2017(e)ko otsailaren 14(a) 13:49

Bizkaibuseko 15 lineetatik 12 kokatuko dira Garellanoko behin-behineko geltoki berrian

Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioako Saila

• Hiru linea Kaputxinoen kalean kokatuko dira, baina terminalean daudenek Metroaren sarreraraino duten distantzia bertsuan • Barik txartela kargatzeko puntu bat izango dute erabiltzaileek behin-behineko geltokian

Maniobragarritasun probak egin ondoren, gaur goizean amaitu du Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Foru Sailak Bizkaibusen 15 lineak Termibusen behin-behineko geltoki berrian kokatzeko lana.

Zenbait autobus-modelo erabili dira horretarako, haietariko edozein sar baitaiteke edozein momentutan terminalean. Era askotako egiaztapenak egin dira: biraketa-erradioak, zintarrien altuera eta nasetako irteera-sarrera maniobretan egon daitezkeen oztopoak. Saileko teknikariek eta enpresa emakidadunen ordezkariek egin dituzte egiaztapenak.

«Bertatik bertara egiaztatu nahi izan dugu zerbitzuak ez duela terminalean inolako gorabeherarik izango. Ohiko lana dugu edozein aldaketa onartu aurretik. Kontuan izan behar da zerbitzuan erabiltzen diren autobusak 18 eta 12 metro artekoak direla, eta, irteera-sarrera maniobretan oztoporen bat izanez gero, ondorio txarrak izan ditzakeela horrek zerbitzuan», adierazi du saileko titularrak, Vicente Reyesek.

Bizkaibusek 7 dartsena izango ditu behin-behineko geltokian (gaur egun, 11 ditu), denak ere arrain-hezurraren modura kokatuak eta 10 metro zabal den errei nagusi baterako irteera-sarrerarekin. 12-18 zenbakia duten dartsenak dira, eta haraxe helduko dira Termibusera heltzen diren Bizkaibusen 15 lineetatik 12.

Gogoan izan ezen, joan den azarotik, A2318 Termibus - UPV/EHU linearen geltokia Zunzunegi kalean dagoela, BAMI eraikinaren ondoan.

Honela antolatuko dira Bizkaibuseko lineak:

-          12. dartsenan, A3247 Bilbo - Aireportua linea

-          13. eta 14. dartsenetan, A0651 Bilbo-Balmaseda; A3341 Bilbo-Sodupe-Arespalditza; A3342 Bilbo-Sodupe-ARTZINIEGA eta A3343 Bilbo-Sodupe-Gordexola.

-          15. eta 16. dartsenetan, A3512 Bilbo-Lekeitio (Autopista), A3915 Bilbo-Durango-Ondarroa (Autopista) eta A3916 Bilbo - Ermua - Ondarroa (Autopista)

-          Eta, azkenik, 17. eta 18. dartsenetan, A3923 Bilbo - Durango - Elorrio (Autopista), A3926 Bilbo - Ermua - Eibar (Autopista), A3927 Bilbo - Lemoa - Zeanuri (Autopista) eta A3933 Bilbo - Durango (Autopista)

DISTANTZIA BERA

Azkenean, hiru linea geltoki berri batean kokatu dira, Kaputxinoen kalean, A2318 Termibus-UPV/EHU linearen geltokiaren aurrez aurre. Hona hiru lineok: A3513 Bilbo - Galdakaoko ospitalea - Gernika Lumo - Ea; A3523 Bilbo - Galdakaoko ospitalea - Gernika Lumo - Aulesti - Lekeitio eta la A3930 Bilbo - Galdakao (Autopista). Bilboko Udalak egin ditu jada geltoki berria egokitzeko lanak.

«Distantzia bera dago gutxi gorabehera behin-behineko geltokitik eta geraleku berri horretatik Metroaren sarrera», adierazi du Vicente Reyesek. «Hau da, erabiltzaileek antzeko distantzia ibili beharko dute Metro sarrerara heltzeko Kaputxinoen kaleko geralekutik eta behin-behineko geltokitik».

Azkenik, aipatu behar da erabiltzaileek Barik txartela kargatzeko puntu bat izango dutela behin-behineko geltokian, nahiz eta halako zerbitzurik ez egon gaur egun Termibusen.