen zuzendaria.

Teólogas Españolas erakundearen fundatzaile bat eta presidente ohia.

Carmen Bernabé generoaren ikuspegia erabiltzen duen teologian oinarrizko irudia da; ildo horri eutsiz, esperientzia erlijiosoa emakumetzen duten azterlanak eta hausnarketak ditu.

Horrez gain, eliza katolikoaren eta, orokorrean, gizartearen barruan berdintasuna sustatzen duten elkarteen eta erakundeen sorrera eta garapena bultzatu du.

Lan akademikoa zabala, berriztatzailea eta kritikoa da.

CLARA CAMPOAMOR ERAKUNDEA: EMAKUMEEKIKO INDARKERIAREN AURKAKO LANA

Ibilbide zabal eta luzea: genero indarkeriaren aurka laguntzaren, legearen eta politikaren eremuetan. Erakundeak ibilbiderik osoenetarikoa duela esan daiteke, 1985. urtean sortu ostean.

Bere harremanek eta ekarpenek gizartearen ia arlo guztietan izan dituzte ondorioak eta erakundeei erreparatuz, Eusko Jaurlaritza, Senatu, Kongresu, NBE eta unibertsitateekin lankidetzak azpimarra daitezke.

Legegintzaren eremuan ekarpen garrantzitsuak dibortzioarekin, genero indarkeriarekin eta adingabeekin zerikusia duten alderdietan.

PIKARA MAGAZINE: JABEKUNTZA

2010. urtean lau emakume kazetarik sortutako aldizkari digitala. Gaur egun gutxi gorabehera 150.000 pertsonari iristen zaio online munduan agerraldi desberdinen bitartez. 2013az gero paperean urtekaria argitaratzen dute eta gutxienez 2.000 ale egiten dituzte.

Kazetaritzaren eremuan tresna boteretsu eta eraginkor bihurtu da, postulatu alternatiboak eta eraldatzaileak erabiliz.

Aldizkaria berdintasunari buruzko eztabaidetan ezinbesteko bozgorailua da, gizarte sareetan duen proiekzioari esker.

Gainera, lankidetza anitzen bidez, emakume feministen belaunaldi berria islatzen duen bitartekoa da. Nolanahi ere, desberdintasunaren aurka borrokatzeko orduan, beren planteamenduetan askatasuna eta inplikazioa daude.

GRUPO SERVICIOS SOCIALES INTEGRADOS: ERANTZUKIZUN PARTEKATUA ETA BATERATZEA (EX AEQUO)

SSI taldeari esker, emakume langileek beren lanean jabekuntza eta duintasuna lortu dute, pertsonen zaintzaren eta arretaren lanak onartu direlako. Taldea 5 erakundek osatzen dute: 4 kooperatiba eta elkarte batek. Gizartean esku hartzeko zerbitzuez gain, I+G+baren unitatea (Home Care Lab) eta S.S.I. Training Center ezagutza zentroa dituzte.

Gaur egun, 450 pertsonak dihardu: giza talde honen % 98 emakumeak dira eta horietatik % 34 kooperatibistak eskubide osoz.

Beren baloreetan nagusi dira pertsonen beharrak eta kudeaketa eta burutzaren eredua rol eta eskema patriarkaletatik urrun daude.

INGETEAM: ERANTZUKIZUN PARTEKATUA ETA BATERATZEA (EX AEQUO)

Sozietateak ingeniaritza elektrikoaren arloan dihardu eta 1990. urtean eratu zen. 2015. ekitaldiko zifren arabera, batez beste 3.500 langile baino gehiago ditu eta negozio zifra 430 milioi eurotik gorakoa da. Mundu osoan zehar 19 herrialdetan du ordezkaritza.

Familiaren ikuspegitik enpresa arduratsuari saria eman diote, berdintasunaren eta bateratzearen inguruko barneko planak ditu eta egituran bertan berdintasun eta bateratzeko taldeaz hornituta dago.

Horrez gain, besteak beste, denbora, espazioa, baimenak eta lizentziak malgutzearen aldeko neurriak hartu ditu.


Argazkiak