Kultura Ondarearen Europako Urtea

Europako Parlamentuak eta Europar Batasuneko Kontseiluak 2018 Kultura Ondarearen Europako Urtea izendatzeko erabakia onartu zuten 2017ko maiatzaren 17an. Kultura Ondarearen Europako Urtearen helburua, alde batetik, ahalik eta jende gehien animatzea da Europako kultura ondarea ezagutu eta araka dezaten, eta bestetik, kidetasun sentimendua sendotu dezaten. 2018an honako gai hauek azpimarratuko dira:

  • Gizarterako kultura ondareak duen balioa;
  • ekonomiari egiten dion ekarpena; eta
  • hura zaintzeak duen garrantzia etorkizuneko belaunaldiek gozatzeko aukera izan dezaten.

Europan egingo diren jarduerek (Bizkaiak haiekin bat egingo du gogotsu) ondarea kultura komun batekiko jabetze, harrotasun eta kidetasun balio onuragarrien sortzaile dela erakusteaz gain, herritarrak inplikatzea ere bilatuko dute gure identitatea lantzen duen eta gure eguneroko bizitzan ageri den ondare hau zaindu eta transmititzeko garaian.

Kultura Ondarearen Europako Urtea #EuropeForCulture

Itzaleko ondarea: ezkutuan dagoen ondareari begiradak

Europako Urteak kultura ondarea zaindu, kudeatu eta berriz erabiltzeko modu adimentsuak sustatzen ditu. Horretarako, Europak Cultural Heritage: Where the past meets the future izeneko lelo komun bat abiarazi du, eta Bizkaian “Itzaleko ondarea: ezkutuan dagoen ondareari begiradak” titulua jarri diogu. Helburu argi batekin egin dugu: kultura ondarearen gaineko jarduerak 2018. urtean zeregin nagusi bihur daitezen. Hala, Bizkaiko kultura ondarea ikusarazi nahi izan dugu hainbat estrategia baliatuz:

  • Jendearentzat normalean ireki gabe dauden edo irisgarri samarrak ez diren tokietara bisitak antolatzea. Ziortzako monasterioko gelak, La Naval fabrika, Munoa jauregiko barnealdea eta abar.
  • Aldundiak, elkarteek eta kultura eragileek egiten duten kultura ondarea berreskuratzeko eta lehengoratzeko lana azpimarratzea. Zenbait elizatako erretaulak bisitatuko dira eta zaharberritzaileek haiei buruzko azalpenak emango dituzte; museoetako ondarea berreskuratzeaz ere hitz egingo da, besteak beste.
  • Normalean ondaretzat jotzen ez ditugun elementuak berriz ezagutzea. Ondare bibliografiko eta dokumentalari buruzko erakusketak, ontzi historikoak berriz eraikitzeari buruzko hitzaldiak, musika-tresna historikoak erabiliz egindako organo kontzertuak beren kultur balioa azalduz...
  • Nahita isilarazi den ondarea ikusaraztea: OEJak "Ondarea, emakumeen emaria” izenekoaz arduratuko dira bakarrik.
  • Gure kultura ondarerako 2018. urtea funtsezko urte bihurtzen duten efemerideak nabarmentzea: Euskaldunako dikeak 150 urte, Bizkaiko Zubiak 125 urte…

Aukeraz betetako egutegia eta aparteko 35 ekintza baino gehiago 12 hilabetetan banatuta; haien bidez, herritarrei Bizkaiko kultura ondarearen ezkutuko alderdiak berriz ezagutzeko aukera eman nahi zaie eta etorkizunarekin bat egiteko ate nola bihurtzen den.

EGITARAUA

Urtean zehar

  • Kortak: kultura ondarea

    Data 2018ko uztailaren 13tik 2019ko urtarrilaren 6rarte

    Saroien sekretuak: gure mendietan dauden zirkulu perfektuak.

    Bizkaiko mendi mazeletan ezkutuan dagoen ondarea ezagutzeko erakusketa: saroiak edo kortak bazkalekuetatik hurbil zeuden lursailak ziren, artaldeen eta artzainen babesleku izaten zirenak. Antzinako antolabideak dira, oraindik ere paisaian ezagutu eta ikus daitezkeenak.

