2017(e)ko otsailaren 13(a) 19:00

Laespadak eta Lorente adituek genero-indarkeriaren biktima diren emakumeen testigantzak bildu dituen liburu bat aurkeztu dute

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila

Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu du lana, eta, bertan, eraso eta erailketen 12 kontakizun jaso dira. Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko diputatuak nabarmendu du hainbeste emakumek jasan behar dituzten errealitate horiek ikusarazi beharra dagoela.

Ikusteko ahotsak.

Ikusteko ahotsak.

Laespadak gogoratu digu erailketek nahiz erasoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ezan dutela jatorria.

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatua den Teresa Laespadak eta genero-indarkerian aditua den Miguel Lorentek gaur aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako liburu bat; bertan, biktima diren emakumeen testigantzak jaso dira, eta Voces para ver / Ikusteko Ahotsak du izenburua.

Liburuaren aurkezpena Bilboko Berreginen Museoan egin da, eta ehun pertsona baino gehiago bertaratu dira ekitaldira. Guztiek jaso dute gure gizartean emakume askok bizi dituzten eraso eta erailketen testigantzak biltzen dituen 12 kontakizunez osatutako lana.Mediku forentsea, Granadako Unibertsitateko irakaslea eta Genero Indarkeriarako gobernu-ordezkaria den Miguel Lorentek hitzaldia eman du aurkezpenean, eta ohartarazi digu gure bizitzan eta ingurukoenean indarkeriak lor dezakeen normaltasuna sinestezina baina egia dela.

Adituak azaldu du normaltasun hori gabe ezinezkoa litzatekeela emakumeek pairatzen duten hain ageriko gizarte-bidegabekeria bat historian zehar iraun izana dimentsio eta larritasun horretara egokitutako gizartearen erantzunik gabe.

Beste alde batetik, Laespada diputatuak gogorarazi du mota horretako obrak sortu behar direla, hainbeste emakumek pairatzen dituzten oso hurbileko errealitateak ikusarazteko tresna baitira.

Era berean, kontakizunetako protagonistei hitz egin die, horietako batzuk aurkezpenera bertaratu baitira, bai eta antzeko egoerak pairatu behar dituztenei ere. Esan die gure aintzatespena merezi duten emakume boteretsu eta ausartak direla; izan ere, ausartak dira, eta beren bizitzen jabe izanda eta gizalegezko gizarte batean bizitzea merezi dute.

Laespadak gogoratu digu erailketek nahiz erasoek emakumeen eta gizonen arteko berdintasun ezan dutela jatorria. Gainera, azpimarratu du eremu publiko eta pribatuan zein paper duten hausnartu behar dutela gizonek, matxismoak eraikitako gizarte-egituretan oinarritzen ez diren maskulinitate berrietarantz joan ahal izateko.


Argazkiak