2017(e)ko otsailaren 16(a) 13:17

Bizkaiko errepidezko bidaiarien garraioaren historiari buruzko “Diligentziatik Bizkaibusera” erakusketa

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

Unai Rementeriak eta Vicente Reyesek erakusketa inauguratu dute eta Ondarea Aretoan bisita daiteke apirilaren 27ra arte. Erakusketa bisitatuko duten eskola-ume guztiei, munta dezaten, opari moduan kartulinan trokelatu den autobus baten lamina bat eta eskola-liburuxka bana emango zaizkie

Unai Rementeria y Vicente Reyes

Unai Rementeria y Vicente Reyes

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko diputatuak gaur goizean inauguratu dute «DILIGENTZIATIK BIZKAIBUSERA - DE LA DILIGENCIA AL BIZKAIBUS» izeneko erakusketa, Bizkaiko bidaiarien errepideko garraioaren historia jasotzen duena,  XIX. mendearen azken urteetatik gaur egun arte. Bilboko Ondare Aretoan bisita daiteke erakusketa, apirilaren 27ra arte.

Erakusketak eszenatoki desberdinak garatzen ditu eta, horietan, era didaktikoan eta entretenigarrian, denboran zehar egiten den bidaia proposatzen da garraiabide honek dituen 120 urte  luzeetan izan duen bilakaera erakutsiz; hasierako diligentziak, lurrunezko trakzioa zuten autobusen hastapenak, lehen linea erregularrak, herrietako autobusak, gerra eta gerraondoa, eskatu ahalako zerbitzuak, Bizkaibus sistemako gaur egungo operadoreak eta mugikortasunaren etorkizuna.

Erakusketan XIX. mendeko diligentzia bat eta joan den mendeko 20ko hamarkadako autobus bidaiari bat erakusten dira bisitariek autobusen arloan gaur egun lortu den erosotasuna konparatzeko aukera izan dezaten. Halaber,  50eko hamarkadako geltoki bateko txarteldegiaren eta antzinako garaje baten kopia egin da, eta era askotako material grafikoa erakutsiko da, besteak beste argitaratu gabeko argazkiak, antzinako txartelak, hasierako diligentziekin eta erabiltzen zituzten bideekin lotuta dauden elementuak, miniaturak eta automobilen piezak, antzinako planoak, koadroak eta antzinako kartelak. Horiek ez ezik,  Bizkaibusen markesina irisgarri berria aurkezten da.

Erakusketan 8 minutuko iraupena duen bideoa proiektatzen da; bideo horretan historiako gako nagusiak kontatzen dira eta era oso atseginean mugikortasunaren bilakaera azaltzen da eta mugikortasun jasangarriaren eta irisgarritasunaren oinarrien finkapenarekin amaitzen da.

Ordutegia, astelehenetik ostiralera, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20:30era artekoa, da.

BISITA GIDATUAK

Erakusketarekin batera ospakizunari buruzko  liburua argitaratu da; liburu horretan Bizkaiko errepidezko bidaiaren garraioaren historiako gertaerarik adierazgarrienak gogoratzen dira XIX. mendearen amaieran Lurraldeko lehen bide-azpiegiturak sortu zirenetik  bidaiarien garraioaren arloko bilakaeraren azken urteetara arte, tartean   Bizkaibusen agerpena azalduta.

Lankidetzari esker egin ahal izan dira bai erakusketa bai oroitzapenezko liburua; izan ere, zaletu askok, sistemaren operadore nagusiek eta garraio-konpainiek hainbat objektu, dokumentu, material eta irudi utzi dituzte, eta haietariko asko eta asko inaugurazio-ekitaldian egon dira. Erakusketaren liburuxkan, hain zuzen ere, guztien zerrenda bat ageri da.

Erakusketarako izendatu den komisarioa Miguel Martín Zurimendi da, medikua eta automobilaren arloko historialaria, aldi berean  liburuaren egilea ere badena.

Aldi berean ezarri da erakusketa irekita dagoen bitartean zabalkuntzaren arloko jarduera batzuk egingo direla, adibidez bisita programatuak eskola-umeentzat eta adimen-desgaitasunak dituzten pertsonentzat eta adineko pertsonentzat.  Erakusketa bisitatuko duten eskola-ume guztiei, munta dezaten, opari moduan kartulinan trokelatu den autobus baten lamina bat eta eskola-liburuxka  bana emango zaizkie.

«BIZKAIKO HISTORIA IDAZTEA»

Bi mintzaldi egin dira ekitaldian, bata Vicente Reyes foru-diputatuarena, eta, bestea, berriz, Mikel Martín Zurimendi komisarioarena, zeinak erakusketaren edukia azaldu baitu.

Vicente Reyesek nabarmendu duenez, «erakusketak begirada afektiboa eragin nahi du Bizkaiko bidaiarien garraioaren historiari begiratzeko, bizkaitarren bizitzan izan duen garrantzia ulertarazteko, horrela hobeto balioesteko gaur egun duen sendotasuna eta hala ulertzeko zeinen beharrezkoa den zaintzea eta etorkizunera begira sustatzea».

«Orain, etorkizuna diseinatzeko ordua da, eta agerikoa dirudi orain ezin dugula bidaiarien garraioa zerbitzu estankoen multzo gisa ulertu. Aitzitik, instituzioek eta operadoreek, Metroak, Bizkaibusek, Euskotrenek, Renfek eta gainerakoek badugu erronka erkide bat: elkarrekin egin behar dugu lan, begirada berri batekin, Bizkaiaren errealitate metropolitarrari egokitutako garraioan jarrita begiak».

«Hala, bada, gure helburu nagusietariko bat Bizkaiko Mugikortasunaren Agintaritza sortzea da, BMA, haren bidez Bizkaiko garraio publiko guztia planifikatu ahal izateko, eraginkortasun-irizpideak baliatuz zerbitzuari eta funts publikoen erabilerari dagokienez, kalitate oneko zerbitzua emateko baina bikoiztasunak eta gainjartzeak saihesteko, eraginkorragoak eginez eta baliabideak optimizatuz, benetako lurralde- eta gizarte-kohesioaren alde egiteko asmoz».

Egungo Bizkaibus zerbitzua ere aipatu du: «Bizkaibus autobus konpainia bat baino askoz gehiago da gaur egun. Bizkaibusi esker, Bizkaiko lurralde guztia dago gutxienez autobus linea batekin loturik. Lekurik urrunenean egonik ere, biztanle gutxiko tokia izanik ere, ibilbidea korapilatsua izanik ere, Bizkaibus edonora heltzen da, eta ospitalera, ikastokietara zein lanera hurbiltzen ditu bizkaitarrak».

HAUEK IZAN DIRA BILERAN:

Ia ehun lagun bildu dira inaugurazioan. Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Unai Rementeria, eta Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatua, Vicente Reyes, Bizkaiko Batzar Nagusien presidentea, Ana Otaduy, Garraioen Foru Batzordeko kideak eta hainbat erakundetako ordezkariak, hala nola Eusko Jaurlaritzako sailburuorde eta zuzendariak, alkateak eta zinegotziak.

Bizkaibusi dagokionez, enpresa emakidadun guztietako ordezkariak izan dira bertan, Metro Bilbao, EuskoTren, ASETRAVI eta Aparkabisa sozietateetakoak, automobilismoaren eta trenbideen arloko aisialdiko elkarteetako kideak, Euskal Burdinbidearen Museoaren Lagunak elkartekoak, museoetako ordezkariak...


Argazkiak


Bideoak


Audioak