    Antolatzailea: Euskal Herria Museoa

    Email euskalherriamuseoa@bizkaia.eus

    Telefonoa 946 255 451

  • Jacquard ehungailua ezagutzen

    Data Hilabeteetako azken asteburuak

    Aukera bakan eta paregabea, ehungintzara iraultza ekarri zuen makina hurbiletik ezagutzeko.

    Hilabete bakoitzeko azken asteburuan, La Encartada lantegi museoko Jacquard alemaniar ehungailua garbitu eta sendotu behar dela baliatuta, asmakizun berezi hau hurbiletik eta era atseginean ezagutzeko aukera dugu, bai eta gure eguneroko bizimoduan erabiltzen dugun teknologiari nolako iraultza ekarri zion jakiteko ere.

    Antolatzailea: La Encartada Fabrika Museoa

    Email laencartada.gidari@bizkaia.eus

    Telefonoa 946 800 778

  • Soinu ondarea

    Lekua Maiatz, ekain eta irailean

    Kultura ondarearen soinua.

    Musika tresna hauek ezagututa, beren eraikitze konplexutasuna eta musika edertasuna miresteko modua izango dugu. Hain zuzen, edertasun hori zuzenean erakutsiko dute, errezitaldi labur baten eta zenbait azalpenen bidez.

    Antolatzailea: Diego de Amezua Bizkaiko organoaren lagunen elkartea

    Email soinuondarea@gmail.com

  • Industriaren aztarna, etorkizunaren arrastoa

    Lekua Apirilaren 28an, irailaren 29an eta azaroaren 17an

    Aukera ezin hobea, industria ondarearen etorkizunari buruz gogoeta egiteko.

    Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteko adituek lagunduta, eguneroko paisaiak, baina pitin bat ezezagunak, bisitatuko ditugu, etorkizunaren ikuspuntutik: Zorrotzako Muturra, Naval, Ilgner eraikina eta 1. Labe Garaia, besteak beste. Hain zuzen, horiek guztiek aukera emango digute ikusteko industria ondareak nola lotzen dituen orainean, iragana eta geroa.

    Antolatzailea: Industri Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartea

    Email actividades.avpiop@gmail.com

  • Paseoak Museoko lorategitik

    Data Maiatzaren 18an, uztailaren 18an eta irailaren 14an

    Urtaroekin eta botanikarekin lotutako paseoak Euskal Herria Museoan.

    Museo honetako lorategian paseoan ibiltzea –gaur egun Europako Herrien Parkea bihurtua– gure herrialdean dauden lau baso motetan barneratzea da. Bisita honetan esperientzia integrala bizitzeko aukera izango da, lorategiak ezin hobeto ezagutzen dituzten adituek lagunduta, kultura ondarea, historia eta botanika batuko baititu.

    Antolatzailea: Euskal Herria Museoa

    Email euskalherriamuseoa@bizkaia.eus

    Telefonoa 946 255 451

  • Ondare zaharberritua: Bizkaiko erretaulak

    Data Maiatzaren 26an, ekainaren 9an eta irailaren 8an

    Etorkizunerako kontserbatu.

    Hiru txango dira, gure lurraldeko erretaula ikaragarrienetako batzuk berraurkitzeko. Julen Zorrozua historialariak eta erretaula horiek zaharberritzen parte hartu zuten pertsonek lagunduta, erlijioko ondare gisa duten garrantzia eta beren balio artistiko, tekniko, material eta sinbolikoak ezagutzeko modua izango dugu.

    Antolatzailea: Bizkaikoa

    Email bizkaikoa.hedapena@bizkaia.eus

    Telefonoa 944 066 340 (8:00-15:00)

Apirila

  • Elkarlanean egindako zaharberritzea Meatzaritzaren Museoa Fundazioan

    Data Apirilean zehar

    Ondare ezezaguna eta boluntarioek berreskuratua.

    Aldi baterako erakusketa honetan Meatzaritzaren Museoko boluntarioek, Sopuertako San Viator Lanbide Heziketako ikastetxearekin batera, zaharberritutako piezetako batzuk erakusten dira. Egileek lagunduta, meatzaritzako ondareko piezetan esku hartzeak dituen zailtasunak ezagutzeko eta zaharberritzea lanerako aukera moduan kontuan hartzeko aukera izango dugu.

    Antolatzailea: Meatzaritzaren Museoa Fundazioan

    Email informacion@museominero.net

    Telefonoa 946 363 682

Maiatza

  • Loperen hezurrak

    Data Maiatzaren 12an

    Auzitegiko zientziaren bidez iragana ezagutzeko aukera.

