angle-left Bisita itzazu Bizkaiko ibilbide historikoak uda honetan

Bisita itzazu Bizkaiko ibilbide historikoak uda honetan

Kultura

Bizkaiko Foru Aldundiaren “Ibilbide historikoak” programa lurraldean barrena hedatzen da. Zenbait bisita gidatu hartzen ditu barne, eta horiek ekainean, uztailean, abuztuan eta irailaren 21etik 23rako asteburuan egingo dira.

Aurten, hiru ibilbide historikok osatuko dute Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako programa.

Malmasingo ibilbide historikoak emango dio hasiera bisita-programari. Ibilbide hori ekainaren 2an abiatuko da, eta hilabete horretako asteburu guztietan egingo da, Basaurin eta Arrigorriagan. Ibilbide horretan, Finagako San Martin ermita, Malmasingo kastroa eta Abrisketako San Pedro ermita bisitatzeko aukera egongo da.

Bestalde, Urdaibaiko ibilbide historikoa delakoa uztailean eta abuztuan egingo da, eta, han, zenbait aditu izango dira, bisitatutako lekuen xehetasunen nahiz egindako ikerketen emaitzen berri emango dutenak. Ibilbide horretan, leku hauek bisitatuko dira: Foruko herrixka erromatarra, Tribisburuko nekropoli erromatarra, Katilotxuko estazio megalitikoa, Arrolako oppiduma-Arrolagunea eta Ereñozarreko gaztelua.

Azkenik, aurtengo nobedadea, Bizkaiko Errege Bidea, irailaren 21etik 23ra bitarteko asteburuan egin ahal izango da.

Interesa dutenek bisita gidatuak euskaraz zein gaztelaniaz egiteko aukera izango dute. Aldez aurretik eman behar da izena, talde txikitan egingo baitira bisitak. Interesa dutenek aldez aurretik erreserbatu beharko dute, 688 856 689 telefonora deituz, edo, bestela,  helbide elektronikora idatziz.

Bisita bakoitzaren prezioa aldatzen da ibilbide batetik bestera, eta pertsona bakoitzeko 3 eta 6,50 euro bitartekoa da.

Zure interesekoa izan daiteke ere bai