2016(e)ko ekainaren 13(a) 10:16

3i PROGRAMARI ESKER, 225 ENPLEGU SORTU ETA FAKTURAZIOAN 45 MILIOI GEHIAGO LORTUKO DITUZTEN 12 ENPRESA LAGUNDUKO DITU ALDUNDIAK

Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila

Ahaldun Nagusiak enpresen lehiakortasuna berrikuntzaren, inbertsioaren eta nazioartekotzearen bitartez hobetzeko helburua duen 3i programako proiektuak aurkeztu ditu, parte hartu duten enpresekin batera: “Bizkaiari hazten laguntzen ari gara, lurraldeko eragileekin batera elkarlanean”. 3i enpleguaren sorreran potentzial eta inpaktu handiak dituzten enpresentzat diseinatu da. Eta, estreinako aldiz, foru programa batek enpresa bakoitzeko 500.000 eurorainoko babes-lerroak jasotzen ditu. Parte hartu duten 12 enpresek nabarmendu dute 3i programak jauzi teknologiko bat ematen eta merkatu berrietara hedatzen lagunduko diela.

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak Bizkaiko Foru Aldundiak 3i programaren barruan babesten dituen proiektuak aurkeztu ditu, parte hartzen duten enpresekin batera. 3i programa tresna berri bat da, Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak lurraldeko enpresen lehiakortasuna bultzatzeko sortu duena. Programa integrala da, lehiakortasunaren hiru zutabeetan eragiten duena: berrikuntza, inbertsioa eta nazioartekotzea. Enplegu-sorreran eta fakturazioan inpaktu handia daukaten enpresa-hazkundeko proiektuei zuzentzen zaie.

Unai Rementeriak iragarri duenez, programa berri honetan babestutako 12 proiektuek 225 lanpostu sortuko dituzte. Horixe da Ahaldun Nagusiarekin batera 3i proiektuen berri eman duten enpresen aurreikuspena. Gainera, espero da 12 enpresen fakturazio agregatua 2018. urtean 170 miloi euro izatetik 257 izatera pasatzea.

Rementeriak gogora ekarri du 3i programa Goazen 2030en azaldutako konpromisoen barruan dagoela eta, administrazio publikoak jarduera eta enplegu sortzaile nagusiak ez garen arren, hori enpresei baitagokie, aukera daukagula lehentasun horiek mesedetzen dituzten baldintzak sortzeko: jarduera ekonomikoa eta enplegua. Eta hori, dena bezala, ekintzekin egiten da, ez hitzekin. 3i programa ekintza bat da, errealitate bat.

3i programak, estreinako aldiz, enpresentzako laguntzak jasotzen ditu, 500.000 eurokoak, itzuli beharrik gabekoak, eta 250 langilerainoko enpresei orientatuta dago, sektore hauetakoak: industria, eraikuntza, garraioa, industriari lotutako zerbitzuak, eta handizkako komertzioa. Aldi berean, programaren oinarriek exijitzen dute enpresek aurkeztutako proiektuek gutxienez lehiakortasunaren hiru zutabeetako bitan eragin dezatela.

Ahaldun Nagusiak azpimarratu duenez, 3i programak gure lurraldeko 12 enpresatako 12 proiektu babesten ditu. Hazi nahi eta behar duten 12 enpresa. Bizkaiko Foru Aldundiak hazten lagunduko dien 12 enpresa. Gaur ereiten dugu, bihar uzta biltzeko.


Argazkiak


Bideoak


Audioak