    Jaiegun honetan –Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak El Pobaleko burdinolara eta Muñatonesko gaztelura egin zuen bisitaren oroitzapena egiteko jardunaldia–, Juan Manuel González Cembellín historialariak, Francisco Etxeberria auzitegiko medikuak eta Pedro Castaños paleontologoak ustez Lope Gartzia Salazarren gorpuzkinak aztertuko dituzte eta, hartara, nola egungo teknikek lagundu diezaguketen historia ezagutzean aurrera egiten erakutsiko digute.

    Antolatzailea: El Pobaleko Burdinola

    Email info@elpobal.com

    Telefonoa 629 271 516

  • Ibilbidea, meategiko galerietan

    Data Maiatzaren 13an

    Lurraren erraietako ondarea.

    Bizkaiak ondare ezin aberatsagoa du lurpean. Bisita honek garai bateko meatze batera sartzea ahalbidetuko digu (oso gutxik bizi dezaketen esperientzia), bizkaitar meatzarien lana ezagutzeko, baina baita gure lurraldeko ondare geologikoa ere.

    Antolatzaileak: Meatzaritzaren Museoa Fundazioa eta Burnia

    Email informacion@museominero.net

    Telefonoa 946 363 682

  • Ziortzako monasterioaz ezagutzen ez duzuna

    Data Maiatzaren 19an

    Bisita berezia Ziortza barne pribatuetara.

    Ez dugu beti izaten monasterio bateko gela edo barne guztietara sartzeko aukera. Simón Bolívar Museoak Ziortzako kolegio elizako sakristietara, hilerri pribatura eta lorategietara egingo den bisita berezi hau antolatu du. Halaber, sestan parte hatzeko aukera izango dugu, monasterioko komunitate honen eguneroko bizimodua ezagutzeko.

    Antolatzailea: Simón Bolívar Museoa

    Email info@simonbolivarmuseoa.com

    Telefonoa 946 164 114

  • Urpeko ondarea: Pobeña-Kobarongo kargategia

    Data Maiatzaren 27an

    Meatzaritzaren memoria berreskuratzea Muskizen.

    Itsasoko ondarean espezialista den Xabier Armendariz arkeologoak lagunduta, Pobeña-Kobarongo mea kargategira joango gara. Helburua izango da ezagutzea nola urpeko esplorazioak lagundu dezakeen kultura ondarea ezagutzen eta testuinguruan kokatzen.

    Antolatzailea: El Pobaleko Burdinola

    Email info@elpobal.com

    Telefonoa 629 271 516

Ekaina

  • Munoa, bizileku burgesa

    Data Ekainaren 3an

    Ezohiko bisita Munoa jauregiaren barnealdera.

    Gutxitan izaten dugu jauregi eta etxebizitzetako atarteetan, eskaileretan, geletan eta aretoetan ibiltzeko aukera. Bisita hauen bidez, zaharberritzeko lanak hasi aurretik jauregian sartu ahal izango gara, eta, hartara, aurreko mendeko Bilboko burgesiaren bizimodua bertatik bertara ezagutzeko modua izango dugu.

    Antolatzailea: Barakaldoko Udala

    Informazioa:
    Email ezagutubarakaldocihma@barakaldo.org

    Izen-ematea:
    Telefonoa Barakaldotik H.A.Z.: 010 eta Barakaldotik kanpo: 944 789 200

  • Euskaldunako ponpa-etxola

    Data Ekainaren 20an

    Euskaldunako dikeen 150. urteurrena.

    Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak bere ateetatik harago eramango gaitu, salbuespen gisa, ponpa-etxolaren barnealdea erakusteko, Euskalduna lantegiaren dikeen ondoan. Ateraldia osatzeko, bisita egingo da Elorrietako ponpatze sistemara, bi instalazio horietako teknologia ezagutu eta alderatzeko.

    Antolatzailea: Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

    Email info@museomaritimobilbao.org

    Telefonoa 946 085 500

Uztaila

  • Bisita ZAWP kultura eremua (Zorrotzaurre)

    Data Uztailaren 7an

    Etorkizuneko energia, eraikin industrial zahar batzuetarako

    Zorrotzaurren zer ari den gertatzen jakitea da asmoa, kulturako eta sorkuntzako industria berriak industria auzo honetako nabe zaharrak lehengoratzean izaten ari diren garrantzia. Bide diren espazioak, berrerabiltzearen bidez, iraganarekin konektatzen gaituztenak eta etorkizunean proiektatzen gaituztenak.

    Antolatzailea: ZAWP

    Email produccion@zawp.org

    Telefonoa 944 759 576

  • 100 urte arkeologia indusketak egiten Bizkaian

    Data Uztailaren 21ean

    Santimamiñetik Arkeologi Museora.

    Jardunaldi berezia egingo da, Santimamiñe haitzuloan indusketak egiten hasi izanaren oroitzapena egiteko. Juan Carlos López Quintana bertako zuzendariak lagunduta, Aztarnategia bisitatuko dugu eta gero Arkeologi Museora joango gara. Museoan, hain zuzen, haitzuloan indusketa arkeologikoak egiten emandako 100 urteetan berreskuratutako materialak ikusteko aukera izango dugu (eskuarki ikertzaileen esku baizik egoten ez diren materialak). Iluntzean, silexa nola lantzen zuten erakusteko saio bat egin ondotik, kontzertu batez gozatzeko aukera izango da, haitzuloaren ahoan.

    Antolatzailea: Santimamiñeko kobazuloak

    Email arkeologimuseoa@bizkaia.eus

    Telefonoa 944 651 657944 651 660

  • Muñatonesko azpijokoak

    Data Uztailaren 22an

    Etorkizunera proiektatzen diren iraganeko itzalak.

    Muñatonesko gazteluko eta El Pobaleko burdinolako historiako pertsonaia protagonistak hezurmamitu egingo dira egun horretan Kultura Ondarearen Europako Urte honetan lehenbiziko aldiz antzeztuko diren antzerki-bisita batzuen bidez. Dena den, errepikatzeko asmoa dago eta jarraipena izango dute etorkizunean.

    Antolatzailea: El Pobaleko Burdinola

    Email info@elpobal.com

    Telefonoa 629 271 516

  • Aitzindariak transbordadore-zubiak eraikitzen

    Data Uztailaren 28an

    Bizkaia Zubiaren 125. urteurrena.

    Transferentzia teknologikoak munduko beste toki batzuekin lotzen gaitu, eta, era berean, gure lurraldera etortzen diren bidaiariei Bilboko itsasadarrean ongietorria egiten dien ondare altxorraz neurri handiagoan jabetzeko balio digu. Transbordadore Zubien gaineko Nazioarteko Biltzar batean gai horiek jorratuko dituzte, Argentinan, Alemanian, Frantzian eta Britainia Handian iraun duten beste 7 adibideen esperientzien bidez.

    Antolatzailea: Bizkaia Zubia

    Email promocion@puente-colgante.com

    Telefonoa 944 801 012

Iraila

  • Gernikako arbolatik harago

    Data Iraila

    Zin egiteko ibilbidearen mugarriak ibiliko ditugu lehen aldiz.

    Kultura Ondarearen Europako Urtearen arira, hiru eguneko kultura ibilbide bat hasiko dugu, urteroko hitzordu bihurtu nahi duguna. Zehazki, gaztelar errege-erreginek Bilbo eta Bermeo artean foruen zina egiteko eta, hartara, Bizkaiko Jauntxo izateko aitortza lortzeko egin behar izaten zuten arrastoei jarraituko die ibilbideak.

    Antolatzailea: Bizkaikoa

    Email bizkaikoa.hedapena@bizkaia.eus

    Telefonoa 944 066 340 (8:00-15:00)

  • Goitisolo baserriko harrizko dolarea

    Data Irailaren 22an

    Denboran ia fosildu den mahastizaintzako tradizioa.

    Ibilbide hau eginda, mahatsondoen garai bateko aldaera batzuk, ustiatzeko metodo tradizionalak eta, Goitisolo baserriaren dolarearen aurrean, txakolina ekoizteko moduak ezagutuko ditugu. Mahastizaintzak baratzez, mahastiz eta mahatsaradiz edo parrapez bete du Bakioko paisaia, eta udalerriaren historia markatu du, oraintsukoa eta zaharragoa.

    Antolatzailea: Txakolingunea

    Email txakolingunea@bizkaia.eus

    Telefonoa 946 028 513

  • Bermeotar arrantzaleen itsas espezieak

    Data Irailaren 25ean

    Gure arrantzaleen ondare inmateriala

    Memoria ere kultura ondarearen zati da, iraganaren eta geroaren arteko bidea. Hori dela-eta, Kultura Ondarearen Europako Urte honetan, proiektu zoragarri bat abiaraziko dugu: bermeotar arrantzaleek itsasoko espezie desberdinei ematen zizkieten izenak berreskuratu eta ezagutzea.

    Antolatzailea: Arrantzaleen Museoa

    Email arrantzaleenmuseoa@bizkaia.eus

    Telefonoa 946 881 171

Urria

  • Ondarea, emakumeen emaria

    Data Urria

    Ondarearen Europako Jardunaldiak, lehenbiziko aldiz generoaren ikuspuntutik.

    Ondare ezkutu bat badago, ikusezin bihurtua, emakumeekin lotutakoa da. 2018 honetako Europako jardunaldien asmoa ondare hori berraurkitzea da, kultura ondasunen alderdi guztietatik (higigarriak, higiezinak edo immaterialak); Bizkaiko ondarea eraikitzean emakumeek izan duten betekizuna islatzen duten alderdietatik, hain zuzen.

    Antolatzailea: Bizkaikoa

    Email bizkaikoa.OEJ@bizkaia.eus

    Telefonoa 944 066 340 (8:00-15:00)

  • Ondarea paperean

    Data Urria

    Bibliografia eta dokumentu funtsen erakusketa.

    Erakusketa honen bidez, Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoaren eta Liburutegiaren funtsak erakutsi nahi dira, ondarearen alderditik, eta ez bakarrik informazio historikoaren euskarri moduan. Paperaren, tinten, tipografiaren, liburuak jostearen, kaligrafiaren balioa, ia ezezagun zaiguna, agerian geldituko da Ondare aretoan.

    Antolatzaileak: Foru Agiritegia eta Foru Liburutegia

    Email ondare.aretoa@bizkaia.eus

Azaroa

  • Euskaldunako lurrunontziak

    Data Azaroaren 20an

    Euskalduna enpresaren mugarri ezezagun eta ezohikoa.

    Kontu ezaguna da Euskalduna enpresak altzairuzko itsasontziak egiten zituela. Baina oso gutxik dakite bertan egurrezko sei lurrunontzi egin zituztela. Lehenari Euskadi izena jarri zioten, Bermeora joan zen eta Euskaldunara atoiontzi moduan itzuli zen. Txalupa honen kopia eraikitzeko 2019an hasiko den proiektua aurkeztuko dugu.

    Antolatzailea: Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa

    Email info@museomaritimobilbao.org

    Telefonoa 946 085 500

  • Meatzaritza Museoa, dohaitzen bidez

    Data Azaroaren 22an

    Museoaren funtsak hobeki ezagutzeko erakusketa.

    Museoetako bildumak ondareko piezak erostearen bidez eratzen dira, baina baita dohaitzen eta lagatzeen bidez ere. Eskuratzearen beste alderdi honen berri izateak bildumagile partikularrek ondareakontserbatu eta babestean duten garrantziaz hobeto ohartzen laguntzen digu.

    Antolatzailea: Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa

    Email informacion@museominero.net

    Telefonoa 946 363 682

Abendua

  • Kultura ondarea, etorkizuneko irakasgaia.

    Data Abendua

    Ondarearen betekizuna eta kulturarako eskubidea nabarmentzeko jardunaldia.

    UNESCO Etxearekin elkarlanean antolatutako mintegia da, kultura ondareak gizarteari eta herritarroi egiten dizkigun ekarpenak mahai gainean jarriko dituena.

    Antolatzailea: Bizkaiko Foru Aldundia

  • Arkeologia eta lurralde plangintzarako estrategiak XXI. menderako

    Data Abenduaren 12an

    Arkeologi Museoaren V. Mintegia..

    Kultura Ondarearen Europako Urtean, Arkeologi Museoak eztabaida bat jarri nahi du mahai gainean arkeologiak XXI. mendeko gizartean duen betekizunari buruz. Horretarako, lau hizlari gonbidatu dira, gai hauen gainean dituzten esperientziak eta hausnarketak aurkezteko: arkeologiak hirien plangintza egitean duen betekizuna, lurraldearen antolamenduan eta, azken batean, etorkizuneko kultura paisaiak sortzean.

    Antolatzailea: Arkeologi Museoa

    Email arkeologi.museoa@bizkaia.eus

    Telefonoa 944 040 990